Sinbologia

iturria: http://www.hiru.com

Eguzki-lorea

Euskal Herriko sinbolo eta kondairen artean eguzki-lorea dago. Kardu Silvestrearen lore lehorra Carlina acaulis irudikatzen duen ikurra da.

Eguneko astroaren irudiaren errepresentazio gisa Euskal Herriko baserrietako atarietan jartzen den tradizio handiko sinboloa da, eta eguzkiaren funtzio mistiko berdina betetzen du.

Eguzki-lorea baserri baten teilatupean

(Argazkia: http://www.euskonews.com/)

Espiritu txarrak uxatzen dituela esan ohi da. Horrela sorginei, eta gaixotasunaren, ekaitzaren nahiz tximistaren jeinuei sarrera eragozten die. Beraz, garapenaren eta bakearen sinbolotzat ere har daiteke.

Ezaugarriak

Zurtoin zurruneko lore iraunkorra da, 20 zentimetroko altuerara murriztua. Ia lurrari itsatsita hazten da, eta ebakitako hosto-erroseta arantzatsuaren itxuran loratzen da. Gainera karduaren antzeko braktea zabal eta haragitsuak izaten ditu.

Errosetaren erdi-erdian une oro xarma eta freskotasuna mantentzen duen lore burua dago. Hau inguratzen duen 12 bat zentimetrotako zilar-koloreko disko zuria eguzkiaren distirarekin soilik irekitzen da. Bazter eguzkitsuetan, lugorrietan eta mendiko belardi harritsuetan hazten da.

Kondaira

Kondairak dioenaren arabera: duela milaka urte, gizakia lurra jendeztatzen hasi zenean, iluntasun handian murgilduta bizi ziren. Zezensuzkoaren itxuran lurraren erraietatik ateratzen ziren jeinuek, zaldi hegalariek, sorginek edo herensuge handiek gizakia izutzen zuten.

Etsita zeuden gizaki horiek etengabe Lurrari laguntza eskatzea erabaki zuten. Behin eta berriz eskatu zioten eta azkenean Lurrak esan zien:

-Semeok, laguntzeko esaten didazue eta hori egingo dut. Izaki argitsu bat sortuko dut eta Ilargi deituko diozue.

Horrela Lurrak Ilargia sortu zuen. Hasieran ikaratuta haitzuloetatik irten gabe egon baziren ere, pixkanaka, gizakia egoerara ohitzen joan zen. Baina beldurra jeinu eta sorginengana ere heldu zen, nahiz eta hauek ere ez zuten denbora askorik behar izan euren leizetatik irteteko.

Izuturik, berriz ere Lurrarengana jo zuen gizakiak, oraingoan botere sendoago baten bila. Honek izaki argitsuago baten sorrerarekin erantzun zien, Eguzkia izena jarri ziona. Horrela, Eguzkiak eguna irudikatuko zuen, eta Ilargiak, berriz, gaua.

Handia, argitsua eta beroa izan arren, gizakiak azkar ohitu ziren. Honen berotasunari eta argiari esker, loreak jaio ziren, eta jeinu eta sorginek ezin izan zuten egunaren argitasunera moldatu. Ordutik, gauez bakarrik ateratzeko gai izan ziren.

Gizakia berriz ere Lurrarengana joan zen laguntza eske, oraingoan gauerako babes eske, izan ere, gauez, leizeetatik jeinuak atera eta eraso egiten zieten. Orduan lurrak lore eder bat sortu zuen, eta hau ikustean, gaueko izakiek Eguzkia bera zela pentsatuko zuten. Hau da ¿Eguzki-lora¿.

Karduak atean zintzilik sorginak entretenitu eta barrura sartu ez daitezen

Erabilera

Euskal mitologian indar handiko ikurra da. Eguzkiaren sinboloa izateaz gainera, geure arbasoek espiritu txarrak uxatzeko erabiltzen zuten, eta hori dela eta, etxe askotan ikusten dugu oraindik orain eguzki-lore izeneko lore hau.

Euskal makila

Euskaldunon ohiko bastoiari deitzen zaio euskal bastoia edo makila. Garai batean defentsarako arma gisa erabiltzen zen. Animaliak ehizatzeko edo arrisku egoeretan defendatzeko baliabide egokia zen makila. Oraindik ere zenbait herritan honela erabiltzen dute. Baina denborak aurrera egin ahala, makila lanabes ere bihurtu zen. Abereak mugiarazteko erabiltzen da gaur maiz. Hala eta guztiz ere, baditu bestelako erabilerak ere: batetik ibiltarien laguna da eta bestetik, neurtzeko tresna bezala ere erabili izan ohi da. Gaur egun euskaldunon sinboloetako bat da.

Artzaina bere makilarekin artaldea gidatzen

Osagaiak

Mizpira egurraren bidez, egurraren gainean zuloak egin eta sortutako zaurien bidez, makila apaintzen da. Hala eta guztiz ere, mizpirondoen eskasia dela medio, askotan, honen ordez, gaztaindoa erabiltzen da. Euskal makilak, ordea, baditu bestelako zenbait elementu. Eskutokia da horietako bat, zenbaitetan, idien adarrez egina dagoena. Eztena, berriz, girtenaren azpian ezkutaturik egoten den altzairuzko osagaia da.

Txintxolak larruzko girtenari heltzen dio eta era berean, eskutokiari tope egiten dio. Txintxolan norberaren atsotitz edo esaerak jarri ohi dira, hau da, eskaintza bereziak. Makilaren Girtena, berriz, antxumearen larruaz estaliriko hodia da. Ohorezko makilak, ordea, zilarrezko girtena izaten du. Aurretik aipaturiko Mizpira egurra forma bereziz horniturik egoten da, izan ere, aurrez labanaz zauriak egiten zaizkio.

Normalean, makilaren behealdean beste txintxola bat ezartzen zaio egurrari. Azkenik, lurra ukitzen, altzairuzko punta bat jartzen zaio.

Prozesua

Euskal makila egiterako orduan, bi bideri jarraitu behar zaie. Batetik, egurra prestatu behar da. Makila sortu ahal izateko egurrari hainbat zauri egiten zaizkio azalean labana batez. Sendatzean, zuhaitzak berak isuritako izerdiak egurra forma ikusgarriz hornitzen du. Moztutako adar hori lantzen du gero artisauak. Ondoren tailerreko lana dator. Izan ere, egurra prestatu ondoren, egurrari zenbait elementu gehitu behar zaizkio lantegian. Makilak txintxola bat darama behealdean, eta goialdean, berriz, larruz estalitako hobi baten altzairuzko eztena dago. Osagai hauek ere artisauak eskuz landu behar izaten ditu.

Erabilpen praktikoa izan arren, egun makilak beste leku bat hartu du mundu osoan, eta euskal gizartean bereziki. Euskaldunon historian toki garrantzitsua bete du makilak, eta Euskal Herriko kulturan, hainbat joko, kanta eta erritoen protagonista bihurtu da. Euskaldunon laguntasunaren eta mirespenaren sinbolo bihurtu da. Euskal alkateek eta lehendakariek ere makilak jasotzen dituzte oraindik, euren agintearen seinale. Euskal Herrira etorri diren hainbat pertsona garrantzitsuk ere jaso du makila hemengo agintarien opari gisa.

kurriña

Ikurrinak ehun urte baino zertxobait gehixeago ditu. Hala ere, gainontzeko Europako banderekin aldenduta, nahiko historia laburra du, baina historia ezohikoa.

Historia

Luis eta Sabino Arana anaiek (Eusko Alderdi Jeltzalearen fundatzaileak) 1894. urtean sortu zuten ikurriña Nafarroako hiriburuko ¿Café Iruñan¿. Hondo zuri baten gainean San Andresen gurutze berdea irudikatu zuten. Hasiera batean, diseinatutako bandera guztien artean, Bizkaiko lurraldearekin bat zetorren hau, baina hiru hamarkaden ondoren, Ikurrina Euskal Autonomia ordezkatzera pasa eta Euskal Herriko sinbolo bilakatu zen.

Frankismoaren diktadura-garaian, ordea, Ikurrinaren agerraldia Espainian gogor jazarria izan zen eta Frankismoaren kontrako sinbolo bilakatu zen. Franko hil ostean ere, Ikurrinaren erakustaldiak zigortua izaten jarraitu zuen, nahiz eta pixkanaka, suspertzen joan. Horren adibide garbia da 1976ean, Realaren eta Athleticen artean jokatu zen partida, bi taldeetako kapitainak zelaira ikurriñarekin atera ziren unea, hain zuzen ere.

1977ko urtarrilaren 19an berriro ere honen erabilera baimendu zen, eta bi urte geroago, 1979an, Euskal Herriko Autonomia Estatutuaren 5. artikuluak Autonomia Erkidego honetako bandera ofizialtzat jo zuen.

Ezaugarri teknikoak

Ikurrina hitza, ikuriña grafiarekin, Aranaren sorkuntza izan zen, ikur neologismotik etorritako hitza, hain justu.

Euskadiko Autonomia Estatuarena den Abenduaren 18ko 3/1979 Lege Organikoak, Eusko Kontseilu Nagusiaren Aldizkari Ofizialean 1980ko urtarrilaren 12an argitaratua, eta Estatuaren Aldizkari Ofizialean 1979ko abenduaren 22an, 5. artikuluaren 1. idatzi-zatian dioenez, ¿Euskal Herriko ezaugarria ikurrin bigurutzeduna da: aspa berde bat, gurutze zuri bat gainean eta hondo gorriaz osatua ¿. Ikurrinaren definizio horrek dekretu bat du oinarri, hain zuzen ere, ¿Euzkadiko Bitarteko-Jaurlaritzaren Lehendakaritzak 1936ko urriaren 19an emandakoa, Euskadiko Agintaritzaren Egunerokoan 1936ko urriaren 28an argitaratua. Gaur egun arte mantendu den definizioa da. Behin betiko idazketak honela zioen:

Euzkadi’ko ikurriña, ondoz gorria izango da. Gainean, ertzetik ertzera bi zerrenda musker eta aldamen-erditik aldamen-erdira, gurutze zuri bat; Gurutze zuri hau gain-gainean dela. Neurrik, hauexek izan bitez: bost neurkin luze eta bi neurkin laurogei neurkin ehunen zabal den oihalari, 0,43 m. dituzten zerrendak dagozkio. Oihalaren arauz, neurri hauek gehitu edo txikitu daitezke noski.

Gaur egungo estandar teknikoetara egokitzen diren koloreak ahalik eta hoberen identifikatzeko, eta banderen neurrien erreferentzia argiagoak ezartzeko, bidezkoa da ikurriñari buruz atal berezi bat irekitzea Erakunde-Nortasunaren Eskuliburu honetan, beti ere hasieratik onartutako ezaugarriak funtsean errespetatuz. Horrela, koloreak honela erabiliko dira: gorrirako Pantone 485 C (%100 magenta eta %100 horia) eta berderako Pantone 347C (%100 horia)

Neurriei dagokienez, hasierakoei eusten zaie. Ikurrina laukizuzen bat da, eta bere garaiera oinarriaren luzeraren %56koa da; aspa eta gurutzea osatzen duten zerrendek zabalera bera dute, alegia, oinarriaren zabalera osoaren %8,6a.

Esanahia

Sabino Aranak Ikurrina sortu zuenean Bizkaia, independentzia eta Jainkoaren esanahia eman nahi izan zion, beraz, kolore gorriak Bizkaia ordezkatzen du, edota, kasu honetan, Euskadi. Bestalde, San Andresen kolore berdeak Euskal Herriko independentzia irudikatzen du eta baita Gernikako haritza ere, euskal askatasunaren sinboloa. Erdi Aroan, Padura izeneko tokian, euskaldunen eta espainiarren arteko guda izan zela diote. Bertako harriak odolez busti ziren, eta egun hartatik aurrera Arrigorria izena hartu du. Nahiz eta ez jakin guda hori historikoa edo kondairazkoa izan, San Andresko gurutzea ia beti erabili izan da euskal banderetarako. Azkenik gurutze zuriak Jainkoa irudikatzen du.

Egungo erabilera

Euskal Autonomia Erkidegoan legez onartuak dauden banderak, bertakoa, lurralde historikokoa, Ikurrina, espainiarra eta europarra dira, nahiz eta Bizkaian eta Gipuzkoan, gehienbat bertakoak eta ikurriñak hartu protagonismoa. Egun, Euskal Herriko alderdi politiko guztiek, eta munduan zehar dauden euskal etxeek erabiltzen dute Ikurrina.

Euskal gizarteko zenbait sektore ez-nazionalistak ere bandera honekin identifikatuak sentitzen dira.

Ikurrina Tolosako Udaletxean zintzilik

Nafarroaren eta Iparraldearen kasua bestelakoa da, izan ere, bere erabilera ez da ofiziala, eta batez ere, euskal mugimenduek erabiltzen dute. Gune hauetan euskal hiztunen ikuspegi kulturalean eta euskal nazionalisten eremu politikoan erabiltzen dute batik bat. Nafarroan legeak Ikurrinaren erabilera debekatu egiten du, eta aldiz Iparraldean asko erabiltzen dute eta ez dago Ikurrinaren erabilera arautzen duen inongo legerik. Horregatik, ez da harritzekoa Baiona, Donibane Lohitzune edo Sarako udaletxeetan balkoitik zintzilik ikustea.

Lauburua

Lauburua beso kurboak dituen gurutze bat da, azken urteotan sinbolo modura oso modan jarri dena. Kutxatan, armairuetan, ateburuetan, hilobietan, hilerrietan, zenotafioetan, lepokoetan urre zein zilarrean, etab. ikus ditzakegu gaur egun.

Gamma-gurutzedun forma geometrikoan oinarritzen den antzinako ikurra da. Kultura askotan komuna da sinbolo hau, hasi Ekialde Urrunean, Tibet eta Europa osoa zeharkatu, bai Finlandia, Austria, Frantzia, Alemania, Portugal eta baita Ameriketako Estatu Batuak, eta Ozeano Bareko uharteetaraino.

Jatorria

Lauburua, berez, svastika edo gurutze grekoaren aldaera bat da. Budisten gurtzetarako tenpluetan, persiar monumentuetan edo txanpon indiarretan dauden gamma-gurutzearen itxurako gaia da svastika. Emakumezko greziarren irudietan ere svastika txikiak antzeman daitezke. Bestalde, kultura indiarrean Ghanesa irudikatzen du, jainkotasunaren ezagutza, hain zuzen ere. Txinan, hamar mila zenbakia izateaz gainera, Fanga irudikatzeko era grafikoa da, lurra eta lau puntu kardinalak, alegia. Zeltiarrek ere erabili zuten, eta baita etruriarrek, erromatarrek, naziek eta kristauek ere.

Irudi horien hedapena planetako kultura guztietan horren handia da, bere jatorria zehaztea oso zaila dela. Honen abiapuntu komuna ikusita gizateriari dagokiola soilik esan daiteke. Svastika, beste zenbait ikur magikoren antzera, zirkuluan dago marraztuta.

Euskaldunak eta lauburua

Gaur egungo lauburua baino lehen, euskaldunek beste ikur batzuk ezagutu zituzten. Baina aipaturiko ikur horiek geldirik zegoen eguzkia irudikatzen zuten bitartean, lauburuak eguzkia mugimenduan ematen zuen aditzera. Eguzki horrek gaizkiaren kontrako ahalmena zuela esaten zen.

Kondairak dioenez: Otsok, Herensugearen eta Lamien botere ilunaren aurka, Mariren indarrez beteriko medailoi gisa erabiltzen zuen lauburua. Svastika zuzen eta kurbatuak ez dira Euskal Herrikoak soilik, izan ere, hemen esku biribilduriko svastika lerromakurra nagusitzen da, lau xaflako hirusta baten antza duena.

Esanahia

Euskaldunek aspaldidanik jo dute lauburua eguzkiaren ikur nagusitzat. Lauburuak, izenak berak dioen bezala, ¿lau buru¿ esan nahi du. Buru bertikalek emakumearen adierazpenak irudikatzen dituzte (sentikortasuna eta pertzepziokoa), edo sua eta ura osagaiak. Aldiz, buru horizontalek gizonezkoen energia adierazten du (bai mentala eta baita fisikoa ere), edo airea eta lurra.

Erabilera

Lauburu hau zenbaitetan sua egiteko historiaurreko kutuna zen, eta su sakratua eta energia produktiboa irudikatzen zuen, hau da, babeserako ikur gisa erabiltzen zen gar bizia. Oro har, artzaintzan erabiltzen zen otsoen kontrako suaren sinbolo gisa. Gaur egun sarri erabiltzen da “euskalduntasuna” adierazteko, balio kulturala baitu, ez politikoa. Askotan agertzen da “euskal” jatorriko produktu eta dekorazioan.

Gernikako Arbola

Gernikako Arbola Gernikako udalerriko (Bizkaia) Batzar Etxearen aurrean kokatuta dagoen haritza da, eta zalantzarik gabe euskal sinbolo unibertsalena da. Bizkaiko eta bizkaitarren askatasun tradizionalak irudikatzen ditu, eta izan duen hedapenaren ondorioz, baita euskaldunona ere.

Historia

Foruak indargabetu zirenean, Bizkaiko Jaurerriak zin egin zuen Bizkaiko lurraldearen askatasunak haritz honen azpian errespetatzea. Bertan egin ziren Bizkaiko Jaurerrien lehendabiziko batzarrak, eta denborarekin, herri baten eta erakundeen iraunkortasunaren sinbolo bilakatu zen.

Tradizioak, XIV. mendea, ezagutzen den zuhaitzik zaharrenaren sorrerarekin lotzen du, ¿Arbola aita¿ izenez ezagutzen dena. 1742an arbola hori hil eta bere lekua ¿Arbola zaharrak¿ hartu zuen. Gaur egun, Gernikako Batzar Etxearen barrunbean zuhaitz honen enborra ikus daiteke. Hala ere, 1862an hau ere hil egin zen, eta honen lekua Arbola semeak hartu zuen. 2004ko apirilaren 20an hilda azaldu zen, eta honen seme batek ordezkatu zuen. Gaur egun azken honen zutik dirau.

Gernikatik haratago

Gernikako Arbola Bizkaiko marko geografikoan ezagutzera eman zen Euskal Herriko erreferentzia puntu bihurtzeko. Gainera euskal diaspora osora zabaldu diren arbola ugari sortu dira haritz honetatik. Geure iragana orainaldiarekin elkartzen duen elementua da, eta egun lehendakarien eta Bizkaiko ahaldun nagusien jabetzen eta juramentuen ekitaldietara dago zuzendua.

Bestelako esanahiak

Gernikako Arbola Bizkaiko armarriaren ikur nagusitzat jotzen da, izan ere, honen irudia lurralde historiko honen armarri ofizialean antzeman daiteke.

Gainera, Euskal Herri osoan ezaguna den kantu baten izenburua ere bada, Gernikako Arbola, 1820an Urretxun (Gipuzkoa) jaiotako J.M Iparragirrek, gerra karlisten garaikideak, hain zuzen ere, bere abesti batean islatu zuen ikur honen garrantzia. Honako hau da kantuaren hitza:

Gernikako arbola
da bedeinkatua
Euskaldunen artean
guztiz maitatua.
Eman ta zabal zazu
munduan frutua
adoratzen zaitugu
arbola santua.

Mila urte inguru da esaten dutela
Jainkoan jarri zuela
Gernikako arbola.
Zaude bada zutikan
orain da denbora
eroritzen bazera
arras galdu gera

Ez zera eroriko,
arbola maitea
baldin portatzen bada
Bizkaiko Juntia.
Laurok hartuko degu
pakian bizi dedin
euskaldun jendia.

Betiko bizi dedin
Jaunari eskatzeko
jarri gaitezen danok
laister belauniko.
Eta bihotzetikan
eskatu ezkero
arbola biziko da
orain eta gero.

Arbola botatzia
dutena pentsatu
denak badakigu.
Ea bada jendia
denbora orain degu
erori gabetanik
eduki behar degu.

Beti egongo zera
uda berrikoa
lore aintzinetako
mantxa gabekoa.
Erruki zaite bada
bihotz gurekoa
denbora galdu gabe
emanik frutua

Arbolak erantzun du
kontuz bizitzeko
eta bihotzetikan
Jaunari eskatzeko,
gerrarik nahi ez degu
pakea betiko,
gure lege zuzenak
hemen maitatzeko.

Erregutu diogun
Jaungoiko Jaunari
pakea emateko
orain eta beti.
Baita indarra ere
zerorren lurrari
Euskal Herriari.

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out / Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out / Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out / Aldatu )

Google+ photo

You are commenting using your Google+ account. Log Out / Aldatu )

Connecting to %s




%d bloggers like this: