euskal kultura

iturria: http://www.hiru.com

Mitología

Mitoek zuzeneko erlazioa dute gizarte jakin baten herentzia komuna osatzen duten obratzeko, pentsatzeko eta sentitzeko moduekin; herentzia honek zeinu bereizgarriak eta berezitasunak transmititzen ditu belaunaldiz belaunaldi.

Mitoen existentzia berez dago lotuta antzinatasun eta tradizioekin, besteak beste, eta horiek erakusten dute euskal mitologiak zer-nolako garrantzia duen, ikuspegi historiko eta kulturaletik begiratuta, gurea bezalako herri berezi batean, alegia, Europako zaharrena izanik bere sustraietan nortasun propioaren bila gogotik saiatuz dabilen herri batean.

Jose Migel Barandiaranek honakoa esan zuen: “Iberia, Gallia, Lazio eta Goi-iparreko herrien ipui-bildumetan, gure ipui edota istorio herrikoien antzeko asko aurkituko ditugu”. Baina “honek ez du gutxitzen eusko mitolojiaren bereiztasunik. Ez degu aaztu behar bereiztasuna ez dela norbaitek zerbait bere izatetik ateratzea, guztien gauzei ikutu berezi bat ematea baizik”. ( Obras Completas , I. alea, 14)

Pertsonaia mitologikoak

Mari

Jainkosa da Mari, lurpeko bizilekuetan egon ohi dena, eta bere-bereak diren egiteko batzuk izateaz gainera, Euskal Herriko beste pertsonaia mitiko batzuenak ere baditu. Lurpekoen eta beste jainkoen buru da Mari. Horrela, bada, Eguzkiaren eta Ilargiaren ama den Lurra, eta bi horien ikustaldia egunero izan ohi duen Lurra, Mariren eta bere ireltxu laguntzaileen etxebizitza ere bada.

Soineko apainez jantzitako andre bezala aurkezten da askotan Mari Durangoko istorio batzuetan; eskuetan urrezko jauregi bat duela azaltzen da bertan. Soineko apaindun emakume bezala agertzen da Elosua, Azpeitia, Begoña, Errenteria, Zegama, Azkaine eta Leskun herrietako istorioetan. Azkeneko herri horretan, gona gorriz jantzita azaltzen dela diote.

Mari lau zaldik daramaten gurdi batean eserita azaltzen da Amezketan; txinpartak darizkion emakume bat bezala ere ikusi dute Zaldibian; sugarrez inguratuta, airean doan emakume baten moduan Bedoñan; sua dariola, batzuetan txinga bat eta beste batzuetan kateak daramatzala Errezilen; ahari baten gainean eserita doan andrea bailitzan Zegaman eta Oñatin; hegazti oinak dituen emakume gisa Garagartzan; akerraren irudikoa Baztanen; zaldiarena Aranon…

Herri-esaeretan hainbeste eratara azaltzen bada ere, gauza batean bat datoz denak: emakumezko ireltxua dela Mari.

Marik abere irudiak hartzen ditu gehienetan lurpeko bizilekuetan, emakumearena lur gainean eta suzko igitai batena zeruan zehar doanean. Beraz, Marik eta bere mendekoek abereen irudiak (zezen, aker, zekor, gorri, zaldi, suge, putre eta abarren irudiak) hartzen dituzte, lurpeko munduari dagozkion herri-esaeren arabera; oraindik ulertzen ez dituen fenomenoen eragiletzat jotzen ditu herriak Mari eta bere mendeko jainko-jainkosak.

Mariren bizilekuak

Lurpean du Marik bere ohiko bizilekua. Baina lurpe horrek baditu bere bideak lurrazalera ateratzeko: leize-zuloak. Hori dela eta, Mari sarriago agertzen da leku horietan besteetan baino. Ondorioz, askok oraindik gogoan dituzten agerpenen leku dira leize batzuk, besteak beste, hauek: Baltzola (Dima), Supelaur (Orozko), Anboto, Atxorrotx (Eskoriatza), Zaldiaran, Aketegi, Gaiztozulo (Aloña), Lezia (Sara), Marixilo (Biriatu)…

Marik bizilekua aldatzen du: zazpi urte Anboton igarotzen ditu, zazpi Oizen eta zazpi Mugarran. Amezketako esaeren arabera, bolada batzuk Aralarren ematen ditu, beste batzuk Aizkorrin eta besteak Murumendin.

Mariren familia

Euskal Herriko mito askotan, lurpeko munduan bizi diren jainko eta irelu guztien buru da Mari. Azkoitiko istorio batean, Maju izeneko senar bat duela esaten da, Mariren antzera azaltzen dena. Biok elkarrekin topo egiten dutenean, euri eta kazkabar ekaitz beldurgarria sortzen dute. Goierrin Sugar esaten dioten jainkoa da Maju. Pertsonaia hau, halere, ez da asko azaltzen euskal mitologian.

Baltzolako leizeko “sugaarren” izena da Sugoi. Mariren garaiarekin estu-estu lotutako jainko edo ireluetako bat da. Bere izenaren esanahiak eta bere egitekoek Sugaar edo Maju Mariren senarraren antzeko egiten dute. Beste alderdi batzuek Mikelats eta Atarrabi Mariren seme eta Axularren lagunen tankera ematen diote.

Badira Mariren bi alaba aipatzen dituzten istorioak; beste batzuek bakarra aipatzen dute. Hainbat istoriotan, baina, bi seme aipatzen dituzte: Atarrabi eta Mikelats. Atarrabi seme ona da; Mikelats, berriz, gaiztoa.

Istorio batzuek, lekuen arabera, ez dute Mari jainko bat bakarra bezala aurkezten, ahizpa batzuk bezala baizik.

Mariren menpeko

Lurpeko bizilekuan ezin konta ahalako irelu mirabeak izateaz gainera, batzuetan gazte mendeko bat izaten du aldamenean. Mendekoak ere Mari du izena. Hainbat arrazoirengatik erori zen mendetasun horretan. Batzuetan, amaren agintzari edo konpromiso bat betetzeko. Beste batzuetan, ama baten madarikazioaren ondorioa izaten da egoera hori. Istorio batzuetan, berriz, ez da azaltzen ez madarikaziorik ez agintzarik. Bere leizera hurbiltzen den neskato batez jabetu egiten da, besterik gabe.

Mariren bereizgarriak eta egitekoak

Oñatin eta Aretxabaletan diotenez, Mari Anboton dagoenean, euria erruz egiten du; Aloñan dagoenean, lehorte iraunkorra. Orozkon esaten da Mari Supelaurren dagoenean uzta ugaria jasotzen dutela.

Marik ekaitzak sortzen ditu. Oiartzunen esaten dute Aralarren eta Trinidamendin prestatzen dituela. Zegaman eta Goierriko beste herri batzuetan uste da ekaitzak Aketegiko leizetik edo Murumendikotik botatzen dituela. Halaber, ekaitz-haizeak Maimurko zubiaren ondoko putzu batetik atera ohi ditu, Leitzan esaten dutenez. Arabako herri askotan uste dute horrelako haize eta lainoak Okinako leizetik ateratzen direla. Tolosan esan ohi da ekaitza denean Mari zaldi-gurdi batean eserita igarotzen dela zeruan barrena, lainoak zuzentzen. Irelu hau ikuste hutsak ekaitza hurbil dela adierazten du.

Marik beragan sinisten dutenen fedea saritzen du eta harrera ona egiten die beragana aholku bila doazenei. Norbaitek hiru aldiz jarraian deitzen badio, “Aketegiko dama” esanez, haren gainean jartzen da bera; hori uste dute, behintzat, Zegama aldean.

Mariren gurtza

Mariri urtero opari bat egiten dionak ez du ikusiko bere uztaren gainera harri-jasarik erortzen (Kortezubi). Ahari bat bere leizera eramatea da, zalantzarik gabe, egin dakiokeen oparirik onena. Abere hori azaltzen da istorio askotan Mariren maiteena bezala.

Mari edo lurpeko jainkotxoen omenezko erritua zen, orain dela gutxi arte, Ataunen eta Nafarroako herri batzuetan gordetzen zen ohitura, harriak botatzekoa, “Au iretzat eta ni Jainkoarentzat” hitzak esanez.

Putzu sakratu batera harriak botatzea ere beste erritu bat da; Uxueko Ama Birjina edo bere irudia agertu zen lekutik hurbil dagoen putzuan harriak botatzen dituzte semeak izan nahi dituzten emakumeek. Gauza bera egiten dute Xabierko gazteluaren ondoan dagoen batean.

Garai batean, Urkiolara, Arantzazura eta Aralarko San Migelera zihoazen erromesek harriak eramaten zituzten, eta hango elizaren hormetan uzten zituzten. Ohitura horrek oraindik jarraitzen du Arruazutik eta Azkaratetik San Migelera igotzen diren erromesen artean.

Leizeetan bizi diren ireluei txanponak botatzeko ohitura oso zabala zen kristautasuna baino lehen. Sagatigorri, Solacueva eta Cavaraida kobetan zegoen ohitura hori, eta txanpon iberikoak botatzen zituzten Usategin (Ataun).

Euskal Herriko beste leku batzuetan ere egiten da horrelako zerbait, leizeetan baino kanpoan egin arren. Horrela, Aralarren, artzain batek ardi bat galtzen duenean, eskupeko bat eskaintzen dio San Migeli, eta “Amabirjiña-arri” izeneko harkaitzaren gainean jartzen du.

Bizitzako egitaraua

Pertsonak errespetatzea nahi du Marik, elkarri laguntzea eta emandako hitza betetzea. Gezurra, lapurreta, handikeria eta harrokeria gaitzetsi egiten ditu, eta gezur zein lapurreten bidez lortutako irabaziak kendu egiten dizkie gaizkileei.

Inork ez du sartu behar Mariren etxean honen deirik edo baimenik gabe, ezta handik ezer hartu ere. Halaber, hutsegiteak zigortzen ditu, gaizkileei barruko kezkak sortuz eta errudunei zerbait kenduz.

Marirengan hainbat gai mitologikok egiten dute bat eta, haren ezaugarri batzuei so eginda (lurreko indarrak eta lur azpiko zenbait iratxo kontrolatzen ditu, eta agente eta fenomeno teluriko askorekin identifikatzen dute), Ama Lurraren ikurtzat har daiteke.

Ondorengo leizeetan agertzen da Mari: Muru, Aketegi, Anboto, Agamunda, Larrunari, Putterri, Zaldiaran, Lezia, Otsibarre…

Basajaun

Basajauna basoen barrenean edo leize garaietan bizi den irelu edo numen bat da. “Basoko jauna” edo “jaun basatia” esan nahi du. Altua da eta gizakiaren itxurako gorputza du, baina ilez estalita. Ile hori belaunetara heltzen zaio, aurpegia, bularra eta sabela estaltzen dizkio. Hanka bat gizakien modukoa dauka; bestea, berriz, oin-zola biribilekoa da.

Artaldeak zaindu eta babesten ditu Basajaunek. Ekaitza datorrenean artzainek artaldea batu dezaten garrasi egiten du. Otsoei ere ez die uzten inguratzen. Ardiek, denek batera, zintzarriak astintzen dituzte Basajauna sumatzen dutenean eta, horrela, artzainek badakite lasai egon daitezkeela, gau edo egun horretan otsoa ez delako joango abereengana.

Leku batzuetan, Basajauna izaki gaizto eta maltzur moduan aurkezten dute, indar handia eta aparteko bizitasuna duena.

Herri-kondaira batzuen arabera, Basajauna lehen nekazaria, lehen errementaria edo lehen errotaria da. Gizakiek, amarruak erabilita, gariaren lehen hazia ostu zioten  eta hori lantzen ikasi zuten. Hainbat sekretu gehiago ere lapurtu zioten; zerra, errota baten ardatza eta metalak nola soldatzen ziren, besteak beste.

Basajaunek garia landatzen zuten Ataunen, Muskia mendian. Behin batean, gizon ausart bat, San Martiniko, Basajaunei bisita egitera joan zen gari-haziak lapurtzeko asmoarekin. Oinetako zabalak jarrita joan zen eta apustu bat egin zien Basajaunei: jauzi batean eta gari-ale bat ere ukitu gabe, ea nork errazago egiten zuen jauzi gari pilaren gainetik. Basajaunek erraz pasatu zuten, baina San Martiniko pilaren erdi-erdian erori zen eta bere abarkak gariz bete zitzaizkion. Orduan, Basajaunei agur esan zioten eta mendian behera joan zen. Gari-aleak ostu zituela konturatu zirenean aizkora bat bota zioten gelditu nahian; aizkorak, ordea, ez zuen Martiniko harrapatu.

Gizakiek bazuten hazia, baina ez zekiten noiz landatu behar zen. Maritiniko berriz itzuli zen leizera eta kanta bat abesten entzun zituen: “Gizonek abesti hau balekite, berataz ondo balia zitezkeen: hostoa erortzean, erein bedi garia; San Lorentzotan erein bedi arbia”. San Martinikok garia erein zuen udazkenean eta lehen uzta jaso zuen udan. Horrela, gariaren laborantza eta ogia jatea mundu guztian hedatu ziren.

Beste azpijoko bati esker, zerra egiteko sekretua kendu zion San Martinikok Basajaunari. Kondairak dioenez, Oiartzunen gertatu zen. Basajaunek zerrak egiten zituzten, baina San Martinikok ez zekien nola egiten ziren. Hori jakiteko bere morroia bidali zuen nagusiak zerra egin zuela iragartzera. Basajaunak jakin zuenean zera galdetu zion: “Zure nagusiak ikusi ahal du, bada, gaztaina-hostoa?”. Morroiak, orduan, zera erantzun zion: “Ez du ikusi, baina ikusiko du”. San Martinikok gaztainaren hosto horzduna aztertu eta, bere erara, burdin orri bat landu zuen. Gauean, Basajauna San Martinikoren errementeriara joan en eta zerra-hortzetako batzuk (bat bai eta hurrengoa ez) okertu zizkion, erabili ezinik uzteko asmoz. Baina kontrako emaitza izan zuen: erreminta hobetu zuen. Ordutik, zerraren erabilera mundu guztian hedatu zen.

Modu berean jakin zuen San Martinikok, Kortezubin, Basajaunak nola eransten zituen burdin zati bi. Hori nola egiten zen asmatu zuela iragartzeko agindu zion pregoilari, eta, hori entzunda, Basajaunak zera galdetu zion: “San Martinikok buztin-urarekin zipriztindu al ditu bi zatiak?”. Eta pregoilariak “ez du egin, baina egingo du” esan zion. Horrela, burdinak soldatzea lortu zuen eta teknika munduan zehar zabaldu zen.

Saran, berriz, San Martinikoren errota haritzezkoa zen eta, Basajaunaren errotarekin alderatuz, ez zuen asko irauten. San Martinikok Basajaunaren errota nolakoa zen jakin nahi zuen. Oraingoan ere trikimailu bera erabili zuen hori jakiteko: bere errota oso ondo zebilela iragarri zuen. “Horrek esan nahi du haltzezko ardatza jarri diola?”, galdetu zuen Basajaunek. “Jarriko dio”, erantzun zion pregoilariak. Ordutik, gizakiak errotak erabili ahal izan ditu mundu guztian.

Basandere

Basanderek “andre basatia” edo “basoko andrea” esan nahi du. Ipuinetan, batzuetan, basajaunen andre bezala ageri da. Ezpeleta aldean esaten da, Mondarraingo gailurrean, aspaldiko siniste baten arabera, dagoen leize baten sarreran agertzen zela Basandere. Han, urrezko orraziaz orrazten zuen bere ilea.

Itsasuko artzain batek orrazia lapurtu zuen eta ihesi joan zen. Basanderek jarraitu zion eta ia heldu zionean, eguzkiaren lehenengo izpiak iristen ziren une berean, artzaomal harkaitz bat ukitu zuent. Orduan Basandereki ondorengoa esan zion artzainari: “eskerrak emazkiok eguzkiari”; eta bere Mondarraingo kobara joan zen.

Mendibetik Irati mendira doan bidean Salbatore ermita dago. Inguruko herrietatik jende asko igotzen da hara, erromes, batez ere Korpus Kristi egunez. Ermita horri buruz badira hainbat legenda.

Horietako batek Salbatoren aurkitzen den argimutil zahar bat aipatzen du. Galharbeko-potxako koban bizi zen Basandereak, Basajaunek lapurtutako argimutila zuen. Lohiberria (Mendibe) baserriko gazte batek, lapurtutako zutargia ikusi zuen eguzkitara, Basandere bere ilea urrezko orraziaz orrazten ari zen bitartean.

Artzain gazteak behin eta berriz eskatu zion argimutila Basandereri eta honek, azkenean, eman zion. Mutilak Salbatoreren ermitara zeramakien zutargia eta Basanderek hori ikustean, jarraika,a oihuka hasi zitzaion. Mendi gailurrean zegoen Basajaun, eta hura ere gaztearen atzetik abiatu zen, gertatutakoa ikustean.

Gazteak, ordurako Salbatoretik hurbil, garrasika ondorengoa esan zuen: Jondoni Salbatore, zuretzat nuen, othoi urrikal zakizkit! . Berehala entzun zen Salbatoreko kanpai-hotsa eta Basandere eta Basajaun bertan gelditu ziren. Basajaunek hala esan zuen oihu handiz: Kanpai madarikatu horrek lagundu dik; baino baraurik harrapatzen hauten egunean, hik ordainduko didak .

Handik egun batzuetara, Lohibarriko artzain gaztea mendira abiatu zen baraurik, eguna garia jotzen igaro ondoren. Basajaun bidera atera zitzaion eta artzainari haren hitzak etorri zitzaizkion gogora. Mehatxua ez betezeko, eskua burura eraman eta ile artean gari ale batzuk aurkitu zituen, ahoan sartu eta era horretan hautsi zuen baraua. Jesus batean ezkutatu zen Basajaun.

Argimutilak Salbatoreko ermitan jarraitzen du oraindik. Handik gertuko Mendibetarrek bere herrira eraman nahi izan dute, baina sekulan ez dute lortu Haritz-Kurutxetako muinotik harantzago eramatea.

Behigorri

Euskal Herriko herri batzuetan uste dutenez, bada behi gorri baten itxurarekin agertzen den iratxo edo irelu bat. Normalean haitzulo eta leize-zuloetan bizi da, baina batzuetan lurrazalera ateratzen da. Sara, Amezketa eta Mutriku herrietako kontakizunek aipatzen dutenez, noizean behin, etxera eramateko berarengana hurbildu diren pertsonak bahitu ditu abere itxurako irelu horrek.

Amezketan kontatzen dutenez, Irabi baserriko neskato bat Aralar mendira igo zen, han larratzen zebilen behi bat bere etxera eramateko asmotan. Bertan zegoela, behi gorri bat ikusi zuen eta, berea zelakoan, hurbildu eta isatsetik heldu zion. Behia korrika hasi zen eta berarekin eraman zuen neskatoa Aralarren dagoen Marizulo leizera (Mariren kobazuloa). Geroago, Marizulon ikusi zuten neska eta, haren ondoan, leku horretako lasaitasuna gordetzen zuen txakur gorri bat zegoen.

Etsai

Etsai hitzak deabrua, eta arerioa esan nahi du; Lezia (Saran) eta Akelarren-leze (Zugarramurdin) kobatan irakasle lanak egiten dituen irelu bat ere bada. Lurpeko irelu honi Iraunsuge ere deitu izan diote.

Uste denez, Sarako Lezia izeneko koban zuen bere eskola, aspaldi batean. Han erakusten zituen, epe laburrean, jakintzak, arteak eta literatura, Salamanca eta beste lekuetako unibertsitateei itzala eginez. Han ikasi zuten Axularrek, bere anaiak eta beste lagun batzuek.

Ikaskuntzaren eta ostatuaren ordainetan bere ikasleei, ikaskuntzen bukaeran, eskatzen ziena, ondorengoa zen: ikasleetako bat, txot-ala-motx egindakoan hala ateratzen zitzaiona, haren gatibu gelditzea betirako; han aurkezten zaizkien makiletatik handiena ateratzen duenak irabazten du joko horretan.

Etsai, Euskal Herriko istorio askotan azaltzen da behin eta berriz, beste kontu batzuekin nahastuta bada ere. Hona hemen Atarrabiren istorioa: Ordiziako esaeran, Marimundiko seme ona zen Atarrabi. Bere anai gazteago batekin, Etsai edo deabruaren eskolan egin zituen bere ikasketak. Ikasturteak bukatzean, ikasleetako batek deabruaren morroi gelditu behar zuen betirako. Zozketa egin ondoren, Atarrabiren anaiari atera zitzaion deabruarekin gelditzea. Baino Atarrabi bere anaiaz errukitu eta bera gelditu zen infernuko maisuaren morroi.

Axular

Istorio hau era askotara azaltzen da. Axularren inguruan sortu den kontaerak baditu azpimarratzea merezi duen zehaztasun batzuk. Etsai iratxoak eskola bat jarri zuen Zugarramurdiko koban eta hara joan ziren ikastera D.Juan, Ondarrabio, Arruit eta Axular, beste batzuekin batera. Ikasketen bukaeran eskatzen zien zerga, ikasleetako bat bizitza guztirako harekin gelditzea zen. Axularren anai bati atera zitzaion zozketan Etsai deabruaren mende gelditu beharra, baina Axularrek, anaiaz errukituta, bera geratzea erabaki zuen.

Han amaierarik ez zuen lan bat egitera behartu zuen deabruak eta ihes egiten ahalegindu zen. Axularrek kobaren sarreratik oin bat atera zuen bezain laster ikusi zuen deabruak eta burdinazko kako bat bota zion. Axular ia-ia kanpoan aurkitzen zen, baino kakoak orpotik eta itzaletik heldu zion iheslariari; horiek ez baitziren irten oraindik deabruaren menpetik. Hala, Axularrek lortu zuen bere askatasuna; baino itzalik eta bere oin bateko orporik gabe gelditu zen.

Deabrua ez zegoen kontentu Axularren orpo eta itzalarekin bakarrik. Gehiago zigortu nahi zuen eta laster etorri zitzaion aukera polita horretarako: Lurralde hartako baserritar bat bere behien bila zebilen Zugarramurdiko kobaren inguruetan. Aurpegi atsegineko gizon bat aurkeztu zitzaion, fardel bat eskuetan, kobaren sarreran eta esan zion: “nik erakutsiko dizut non aurkitzen diren zure behiak, fardel hau Sarako apaizari eramango diozula agintzen badidazu”. Baserritarrak baietz esan zion eta kobako gizonak erakutsi zion behiak non zeuden.

Zugarramurdiko behizainak aurkeztu zion Axularri kobako jaunaren fardela, non eta nola hartu zuen adieraziz. Axularrek fardela ireki zuen eta baserritarrari agindu zion, fardelaren barruan tolesturik zetozen zetazko gerriko gorriak hango zuhaitz baten inguruan bota zitzala. Horrela egin zuen baserritarrak eta berehala suntsitu zen zuhaitza.

Etsairen istorioa, zerbait aldatuta, oso ezaguna da Zugarramurdin; han hiru anai azaltzen dira, deabruak Sarako Leizan daukan eskolan beren ikasketak egiten: Atarrabio, Arruit eta Don Juan.

Mikelats

Mikelats, bestalde, Mariren seme gaiztoa da eta Atarrabiren anaia. Herri baten zaintzaile eta eliza bateko apaiz izateraino iritsi zen Atarrabi. Mikelatsek herri hartako gariak hondatu egin nahi zituen (Sarakoak, herri bertako ipuin batek dioenez); baina Atarrabik (Axularrek, beste esaera batzuen arabera) gogor egin zion bere otoitzekin haren indar magikoari eta hala gorde zituen bere herritarren uztak. Mikelatsek eta Marik sortu eta erabili ohi dituzte, artaldeak urruntzen eta uztak hondatzen dituzten ekaitzak.

Lurra eta ahaideak

Euskal Herriko sinesmen askoren arabera, Lurra Eguzkiaren eta Ilargiaren ama da. Leku handi moduan ere hartzen dute, hildakoen arimen eta numen eta beste pertsonaia mitiko gehienen bizilekutzat.

Landare erreinuaren oinarria den bizi-indarra dauka Lurrak, jakien bidez eta, batzuetan, magiaren edo araoen bidez giza gorputza indartzen du. Gainera, abereei ere bizitzen laguntzen die janaria eta, behin edo behin, abelgorrien oparien bidez.

Lurrak bere baitan altxorrak ere badituen sinesmena oso zabalduta dago. Urrez betetako idi-larruak gordetzen dituzten mendi eta haitzuloak aipatzen dira sinesmen horietan; baina ez da ezer esaten leku zehatzei buruz. Ataungo “Urrezuloko-Armurean”, Baltzolako, Putterriko (Aralar) eta Iruaxpeko (Goronaeta) haitzuloetan, besteak beste, zulo ugari egin izan dituzte baserritarrek altxor horien bila. Sinesmen asko eta asko daude Lurrak gordeta dituen altxorren inguruan, horien artean, Urbasa mendian urrezko altxor bat (kanpaia, harilkai edo kutxa) ezkutatuta dagoela da bat, egunero ardiak ibiltzen diren lekuan. Ia-ia lurrazalean omen dago eta, egunen batean, gainean jartzen den ardiren batek bistaratuko omen du.

Horrelako altxorrak lurpetik atera eta aberastu nahi dutenen diru-goseak ez du ezer lortzen, Lurraren ireluak ezarri duen debekua da. Irelu horrentzat izaten ziren garai batean egiten ziren hainbat eta hainbat eskaintza. Haitzuloetako sarreran uzten zituzten eskaintza horiek, gehienetan txanponak, ireluaren mesedeak lortzeko. Kobazulo batzuetan eraikitako baselizen eta baseliza bihurtutako kobazulo batzuen jatorriak kultu horrekin zerikusia omen dute.

Lurraren alabak

Eguzkia eta Ilargia emakumezko jainkoak dira, Lurraren alabak. Eta amaren altzora joaten dira egunero, zeruan zehar ibili ostean.

Eguzkiak , berez dituen eraginez gain (argia eta beroa), baditu beste botere batzuk, herri sinesmenen arabera. Argitu baino lehen edo argitzerakoan lurpeko ireluak etxera bidaltzeko ahalmena dauka; sorginak ezin ibilita gelditzen omen dira Eguzkiak izpiekin harrapatzen baditu oraindik bere lana egiten. Ba omen dira baita Eguzkiaren izpiek jotzen badituzte gizakiarengan duten boterea galtzen duten ireluak ere. Lamia batek urrezko orrazia leize baten sarreran utzi omen zuen behin, eta artzain batek hartu eta eraman egin zuen. Lamia orduan, mendian behera artzainaren atzetik joan zen, orratzia berreskuratu nahian. Ia harrapatuta zuenean, Eguzkia irten zen eta izpi batek artzainaren jantzian jo zuen, Lamiak orduan, Eskerrak eman Eguzkiari esan zion eta leizera itzuli zen berriz.

Astakarduaren loreari Eguzkilora esaten zaio, Eguzkiaren sinbolotzat hartzen da. Etxeko sarrerako atean ipini ohi da eta Eguzkiak dituen ia botere mistiko guztiak ditu: espiritu gaiztoak, sorginak eta lamia mota batzuk aldentzen ditu. Eta gaitzak, ekaitzak eta tximistak sortzen dituzten espirituei ez diete etxean sartzen uzten.

Ilargia ere emakumezkoa dela uste da, haren omenezko esaera eta otoitzetan Ilargi-amandrea esaten zaio. Ilargi izenak, oraindik galdu gabe dagoen sinesmen baten arabera, hilen argia esan nahi du, Ilargiak hildakoen arimei argi egiten baitie.

Asteko egun bat Ilargiarena da: ostirala. Hitz horrek badu Ilargiaren beste izen baten elementu berdina: Irargi.

Ilargialdiek eragin ona ala txarra izan dezaketenaren inguruko sinesmenak ere asko dira: landatzen, uzta biltzean, zuhaitzak kimatu edo mozterako orduan, abereei ilea moztu edo hiltzerako orduan…

Aker

Akerraren irudian agertzen diren ireluen istoriotan ezagunenak, Zugarramurdiko Akelarre-lezeri dagozkionak dira. Iratxo eta sorginen gordeleku omen zelako horren sarreran, goi aldean, estalagmitazko horman, bada “jarleku” deitzen dioten zulo bat; handik ematen omen zituen bere orakuluak, akerraren irudian aurkezten zen deabruak.

Siniste horiek oihartzun handikoak izan ziren XVI. eta XVII. mendeetan. Izan ere, garai hartan esaten zen, sorginak Akelarrean biltzen zirela, deabruaren begiradapean. Sorginak airean joten omen ziren leku hartara, beren buruei ematen zieten gantzu baten bidez eta honoko hitz hauek esanez: “Sasi guztien gainetik eta hodei guztien azpitik”. Baino, Pierre de Lancrek bere Tableau de l’Inconstace liburuan (Paris 1912) dakarren Description et figure du sabbat des sorciers izeneko margolanean, berak bahitu dituen bi haurrekin, aker baten gainean, datorren sorgin bat ikusten da.

Pierre de Lancreren liburu berean azaltzen dira, hamahiru urteko Maria de Agerrek eta beste batzuek epailearen aurrean egindako aitormenak; aitormen horien arabera, Akelarrean, zelaiaren erdian dagoen suil handi batetik ateratzen da deabrua akerraren irudian.

Baigorri haraneko bizilagunek diotenez, aker irudiko irelu bat inguru haietako koba batzuetan bizi da. Urepelen, Biurretabuxtan baserriko Juan Monakok ondorengoa kontatu zuen: Auza mendian bada bere barruan urrea daukan leize bat. Suge handi bat eta aker bat daude urrearen ondoan. Askotan joan zen hara Aldudeseko Martieneko apaiza eta urrea ikusten zuen, baita sugea eta akerra ere. Eta bere liburutik otoitzak errezatzen zituen sugea eta akerra uxatzeko; apaizaren otoitzekin hari bat bezala mehetzen zen sugea, baino ez zuen alde egiten.

Apaiza koban sartu zen bere kolkoan hostia santua zeramala. Baina urrea ukitzen hasten zenean, sugea hazi egiten zen eta esku hutsik irten zen handik, leizearen barrutik zetozen hitz misteriotsu hauek entzuten ziren bitartean: “bular gainean daramazun horri eskerrak; bestela, hemen gelditu beharko zenduen”. Ordutik asko entzuten da ondorengo esaera: “Auza, han baduk gauza; baina neok ezin har”.

Maru

Bekokian bi adar dituzten giza antzeko pertsonaia mitologiko batzuen izena da Maru. Ataun eta inguruko istorio batzuen arabera, lurpean bizi ei dira eta, besteak beste, Maumendiko leize-zuloetan ere bizi direla esaten da.

Irelu edo iratxo horiek beldurgarriak izan dira haien etxe inguruetan bizi ziren gizon-emakumeentzat, izan ere, bahitu egin zitzaketen, ireluen bizilekura inguratuz gero, batez ere. Bizitokitik hurbil zeuden abereak ere harrapatzen zituzten Maruek.

Maruelexa (Maruren eliza) da Nabarniz herritik gertu dagoen Arrola mendiaren gailurraren izena. Badira han antzinako harresidun itxitura baten hondakin batzuk. Esploratzaile batzuen (Blas Taracena Agirre eta A. Fernandez de Aviles) arabera, erromatarren garaiaren aurreko gaztelu batekoak dira.

Inguruko herrietan maiz entzun ahal izan denez, San Joan egunean (ekainak 24), eguzkia irteten denean, eltze edo pertza misteriotsu bat azaltzen da Maruelexan. Gainera, leku horretan ez da garorik ernetzen eta, antza, altxor bat dago lurperatuta.

Torto

Begi bakarreko, gizajale, irelu gaiztoa da Torto. Tartalo izenez ere ezagutzen da. Hartaz hitz egiten da Gipuzkoan, Goierriko sukaldeetan kontatzen diren istorio beldurgarrienetan, Euskal Herriko beste lurralde batzuetan ezaguna baldin bada ere.

Herri istorioek diotenez, gazteak bahitu eta irentsi egiten ditu irelu honek. Ursuarango legenda batek ondorengoa esaten du: Zegamako Antimuño baserriko bi anai mendian gora irten ziren ehizarako asmotan. Mendian zehar zenbiltzatela, trumoi hotsa entzun zen eta, euri-jasa handi bat zetorkiela ikusirik, aterpe bila joan ziren Saadar mendiko ordeka barrena. Han, txabola handi bat ikusi eta bertan sartu ziren.

Gero sartu zen han artalde bat ere, eta ardien atzetik, artzaina, bekokian begi bakarra zuen gizon indartsua.Torto edo Tartalo zen. Honek Antimuñokoak ikusi zituenean, zaharrenari hala esan zion: “hi, gaurko”. Eta besteari: “hi, biharko”.

Handik gutxira burruntzi bat sartu zion gorputzean anaietan zaharrenari, sutan erre eta jan egin zuen. Jarraian, lurrean etzan zen eta lo hartu zuen. Orduan, Artimuñoko gazteak burruntzia hartu, sutan berotu eta begian sartu zion Tortori. Hau zutitu zen bere burruntzia begian zuela, baino itsua. Eta Antimuñoko gaztearen bila zebilen itsumustuka; alperrik ordea, ardi eta ardi-larruen artean ezkutatu zen gaztea.

Tortok atea zabaldu zuen goizean eta han bertan jarri zen zutik, bi belaunak zabalduta. Ardiak kanpora ateratzen hasi zen, bakoitzari bere izenez deituz. Antimuñoko mutilak ere, ardi-larru batekin estalia, Tortoren belaun artetik igaro, eta ihes egin zuen txabolatik. Torto jabetu zen gertaera horretaz, eta iheslariaren atzetik joan zen, haren hanka hotsak entzunez. Mutila ibai batera iritsi zen eta igerian pasa zuen. Torto ere sartu zen uretan, baino, igeri egiten ez zekienez, ibaian ito egin zen.

Tortoren mitoa ezaguna de Euskal Herriko hainbat lekutan. Saadar mendiaren gailurreko zelaian bada Tartaloetxeeta izeneko leku bat. Han dago Tartaloetxe izeneko trikuharri bat, hantxe gertatu zen bada, Antimuñoko semeen zoritxarra.

Tartaloetxeetarekin loturik dago istorio herrikoi bat. Zegamako bertsio batek ondorengoa kontatzen du: Tartaloen erregeak alaba bat zeukan; eta honek adiskide bat egin zuen. Aitak alabari esan zion, hiru gauzetan bera baino indartsuagoa izango zen suhi bat nahi zuela. Alabak erantzun zion bere adiskidea gai zela eta hiru lanak izendatzeko.

Lehenengo gauza zen, ea nork atera errotik pago bat eskuz. Erregeak hartu zuen gerritik pago lodi bat eta osorik atera zuen, Izarra baserriko pagaditik. Suhiak lokarri bat hartu zuen eta berarekin pagadi osoa inguratu zuen. Erregeak hori ikustean horrelakorik ez egiteko eskatu zion, bestela, egurrik gabe eta ardientzat babesik gabe geldituko zirelako.

Bigarren gauza, palanka nork urrutirago bota izan zen. Erregeak oso urrun bota zuen eta ondoren suhiak Salamancaraino botako zuela iragarri zuen. Erregeak horrelakorik ez egiteko esan zion, bere ahaide guztiak hiri horretan bizi zirelako.

Hirugarren gauza, harri bat nork urrutirago bota izan zen. Erregeak oso urrun bota zuen; suhiak, berriz, eskuan gorderik zuen xoxo bat hartu eta askatu egin zuen. Xoxoak Arakama baserri aldera jo zuen eta ezkutatu egin zen. Orduan erregeak adiskidearekin ezkontzeko baimena eman zion bere alabari.

Domaikian (Zuia) bekokian begi bat duen irelu bat aipatzen dute; lurralde hartako koba batean bizi omen da. Mutiko bat bahitu eta gorputz hilez betetako zulo batean sartu zuen. Ziklopeak ireki hadi, Txarranka, Kuartangon, berriz, ireki hadi, Txekla, esatean, irekitzen zen kobako atea.

Zaldi

Euskaldunen artean hain onartua den abere honek orain arte gure artean bizi diren mitoekin du zerikusia. Esaera askotan, irelu edo pertsonaia mitiko batzuk zaldiaren itxuran azaltzen dira.

Tardets lurraldean kontatzen denez, Lexarrigibeleko leizearen (Ahuski mendiaren oinetan, Alzaitik gertu) inguruetan gazte bat bahitu zuen zaldi itxurako irelu bat bizi ohi da. Behor baten irudian azalduta, Obantzun leizeko ireluak Etsoinberri baserriko alaba bahitu zuen.

Putterrin (Aralar mendian) artaldea larratzen zebilen artzain bati zaldi zuri batean zihoan gizon bat agertu zitzaion, eta mendi hartako leizea non zegoen galdetu zion. Artzainak erantzun egin zion eta zaldunak, sari bezala, urrezko txanpon bat eman zion joan aurretik. Txanpona hauts bihurtu zen artzainaren eskuan.

Beste istorio batek dioenez, Artzateko (Ataun) mendiaren gainean, aurrez aurre dauden Gurutzegorri eta Aspildiko harkaitzen erdian, suzko zaldi ugari igaro ziren Sugaarzuloren paretik. Amildegiaren gainetik eta harkaitzetan zehar zihoan bidexka estu baten ondoan dago leize hori. Suzko zaldien ikuskizun berbera ikus zitekeen garai hartan, gauez, Igartu mendian ere, gaur egun baserri baten hondakinak dauden tokian.

Ataungo baserri bateko artzaina ardiak jezten ari zen egun batean, suzko zaldi baten gainean zetorren zaldun bat aurkeztu zitzaion bat-batean, eta San Migelen santutegirako bidea non zegoen galdetu zion. Artzainak, beldurtuta, aitaren egin zuen eta, une horretan, zaldia eta zalduna ezkutatu eta Ubediko leizean sartu ziren.

Sua

Sua behar-beharrezkoa da sukalde lanetan zein etxea eta pertsonak hotzaren aurka babesteko. Era berean, piztiekin borrokan egiteko eta gaiak eta tresnak egiteko erabili du gizakiak.

Sukaldeko sua irelu, etxearen sinbolo eta arbasoentzako opari bezala ikusi izan da eta mesedeak eskatzen zaizkio: haurren bigarren hortzaldia, pozoituak egon litezkeen janariak garbitzea, pertsona eta abere arrotzak sagaratzea eta etxekoratzea.

Norbaitek pertsona bat etxean ezkonduta edo lanerako sartu nahi zuenean, bere etxera erakartzen zuen eta sutegiaren edo eta su gaieneko laratzaren inguruan bira batzuk emanarazten zizkion. Goierrin, Zuberoan eta beste herrialde batzuetan horrela egiten zuten oraindik asko ez dela.

Lehen, kafea su gainetik ateratzean, ohitura zenez, ikatz baten muturra sartzen zen kafe ontzian (Meñaka, Lekeitio, Ataun). Gauza bera egiten zen, gauez iturritik ekartzen zen urarekin. Harri gorituen bidez esnea egostea eta, gaixoei harri gorituz irakindako ura ematea ere Euskal Herriko hainbat lurraldetako ohitura da.

Uste denez, arbasoei sukaldeko sua atsegin zaie, han bizi baitziren eta hara itzultzen baitira gauero. Gabonetako suak, bestalde, garrantzi berezia du. Etxe bakoitzeko sukaldean enbor bat pizteko ohitura dago herri askotan; Zegaman gabonzuzi deitzen diote. Etxe hartako biztanle eta abereentzat mesedegarri diren ahalmen bereziak omen ditu enbor horrek; gaitzen aurka, tximisten aurka, eta abar babesten omen ditu.

San Joanen ohituretan suak garrantzi berezia du eta Euskal Herriko herri askotan sutzarrak pizten dituzte etxeen atarietan. Horrela Saran, beste herrixka batzuetan bezala, sutzarrak pizten dituzte San Joan bezperako gauean, sasi eta era askotako zuhaitz adarrekin eta Erramu igandez elizan bedeinkatutako erramu adarrekin. Etxeko pertsonek suaren inguruan ibilita errezatzen dute arrosarioa, sua eskuin aldetik dutela. Gero, gazteak suaren gainetik saltoka ibiltzen dira “ona barnera, gaiztoa kanpora” esanez. Jarraian ikatz batzuk botatzen dituzte arto soroetara eta etxeko teilatura, egur horiek bedeinkatuak direla pentsatzen baita, erre diren erramu adarrak bedeinkatuak ziren bezala. Azkenik, harri zabal bat jartzen dute errautsen gainean eta haurrei esaten diete: “Bihar goizean, eguzkia irten baino lehen, aurrena jaikitzen denak, harriaren azpian San Juanen bizarra aurkituko du”.

Oiartzunen, berriz, sasiez egiten dute sua. Gero lasto sortak piztu eta, soroz soro ibili ohi dira, ondorengoa abesten:

“San Juan da, San Juan:
Gure goiko barrutian,
Sorginaren begia galdu da,
Galdu bada gal bedi.
Sekulan agertu ez bedi!”

Etxeko suari opariak

Haurren lehen hortzaldiko hortzak suaren ireluari ematen zaizkio. Haurrek, hori egiterakoan, ondorengoa esan behar dute: “Andra Marie, otson ortz zaarra eta ekatzan berrie”.

Galirinaren edo arto-irinaren zahia botatzen zaio sukaldeko suari, sutan egosten ari den esneak gainezka egin eta sutara erortzen denean. Hori eginez gero kortako abereek errapeko gaitzik izango ez dutela uste da. Era berean, lurrera eroritako janariak sukaldeko suari erakutsi ohi zaizkio, jan behar badira.

Sutegiko ikatzak bedeinkatutzat jotzen dira. Horregatik erabiltzen dira kutun bezala, daramatzana “begizkoaren” aurka babes dezaten.

Halaber, uretan sutegiko ikatz zati bat sartzen da, etxearen kanpokaldeko iturritik gauez ekarritako urak edaten duenari kalterik egin ez diezaion.

nguma

Inguma (Baigorrin Maumau ere deitzen diote) etxeetan gauez, etxekoak lo dauden bitartean, azaltzen den irelu gazte bat da. Pertsonei eztarria estutzen die, arnasa hartzea galarazteko, eta sekulako larritasuna ematen die.
Irelu honen erasoei ihes egiteko aspaldiko ohitura da, Ezpeletako lurraldean, ondorengo formula magiko-erlijiosoa esatea:

“Inguma, henauk hire bildur,
Jinkoa eta Andre Maria
Artzentiat lagun;
Zeruan izar, lurrean belar, kostan hare,
Hek guztiak kondatu arte
Echaidela nereganat ager.”

Saran, beste hau erabiltzen dute,

“Inguma erromes,
Ez niok hire beldurrez,
Jesus diat aita,
Ama Birjina ama,
Zeruko aingeru eta saindu guztiak guarda.”

Ithorrotzen, amets gaiztoen eragile jotzen dute irelu hau. Uxatzeko, Ezpeletan erabiltzen dituzten hitz berak esaten dituzte, eta beste irelu bati egiten zaion ondorengo erregua erantsi: “hi, aldiz, jin akitela, Gauargia!”

Bestalde, hil bakoitzaren 13ko gauean izaten den ametsa, edo gau horretan amesten dena, betetzen da, Euban diotenez.

Jentil

Gizon basatia zen jentila, oso indartsua, mendi batean, urrutiko etxe batean, bizi zena; harritzar handiak urrutira bota zituena; inguruko kristauekin, gehienetan, bakean bizi zen “paganoa”; Euskal Herriko leize askotan bizi zena.

Meategietan lan egiten zuen meatzaria ere jentila zen; Auza-Gaztelun (Zaldibia) eta Jentilbaratzan (Ataun) bizi zirenakebaita Zaldibin, Ausa-Gaztelun (Zaldibia) eta Jentilbaratzean (Ataun) bizi zirenak ere jentilak ziren. Eta gauza beran, lehen gari ereilea, errementeria, errotaria, kristaua (eliza asko eraikitzen lagundu zuena), eta cromlech eta trikuharri eta etxe batzuk eraiki zituena.

Bestalde, jentilekin zerikusirik duen leku-izen asko dago Euskal Herrian:

“Jentilarri”: Izen hori ematen zaie, ipuin batzuen arabera, jentilek urrutitik orain dauden lekura bota zituzten harritzar batzuei. Horien artean, Urdiolako (Arrankudiaga) sakanekoak, izen bereko mendiaren eta Arakaldo gazteluaren artean bola-jokoan ari ziren jentilek botatakoak; Markolakoa (Karrantza), jentil batek botatakoa, eta gizon bat eta horren idi parea zapaldu zuena; Aitzbiribil (Mutriku) izenekoa, Santa Kutz menditik, Ondarroa gainetik jentilek jaurtitakoa; Amilgoa (Mutriku), jentilek Arno menditik botatakoa; Osunako errekakoa (Soraluze), jentil batek Atxolingo gailurretik jaurtitakoa…

San Martin ermitaren (Mañaria) eta jentilek zulatu eta bizileku gisa erabiltzen omen zuten kobaren aurrean dauden harritzar batzuk ere “Jentilarri” izena hartzen dute.

“Jentilbaratza”: Izen hori ematen diote Arratetako mendatearen gainean (Ataun) dagoen mendi zorrotz garai bati. Uste denez, mendi zorrotz horren gailurrean ehortzi zituzten azken aldian han bizi izan ziren jentilak. Halaber, Jentilbaratzeko jentilek harreman onak omen zituzten, haitzartearen beste aldean dagoen Agerreko biztanleekin. Diotenez, Agerreko Juan gaixotu egin zen eta jentilek urrezko ohazal bat eraman zuten Agerre baserrira, gaixoaren ohe gainean jar zezaten Elizakoak eman aurretik. Gaixoaren etxekoek ohazala josi egin zuten ohean, elizkizuna bukatutakoan jentilek eraman ez zezaten. Gainera, oilategiko oilarrari kantarazi zioten, argia piztuz, horrela jentilek bat-batean alde egingo zutela baitzekiten. Eta horrela izan zen; oilarra kantuan entzutean jentilek ohazalari heldu zioten baina ez zuten askatzerik izan, presa zutelako. Orduan, ondorengoa esan zuten jentilek: “Agerre, Agerre den bitartean, hemen ez da faltako besomotzik edo elbarririk”.

“Jentileio”: Laiene harkaitzaren gailurrean (Urdiain) irekitako zulo bat da. San Pedroko ermitara erromes joaten ziren ataundarrek Mandabitako zubitik igaro ohi zuten Agaunza ibaia. Zubi hori elkartzeko erabiltzen omen zuten sorginek, elezaharren arabera. Gero, galtzada zahar batetik, gora igotzen ziren, Bernoko leporaino, Ataun-Burunda mendian. Bada trikuharri bat bertan, aspaldiko dantzaleku baten ondoan. Handik, mendiaren hegoaldera jaisten ziren, Txikilantegiko barrutian dagoen beste trikuharri baten ondotik.

Gero, Atilungo atakatik igaroaz, Sarabe eta Urrizti harkaitzen artetik, Aitziberren ermita ezker aldera utziaz, eta beti behera eginez, Jeztene eta Laiene harkaitzen artako ataka batera iristen ziren, San Pedroren ermitaren ondora. Hegoaldean, Laiene harkaitzari begira, haren gailurrean, Jentileio izeneko zuloa ikusten zuten, eta emakume jentil eder bat ikusten omen zuten, eserita, ilea orrazten.

Zulo edo leiho honek bi metroko altuera du eta metro eta erdiko zabalera. Aipatutako harkaitza hegoaldetik iparraldera igaroz, “Jentilen sukaldea” izeneko esparru itxi batean amaitzen da.

Halaber, Euskal Herriko toponimian askotan azaltzen da “jentil” izena. Hala nola:
“Jentiletxe” dute izena Ataun-Burunda eta Alzaniako mendian dauden trikuharriek. Mutrikun ere bada izen bereko koba bat.
“Jentiletxeeta” (Mutriku)
“Jentilzubi”, Baltzolako kobatik hurbil (Dima)
“Jentilzulo” (Leitza eta Orozko)

Laminak

Euskal mitologian emakume itxura duten izakiak dira, leizeetan edo ibaietan bizi dira. Gizonak beraiekin maitemintzen ziren eta baita laminak gizonekin ere. Kondaira batzuen arabera, nekazariei laguntzen zieten, nekazariek utzitako janaria jaten zuten gauetan laminek eta, horren truke, lurra lantzen zieten. Baina laminek egiten zituzten ekintza denak ez ziren onak; gizonak bahitzen zituzten edo eurei laguntzeko prest ez bazeuden gaizkia egiten zieten.

Lami, lamin, lamiña, lamiñaku, amilamia eta eilamia izenez ezagutzen dira laminak Euskal Herrian. Izaki mitologiko hauen aztarna zenbait leku-izenetan ere aurki daiteke: Lamiako (Leioa), Laminazilo (Isturitz), Lamiategi (Oñati), Lamiaran (Mundaka), besteak beste.

Kondaira gehienen arabera laminek emakume itxura dut eta, leizeetan, urmaeletan edo ibaietan bizi dira. Laminei buruzko iritzi asko daude: gizakiak baino ahaltsuagoak direla uste da, baita gizonei era askotako opariak ematen dizkieten jainkotxoak direla ere. Hainbat objektu edo magia erabiliz beren ahalmenak hainbat objektu edo magia erabiltzen dutenen esku uzten dituzten izakitzat ere hartzen dira.

Laminek hainbat egiteko zituzten: irutea; trikuharriak, zubiak, etxeak, gazteluak zein elizak eraikitzea; eta gauetan arropa garbitzea, adibidez. Gizakiei eskatzen zieten gari edo arto ogia, urdai eta sagardoarekin jaten zuten, eta baita maitaleek ematen zizkieten ogi, gatzatu eta esnea ere.

Mesedeak eskatzen zituztenGizakiari hainbat zerbitzu eskatzen zizkioten laminek. Kondaira ezagun baten arabera, auzoko emagin baten laguntza eskatu zuten laminek behin. Emagina laminen bizilekura joan zen eta lana bete zuen. Bazkaltzera gonbidatu zuten eta, ogia zuria zela ikusita, emakumeak zati bat hartu eta poltsan gorde zuen. Gainera urrezko linai eta ardatz bat eman zizkioten eskainitako zerbitzuagatik. Bazihoala, aulkitik ezin altxatuta gelditu zen eta laminek esan zioten berea ez zen zerbait hartu zuelako gertatu zitzaiola hori. Emakumeak, orduan, ogi zati bat hartu zuela aitortu zuen; mahaian uztera behartu zuten eta horrela altxatu egin ahal izan zen. Etxera zihoala “bidean atzera ez begiratzeko” esan zioten laminek, baina etxera iritsi zenean, hanka bat barruan eta bestea kalean zuela, atzera begiratu zuen: berehala galdu zuen urrezko oparien erdia.

Kondaira horren beste bertsio batzuetan opari desberdinak aipatzen dira: urre bihurtzen den errautsa edo ikatza, zilarra bihurtzen den gantza… Zugarramurdiko Sorginen-Lezean, Kortezubiko Santimamiñen eta Elantxobeko Ogoñoko lezean, esate baterako, ezagutzen da kondaira hori.

Laminek, hilzorian zeudenean, gizaki bat eskatzen omen zuten aldamenean izateko, ezin baitziren hil pertsona batek aurretik ikusten ez bazituen eta euren aurrean otoiz bat esaten ez bazuen.

Gizakiei laguntzen zietenBeste legenda batzuen arabera, gizakiei lagundu ere egiten zieten laminek. Dimako auzo bateko bizilagun batek, Balzolako haitzuloan sartu behar izan zuen, euri zaparrada hasi baitzen. Eta bertan lamina batek hartu zuen. Atertu eta irtetera zihoala laminak ikatz zati bat eman zion; kobatik irten zenean, urre bihurtu zen.

Baina laminak ez dira beti hain eskuzabalak izan, eta batzuetan izakien arimen truke ere egiten zuten lan. Horrela eraiki zituzten hainbat zubi, Ebraingoa (Bidarrai), Azelaingoa (Andoain), Urkulukoa (Leintz-Gatzaga) eta Kastrexanakoa, adibidez, baita hainbat etxe, gaztelu eta eliza ere.

Inguruko mutilekin ere maitemindu izan dira laminak, eta beste batzuetan, aitzitik, emakume liluragarri moduan aurkeztu eta baserritar bat baino gehiago maitemindu dute. Zeanuriko lamina bat Gorostiagako mutil batekin maitemindu zen. Mutila hil egin zen eta laminak intxaur baten oskoletik izara bat atera eta hilotza estali zuen. Oilarrak kukurruku abestu zuenean, joan egin zen, izara bertan utzita.

BahiketakLaminek gizonak bahitzen zituztela dioten kondairak ere oso hedatuta daude. Horietako baten arabera, Ezpeletako mutil bat bahitu eta kobara eraman zuten. Abade bat haitzulora arte joan omen zen mutila askatzera, eskuan gurutzea eta ostia bat hartuta, baina ez zuen bere helburura lortu. Kanpora zihoala, hau entzun zuen: “Eskuan daramazun horri eta bularrean daramazun horri eskerrak; bestela, hemen gelditu beharko zenuen”.

Bestalde, Dimako Atzemin baserriko gizon batek ikatza egiten ari zen gau batean birao bat bota omen zuen. Berehala, norbaitek hiru bira emanarazi zizkion han zeukan txondorraren inguruan, eta desagertu egin zen. Zortzi egunez ibili omen ziren bere bila eta azkenean Bernaolako leizean aurkitu zuten. Egun horietan laminek zaindu zutela esan zuen.

Mañariko Askondo baserriko neska gazte bat gauero Izuntzako baserrira joaten zen haritzera. Behin, San Lorentzo ermitaren alboan dagoen haitzulo aurretik pasatzean, laminak irten zitzaizkion bidera eta handik gehiago ez pasatzeko esan zioten, baina neskak ez zien kasurik egin eta beste bi aldiz ere pasatu zen. Azkenengoan, ordea, laminek bahitu egin zuten eta ez zen berataz ezer gehiago jakin. Neskaren arrosarioaren aleak inguruan sakabanatuta agertu ziren.

Bahiketak saihesteko moduak ere badaude. Zeanuriko auzo batean ohitura bat zuten, XX. mendearen hasieran: Memiñoko sakanetik pasatzean, haurrek sudurra estaltzen zuten eta “guk barikuan makallua jan gendun” esaten zuten. Horrela laminek bakean uzten omen zituzten.

Kutunak erabiltzea da laminen erasoetatik babesteko beste era bat, batez ere, errudazkoak edo apiozkoak. Ataungo, Ondarroako, Mutrikuko edo Debako kondairetan agertzen da kutunen babesa. Gizon bat bi laminengana gerturatu zenean, gizona harrapatzeko esan omen zion batak besteari, eta besteak erantzun omen zion berak heltzeko, amak jarritako apio eta erruda zeramatzala gizonak eta.

Martxoko oilarrari ere eskatzen zioten laguntza laminengandik babesteko, Abaurrea Behea edo Lekeitioko legenden arabera. “Liñuen minak” kontatzen dira azken horretan. Okabixon, Lekeitio eta Markina arteko bidean, dagoen haitzulo batetik ezin zen pasatu gaueko hamabietatik ordu bietara. Lagun arteko apustu bat tarteko, mutil bat aurretik pasatu zen. Lamina batek heldu eta kobara eraman zuen, jateko asmoz. Mutilak orduan, jan aurretik “liñoaren nekeak” kontatzen uzteko eskatu zien, eta laminek baietz esan zioten:

“Lehenego sorotik atera,
gero leortu,
gero trangatu,
gero sapindu makilakin edo buztarriakin,
gero zurezko trunkesekin trangatu,
gero txarrantxatu,
gero ardatzean jarri,
gero iruin,
gero astalkatu,
gero egosi,
gero errekan garbitu,
gero leortu,
gero arildu,
gero eio,
gero josi edo soineko bihurtu,
gero erabili,
gero hautsi,
gero…”

Gizonak astiro kontatu zuen eta laminak, gosea zuenez, azkar amaitzeko esan zion. Orduan ondoko baserriko oilarrak kukurruku egin zuen eta laminak korrika alde egin behar izan zuen: “Ai Okabixoko oilar gorri martxoan jaioa! Nik afaltzeko eskutan neukan legatz aundia kendu didazu. Azari batek aterako al dizu ezkerreko begia!”.

Baina alderantziz ere gertatzen omen zen, gizakiek ere bahitu izan dituzte laminak. Mendaron, esaterako, lamina bat etxera eraman omen zuten behin. Ez zuen hitz egiten. Esnez betetako lapikoa sutan jarri zuten, esnea irakiten hasi zen eta laminak orduan esan zuen “txuria gora!”, eta tximiniatik ihes egin zuen.

Beti eskean dabilen lamina Laminei, esan bezala, koipekia edo gantza jatea gustatzen zitzaien eta sarri joaten omen ziren baserrietara urdaia eskatzera.

Abadiñoko familia bat Urkiolan zebilen lanean, eta bazkaltzeko ordua heldu zenean etxeko andreak urdai zati bana eman zien guztiei. Orduan lamina bat heldu eta andreari eskutik kendu zion urdai zatia; “ni koipetsu eta i kakatsu” esanez.

Isturitzen, berriz, Gaztelu dorrean bizi omen ziren lamiñak. Gaztelutik Otsozelai baserrira lur azpiko bide bat zegoen. Lamina bat baserriko sukaldera joaten zen gauetan eta etxeko andreari nola deitzen galdetu zion behin, “ni-ni-neuk” erantzun zion. Gauero, emakumea janaria egiten ari zela, jaten emateko eskatzen zion laminak. Egun batean etxeko andreak, haserretuta, zartagina bota zion olio eta guzti. Laminak garrasika ihes egin zuen. Beste laminek ea hori nork egin zion galdetu zioten: “ni-ni-neuk” erantzun zuen. Orduan, berak sufritzeko esan zioten.

Opariak laminentzat

Laminei janaria uzten zieten opari gisa eta, batzuetan, ordainetan, hainbat mesede edo lan egiten zituzten. Ultzamako Abauntz koban laminak bizi ziren antzina. Artzain batek egunero ematen omen zien esnez betetako kaikua eta laminek urrez beteta itzultzen zioten. Sunbillenea baserria urre horri esker berreraiki omen zuten. Hala ere, egun batean, esnez bete beharrean, ardien gorotzez bete zuen kaikua artzainak. Laminek atzetik jarraitu zioten, baina etxean sartu ahal izan zen harrapatu aurretik. “Etxe horretan ez da faltako elbarri edo errukaririk”, bota zioten laminek. Ordutik ez da falta izan Sunbillenean urritasunak dituen pertsonarik.

Uhartehirin laminak altuera txikiko izakiak ziren. Nekazariek janaria uzten zieten gauean lur sailaren ertzean, jan zezaten. Hauek, eskertzeko, nekazariaren lurrean lan egiten zuten. Bazterretxea familiak ere hori egiten omen zuen, baina gau batean ahaztu egin zitzaien eta laminak, haserretuta, ez ziren gehiago handik agertu.

Laminaren eta harginaren kondaira ere ezaguna da. Harginak, harriak lantzen aritzeaz nekatuta, aberats izan nahi zuen eta lamina batek egin zuen aberats. Aberats izaten nekatuta, enperadore izan nahi zuen eta laminak enperadore bihurtu zuen. Uda bero batean eguzkiak traba egiten ziola eta, eguzki izan nahi zuen eta laminak eguzki bihurtu zuen. Eguraldia aldatu eta laino bat eguzkiaren aurrean jarri zen; orduan, lainoa izatea hobe zela pentsatu zuen eta laminak laino bihurtu zuen. Euri zaparrada batean harkaitza ez zela mugitzen ikusita, harkaitz izan nahi zuen eta laminak harkaitz bihurtu zuen. Egun batean, hargin bat harkaitza txikitzen hasi zen. Orduan, hargina izandakoak gizon hura bezalakoa izan nahi zuela esan zuen eta laminak hargin bihurtu zuen eta esan zion, txantxetan: “gauza bat daukanak beste bat nahi du; zure ibilbidearen aseran bezala zaude; gaurdanik gauden orain bezela; ni lamiña eta zu argin”. Eta lamina betiko desagertu zen.

Mairu

Mairu deitzen zaie, gehienetan, Iparraldean, beste garai bateko pertsona ez kristau, sinesgabe batzuei. Gaur oraindik, bataiatu gabeko bat Mairu da. Horrela, “mairu-beso” esaten diote bataiatu gabe hildako haur baten besoari Garaziko lurraldean.

Mairu hitza nahiko zabaldurik dago oraindik gure herrietan, leku izen zenbaitetan eta beste hitz batzuetan: “Mayrumendia” (Erdi Aroko Artajonan) “Mairubide” (Manurgatik gertu, Araba), “Mairuburueta” (Okoiztako barrutian), “Mairubaratz” (Oiartzungo harrespila), Mairularri (Zugarramurdiko harrespila), Mailarreta edo Mairularrieta (Otsongo-Mondarroingo mendi gainean), “Mairuetxe” (Buluntsa mendiko harri zatiak, Mendibeko trikuharria eta Okabe lurraldekoa), “Mairuaran”, “Mairuilhar” edo “Maiilhar”, “Mairukeri”.

A los Mairu ha sido atribuida la construcción de algunas casas fuerte, como las de Irissarry, Donamarte (Lekunberri), Aphatea (Bussunarits), Logras (Zaro), Larrea y Lahostanea (Ispuru).

Las primeras alusiones a este deporte popular se refieren a un levantador de piedras nacido en 1886, llamado Arteondo. Este levantador es el primero que llevó las piedras a una plaza y con él se establecieron las medidas y pesos de las piedras.

Mairuek zenbait trikuharri eta harrespila ere eraiki omen zituzten, esate baterako Zugarramurdiko Ibañetakoak, Oiartzungoak, Buluntsakoak eta abar.

Halaber, izen hori duten pertsonaiak azaltzen dira Nafarroako, Lapurdiko eta Gipuzkoa ekialdeko ipuinetan agertzen dira, eraikuntza lanetan beti. Euskal Herriko beste bazter batzuetan, etxegileek beste izen batzuk hartzen dituzte: Moru, Mairi, Moro, Jentil, Maide, Lamina…

Badira, gizabeso ihartuek edo Mairuren besoko hezur batek ahalmen misteriotsuak dituztela esaten duten ipuinak. Mairu-besoa da edo, zehatzago esanda, bataiorik gabe, kristau ez izanik, hildako haurraren hezurra. Gai hori aipatzen duten istorioen arabera, batzuek gauez argi egiteko lastargi bezala, erabiltzen dute hezur hori, eta batzuetan, nonbait lapurreta egin nahi duenean, etxe hartakoak lokartzeko. Mito hori ezaguna da Garaziko lurraldean, baina beste leku batzuetan ere badira gauez argia egiteko giza hezurrak erabiltzen dituzten gizonak aipatzen dituzten istorioak, Ataunen (Gipuzkoa) eta Meñakan (Bizkaia), adibidez.

Beraz, bataiatu gabeko haurrak “mairu” ziren, eta, egoera horretan hiltzen baziren, jaiotetxearen inguruan edo jaiotetxeko baratzean lurperatzen zituzten.

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out / Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out / Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out / Aldatu )

Google+ photo

You are commenting using your Google+ account. Log Out / Aldatu )

Connecting to %s




%d bloggers like this: