antropologoak

iturria: http://www.hiru.com

Telesforo Arantzadi

1860an Bergaran jaiotako euskal antropologo garaikidea, etnologoa eta naturalista. Haurra zela, familiarekin Bilbora joan zen. Lehenengo ikasketak eta batxilergoa herrian bertan egin zituen, eta gero, 1877an Madrilera joan zen unibertsitatera. Farmaziako ikasketak egin zituen lehendabizi, eta 1882an ikasgai horretan doktoregoa lortu zuen.

Lehen urteak

1887an Antropología Saila sortu zen Madrilgo Historia Naturaleko Museoan. Gai honen inguruan interesa piztu zitzaion, eta aurrerantzean honen lan gehienak gai honetara zuzendu ziren. Hala ere bestelako gaiak ere jorratu zituen, esaterako, botanika, marrazketa, musika, etnologia eta paleontologia. 1889an Natur Zientzietako doktoregoa lortu zuen.

Indusketak

1917ko abuztuaren 15ean Jose Migel Barandiaran ezagutu zuen. Aranzadi baina 30 urte zaharragoa zen, baina elkarrekin hasi zituzten Aralarko trikuharri batzuen ikerketak Enrique Egurenekin batera. 20 urteetan zehar egindako lanen emaitza izan zen hau, zeinetatik interes handiko datu antropologiko eta paleontologikoak lortu zituen

1936an, ibilbidean izandako aurkikuntza nagusiena gertatu zen: Itziarren, ordura arte aurkitutako euskal burezur zaharrena jaso zuen. Aurkikuntzak euskal arrazaren historiaurreko urteetaraino eraman zuten Arantzadi, eta hau bihurtu zen azken lan eta argitalpenen iturri nagusi.

Lehen lan horren berri, 1921ean, Anuario de Eusko-Folkloreren lehenengo alean eman zuen. Hurrengo urteetan, Aizkorri, Ataun-Burunda, Altzania, Elosu-Plazentzi, Urbasa, Entzia, Belabieta, Auritz, Aurizperri, Lumentxa eta Arabako kobazulo artifizialetako haitzuloetako aztarnategiak ikertu zituen. Horretaz gain, penintsulako geografiaren beste zenbait puntu ere ikuskatu zituen, Katalunia eta Sierra Nevada, besteak beste. Txango hauetako batzuk berak bakarrik egin zituen, eta beste batzuk, berriz, Ansoleaga, Eguren eta Barandiaranekin batera. Luis de Hoyos irakaslearekin ere egin zituen zenbait bidaia.

Izendapenak

Ikasle zela Aparteko Saria jaso zuen Estudio sobre los insectos vesicantes aplicados a la farmacia lanarengatik. 1891n, 31 urte zituela, Parisko Antropologia Elkarteak El pueblo euskalduna lana saritu zuen. Hori izan zen euskal arraza antropologia zientifikoaren aldetik aztertu zuen lehendabiziko lana.

Urte batzuk geroago, 1895ean, Granadako Unibertsitateko Mineralogia eta Zoologiako katedra eskuratu zuen, eta urte batzuez bertara joan zen bizi izatera. Ondoren, Bartzelonako Unibertsitateko Botanika Deskriptiboko katedra lortu zuen, eta bertako dekanoa izan zen 1907. urtera arte. Urte horretan, ikasleen istiluak zirela medio, kargua utzi beharra izan zuen. 1897an, Zientzietako Errege Akademiaren saria jaso zuen Setas y Hongos en el País Vasco lan zehatzarengatik.

1910ean, Moskuko Natur Zientzia, Antropologia eta Etnografiaren Lagunen Elkarte Inperialak, elkartekide titular izendatu zuen, eta bi urte geroago, Argentinako Daktiloskopiako Elkarteko ohorezko bazkide.

1919an, Portugalgo Antropologia eta Etnografia Elkartearen kide urgazle izendatu zuten, eta hasi 1920an eta 1931n erretiroa hartu bitartean, Antropologiako katedradun gisa aritu zen Bartzelonako Unibertsitateko Zientzien Fakultatean. 1921ean, berriz, Erromako Antropologiako elkartekide urgazlearen izendapena jaso zuen. Barandiaranekin batera, 1922an Frantziara eta Alemaniara (Koloniara) joan zen, eta 1929an, Suitzara eta Austriara.

Urte hauetan zehar, munduko zientzia elkarteen eskutik, beste zenbait izendapen jaso zituen: Argentinako Ikerketa Geografikoen elkartekide urgazle edo Kubako “Felipe Poey” Historia Naturaleko elkartekide urgazle, besteak beste. Historiako Errege Akademiako kide ere izendatu zuten 1924an, eta bi urte geroago, baita Berlingo Arkeologia Institutuko kide ere. Bestalde, Bartzelonako Zientzien Errege Akademiako numerario izendatu zuten 1927an.

Gainera, Eusko Ikaskuntzako Batzorde Iraunkorreko batzordekide, Natur Zientzia eta Antropologia arloetan Espasa Entziklopediako kolaboratzaile, Munich-eko Antropologia Elkarteko kide urgazle, eta G. Humbolt, Frizzi eta Haberlandt-en itzultzailea izan zen, besteak beste (Europako hizkuntza nagusiak ezagutzen baitzituen).

Idatzizko lanak

300 liburu eta artikulu baina gehiago idatzi ditu. Euskal antzinatearen ikerketetan bere lan interesgarrienak, Euskal Herriko antropologia, etnografia eta historiaurreari zuzendutakoak izan ziren. Horien artean Geografia del País Vasco-navarro eredutzat jo daiteke. RIEV, Euskalherria , Euskalerriaren alde, Yakintza, Hermes, Boletín de la Real Sociedad Española de Historia Natural eta Asociación Española para el progreso de la Ciencia bezalako aldizkarietan artikulu ugari eman zituen argitzera.

Gerraren eztandarekin Bartzelonara joan zen, eta 85 urte zituela bertan hil zen 1945eko otsailaren 12an. Bi urte geroago bere omenez Arantzadi Zientzia Elkartea sortu zuten.

ose Migel Barandiaran

Apaiza, antropologoa eta euskal etnologoa, Jose Migel Barandiaran Ataungo (Gipuzkoa) Perune-Zarre baserrian jaio zen 1889ko abenduaren 31n. Familia xume batean hezi zen. Haurtzaroa kristau giroan pasa zuen, baina aspaldiko mito eta tradizioz inguraturik.

Lehendabiziko urteak

Barandiaranek herriko eskolan ikasi zuen. 14 urterekin apaiz joatea erabaki eta Baliarraingo Ikastetxean sartu zen. Handik Gasteizko Apaiztegira joan zen, eta Filosofia eta Teologiako ikasketak egin zituen. Bitartean, eta bere kasa, irakasle-eskolako ikasketak egin zituen.

Teologia ikasketen erdian ordura arteko kristau sinesmen trinkoa zalantzan jarri zuen. Hau izan zen geroago Erlijioen Historia ikasteko arrazoia. Horretaz gain arreta ez zuen soilik horretan jarri nahi izan eta hori dela eta, bere herria ikertzea erabaki zuen, kristautasunak bereganatutako erlijio zaharren ondareak bizirik irauten zutela uste baitzuen.

Orduantxe ireki ziren aurrerantzean jarraituko zituen bi ikerketa bide garrantzitsuenak: Euskal Herriko Etnografia eta Arkeologia. Urte bete geroago apaiz egin zen, eta Burgosera bidali zuten Teologiako ikasketak egitera.

Arantzadi, Barandiaran eta Eguren

1916an Barandiaranek behin betiko bideratu zituen euskal etnografia eta historiaurreko ikerketak. Urte hartako udan, Aralarren, Argabi izeneko lekuan, bederatzi trikuharri aurkitu zituen. 1917ko abuztuan, Jose Migel Barandiaranek, Enrique Eguren eta Telesforo Arantzadik elkarrekin ekin zioten Gipuzkoako Aralarren zeuden trikuharrien indusketari. Horrela osatu zen Arantzadi-Barandiaran-Eguren Historiaurreko Ikerketa lan-taldea. Hurrengo 20 urteetan elkarrekin aritu ziren indusketak eta ikerketak egiten, 1936. urtean gerrateak sakabanatu arte.

Obra zientifikoagoak

Pixkanaka aurretik egindako ikerketak maila zientifikoagoa hartu zuten. Pausu garrantzitsu honen ondorioz, Euskal Herrian, ondorengo haitzulo eta megalitoen indusketa sistematikoak burutu ziren: Santimamiñe, Lumentxa, Venta Laperra eta Trebiñoko haitzulo artifizialak. Aralar, Elosua-Plazentzia, Ataun-Burunda, Altzania, Urbia, Balabieta, Kalamua, Auritz, Arizperri, Gomti, Aralar, Urbasa eta Entziako dolmenen miaketetan ere parte hartu zuten. Gainera, induskaturiko materiala aztertzeko, museo ugari bisitatu zituen Frantzian, Suitzan, Alemanian eta Austrian, batzuetan bakarrik, besteetan, berriz, Arantzadirekin.

Eusko Folklore Elkartea sortu zuen, eta Anuario de Eusko-Folklore aldizkaria argitaratu zuen. Honekin batera Eusko-Folklore. Materiales y Cuestionarios argitalpena ere zabaldu zuen.

1924an Eusko Folkloreko egoitza berria Gasteizko Arte eta Lanbide Eskolan eraiki zen. Urte berean eta toki berean, Jose Migelen agintaritzapean, Eusko Ikaskuntzako Prehistoria Ikerketa Zentroa sortu zen. Pixkanaka bere ikerketa lanak gero eta ospe handiagoa lortzen joan ziren Europako Etnografia Ikerketa Zentroetan. 1930ean Madrilgo Museo del Pueblo Español erakundeko Patroi Nagusi izendatu zuten, eta handik gutxira, Londresko Antropologia eta Etnologia Biltzarreko Kontseilu Orokorreko kide.

Urte horietan Gasteizko seminarioan bizimodua zeharo aldatu zen. 1930ean egoitza berriarekin, irakasleriaren aldaketa handia egon zen, egungo denborarekin lotura estuagoa zuen irakaskuntza nagusituz. Hurrengo urtean Errepublika aldarrikatu zen eta ezkutuan zegoen apaizen kontrako jarrera zabaldu egin zen.

Erbestea

Behe Pirinioetako departamenduan eta Saran pasa zituen Gerra Zibileko urteak. Urte horietan Frantziako Hezkuntza Ministerioren aginduz eta Monumentu Historikoen Batzordekide gisa, Behe Pirinioetako Monumentu Megalitikoen inbentarioan parte hartu zuen.

Ikerkuntzaren arloan, 1946ean Ikuska, Euskal Ikerketarako Institutua sortu zuen. Garai honetan Jose Migel Barandiaranek Nazioarteko Biltzar eta Hitzaldi ugaritan parte hartu zuen, esate baterako, Londresen, Oxforden, Parisen (hiru aldiz), Bruselan (bi aldiz)¿Eta1917an beste aldizkari bat sortu zen zuen: Eusko-jakintza.

Itzulera

17 urte luze kanpoan pasata, 1953ko urrian jaioterrira itzuli zen. 1956an Arrasateko Lezetxikiko aztarnategi garrantzitsua industeari ekin zion eta 1960an Errenterian Aitzbitarten hasi zen lanean.

Azkeneko urte horietan, eta 1975. urtera arte, Jose Migel Barandiaranek indusketa-ekitaldi multzoa burutu zuen Gipuzkoan, Araban eta Bizkaian. Gainera, Arantzadi Zientzia Elkartean ikerketa etnografikoak ere bultzatu zituen, eta Eusko-Folkloreko urtekaria berrargitaratzen hasi zen.

Euskal Atlas Etnografikoa sortu zuen, eta handik gutxira, landa-ikerketak aurrera eramateko helburuarekin, Nafarroako Etniker taldea sortu zuen.

Lan horiek akademikoki ere beren onespena jaso zuten Euskal Herriko Unibertsitateak, Deustukoak (1978) eta Konplutenseak (1987) emandako Honoris Causa doktoregoarekin.

Fundazioa

1988an Eusko Ikaskuntzak eta Jose Migel Barandiaranek Erakunde kultural pribatu bat sortu zuten honek egindako lan zientifiko handiaren esker ona aditzera emateko: Jose Migel Barandiran Fundazioa. 1989. urtean Mitos del Pueblo Vasco lana argitaratu zuen, eta 100 urte paseak zituenean Ezkurra herrixkari buruzko ikerlan etnografiko bat prestatzen aritu zen inprimategira eramateko.

1991ko abenduaren 21n hil zen Jose Migel, 102 urte betetzeko hamar egun falta zituenean.

Bernardo Estornes

Bernardo Estornes Lasa historialaria, idazlea eta editorea Nafarroako Izaba herriko Barrika kalean jaio zen 1907ko maiatzaren 11n. Aitaren jatorrizko hizkuntza gaztelera zen, eta amak berriz, Erronkariko euskara egiten zuen. Lau anaia eta bi arreba izan zituen..

Lehen urteak

Lehen ikasketa Izaban burutu ondoren, Zaragozan amaitu zituen Merkataritza-irakasle ikasketak. 1929an lehendabiziko aldiz Donostiara joan zen gurasoekin eta familiarekin oporrak igarotzera. Bertan zegoela Eusko Ikaskuntzak antolatzen zituen Udako Ikastaroetan jardun zuen. Ikastarootan Angel Apraiz ezagutu zuen, eta hark eskaini zion Eusko Ikaskuntzaren barruan bere lehendabiziko lana Estornesi. Halere, Eusko Ikaskuntzan betetzen zuen lanaz gain, Donostian merkataritzaren inguruko akademia martxan jartzea bururatu zitzaion, eta urte horretan bertan abiarazi zuen.

Lehenagotik idazlanak egiten ibili bazen ere, Donostian ekin zion benetan Estornés Lasaren ibilbidea izango zenari, hau da, idazle, ikerle eta editore gisa lanean.

Donostian

Donostiara joatean Eusko Alderdi Jeltzalean afiliatu zen. Nafar Buru Batzarrarekin harreman estua izan ondoren, Izaba Buru Batzarra osatzea erabaki zuten. Horrela, Errepublika garaian Erronkariko eskualdean hainbat mitin antolatu zituen. Alderdiko partaidea zen arren, bere lan kulturalak aurrera ateratzeko autonomia mantendu behar zuenez, inoiz ez zuen goi-kargurik hartu nahi izan. Azken batean, Estornes Lasa ez zen inolaz ere gizon politikoa, kulturgintzan murgildutako aditua baizik.

Erbestean

Frantzian eta Belgikan egon zen, eta Parisen ezkondu zen Inaxi Zubizarreta donostiarrarekin. Baina berehala Txileko Santiagora alde egin behar izan zuten, eta bertan jaio ziren euren seme-alabak: Idoia, Garikoitz, Itziar eta Amaia. Nahiz eta urrun egon, euskara izan zen familiako hizkuntza nagusia.

Txilen igarotako urteetan, perfume laborategia sortu zuten, ihesian, dirurik gabe alde egin baitzuten. Laborategiari esker urteak egin zituzten Txilen, izan ere, sortutako negozioak aurrera egin zuen. 1958an itzuli ziren Txiletik bueltan Donostiara.

Bere lanak

Bere lehendabiziko obra,Erronkari, 1927. urtean ikasle zela eman zuen argitara. Geroztik etenik gabe jardun zuen euskara eta euskalduntasunari buruzko lanak argitaratzen. Laurogei obra baino gehiago argitaratu ditu, eta mota askotakoak gainera: poesia, antropologia, hizkuntza edo ikerketa-lanak, besteak beste. Nabarmentzekoak dira, halaber, soziologiaren inguruan eta etnologiari buruz egindakoak. Gainera, Enciclopedia General Ilustrada del País Vasco sortu eta bultzatu zuen (gaur egun oraindik ere euskal produkzioaren erreferente nagusienetako bat dena).

Eskualdeko datu geografiko, historiko eta bibliografikoez gain, arteari, kondairei eta janzkerei buruzko pasarteekin horniturik ageri da. Izabatik Donostiara joatean akademia bat sortu zuen anaiarekin batera. Horrela, argitalpengintzan murgildu ziren pixkanaka, euren lanak argitaratzeko, lehenik, eta besteenak, ondoren. Auñamendi, Beñat Idaztiak, Colección Zabalkundea, Historia del País Vasco eta beste hainbat bilduma sortu zituen.

Lan ugari idatzi zituen garaiko aldizkarietan. Esaterako, Txilen zela Batasuna egunkaria zuzendu zuen, eta ondoren, Euzkadi aldizkarian, kolaborazio lanak egiten jardun zuen. Bestalde, liburugintzan Euskal Herriaren inguruko historiaz berri handirik ez zegoela ohartuta, Historia del País Vasco idazteari ekin zion, atal politiko, antropologiko, soziologiko eta kulturalekin osatutako liburua, hain zuzen ere.

Eusko Ikaskuntzan lanean zebilela, etnologiari buruzko lan ugari argitaratu zituen Revista Internacional de los Estudios Vascos, (RIEV) aldizkarian. 1968an, berriz, Enciclopedia General Ilustrada del País Vasco bere lan handienaren lehendabiziko bolumena argitaratu zuen. Entziklopedia honetan Estornesen hiru lan bikainetakoak biltzen dira: Euskal Hiztegi Entzipledikoa, Entziklopedia Sistematikoa eta Euskal Bibliografia. Gaur egun, honen azken hitzak oraindik argitaratzen jarraitzen dute.

Pertsonaia garaikideak

Euskalgintzako eta abertzaletasunaren inguruko pertsonaia asko ezagutzeko aukera izan zuen Eusko Ikaskuntzan. Lizardi, Lauaxeta, Aitzol, Aranzadi, Azkue, Orixe eta beste hainbat izen nabarmenekin izan zuen hartu-emana. Tratu berezia, ordea, Arturo Campionekin izan zuen eta harreman intelektual eta pertsonal hori azken urteetaraino mantendu zuten.

Urte batzuk geroago, inprenta propioa sortu zuenean, hainbat idazlerekin izan zuen kontaktua, Gabriel Celayrekin edo Jose Mari Satrustegi besteak beste.

Jasotako sariak

Estornes Lasak ez zituen inoiz izan sariak gustuko. Halere, egindako lanaren ondorioz, sari ugari eskaini zioten burututako obra nabarmentzeko. Honela, 1992an, Eusko Ikaskuntzak Manuel Lekuona Saria eman zion, eta 1992an, Ohorezko Euskaltzain izendatu zuten C. Satamara, M. Ugalde, A. Zubicaray eta J.B Etcheberryarekin batera.

Bernardo Estornes Lasa 1999ko abuztuaren 10ean hil zen Donostian, 92 urte zituela.

Julio Caro Baroja

Antropologoa, etnologoa, historiagilea, linguista eta saiakera-idazlea, Julio Caro Baroja Madrilen jaio zen 1914ko azaroaren 13an, amaren aldeko euskal jatorriko familia batean. Pio Baroja nobelagile ezagunaren iloba zen. Gaztetan Berako (Nafarroa) herrira joan zen eta bere haurtzaroaren zati handi bat bertan igaro zuen osaba Piorekin. Honek eragin handia izan zuen Juliorengan.

Bizitzako lehendabiziko urteak

Caro Barojak Madrilgo Eskola-Instituan egin zituen lehenengo eta bigarren mailako ikasketak (1921-1931), eta han Francisco Barnesek historiarekiko interesa piztu zion. Horren eraginez bidaia liburu eta esplorazio geografikoetara zuzendu zituen bere lanak.

Batxilergo titulua eskuan zuela, eta unibertsitatean sartu aurretik, euskal etnologo eta irakasle ziren Jose Migel Barandiaran eta Telesforo de Arantzadirekin aritu zen lanean eta Enkarterrin (Bizkaia) egin zituzten ikerkuntza lanetan parte hartu zuen.

Madrilgo Unibertsitatean ikasi zuen, nahiz eta Gerra Zibilak honen ikasketak geldiarazi. Ondorioz, Beran amaitu zituen ikasketak. Aparteko emaitzak lortu zituen lizentziatura eta Antzinaroaren Historiako doktoretza (1940) ikasketetan. doktorego tesia Espainiako antzinateko erlijioen gaineko ikerketa baten inguruan egin zuen.

Bere lana

Antzinateko Historia eta Dialektologia katedren laguntzaile bezala aritu zen lanean, eta Pueblo Español Museoan zuzendari izan zen hamar urtez, 1944tik 1954ra. Giza Zientzietako Institutuan eta Penintsulako Etnologia Zentroan ere egin zuen lan.

1947an EuskaltzaindikoEuskaltzaindiko eta Bartzelonako Buenas Letras Akademiako kide izendatu zuten. 1951n, berriz, Ameriketako Estatu Batuetan Antropologia eta Etnologia ikasten aritu zen eta Washingtongo Smithsonian Institution eskolan irakasten. Hurrengo urtean, Oxfordeko Institute of Social Anthropology eskolan jardun zuen.

Koldo Mitxelena, Pio Baroja, Angel Irigaray, Antonio Arrue eta Julio Caro Baroja (1955)
Iturria: Koldo Mitxelena

Espainiara itzultzean, 1952an, Sahara Espainiarrean ikerkuntza lanak egiteko misio ofiziala agindu zioten eta 1957ra arte ibili zen horretan.

Baroja irakasle lanetan

Ondoren, Coimbran (Portugal) Etnologia eskolan klaseak ematen hasi zen 1960. urtera arte. 1961ean, berriz, Pariseko L`Ecole Pratique des hautes Étude ikastegian Ikasketen Zuzendari izendatu zuten, Gizarte eta Ekonomia Historia alorrean. 1962. urteko maiatzean Historiaren Errege Akademian sartu zen, “La sociedad criptojudía en la corte de Felipe IV” izeneko mintzaldi garrantzitsua batekin¿.

Klaseak eta hitzaldiak eman zituen Oxford, Munich, Bonn, Kolonia, Berkeley (AEB), Atenas, Bartzelona, Santander, Salamanca, Erroma eta beste zenbait hiritako unibertsitateetan. Museo Arkeologiko Nazionalaren Patronatuko batzordekidea izan zen, eta Euskaltzaindian, Bartzelonako Letra Onen Akademian, Espainiako Hizkuntzaren Errege Akademian, Hispanic Society of American, Alemaniako Arkeologia Institutuan, Portugalgo Arkeologoen Sozietatean eta atzerriko beste zenbait korporazio zientifikotan ere jardun zuen batzordekide gisa.

Jasotako sariak

Sari ugari jaso zituen, Giza Zientzietako Asturiasko Printzearen Saria (1983), Arte Ederretan Urrezko Domina (1984), Espainiar Letren Sari Nazionala, Menendez Pelayo Nazioarteko Saria (1989) eta Kulturaren Vianako Printzearen Saria (1995), besteak beste.

Baroja Telesforo Arantzadiren, Hugo Obermaierren, Jose Migel Barandiaranen eta Manuel Gomez Morenoren ikaslea izan zen. Ikertzaile irmoa eta zorrotza izateagatik egin zen ezagun, Gizarte Antropologia eta Espainiako herrien kulturan eta zenbait giza taldetan gotzaindua, eta historia, kultura eta gizartearen aurrean egonezina zuen gizona izan zen.

Bere ametsa

Kultur antropologiaren eta gizarte historiaren bidez lortutako aurkikuntzei ikuspegi bateratua emanez, gizakiaren eta horren kultur munduaren ikuspegi osoa ematea zuen helburu. Eremu zabalak jorratu zituela, gizarte historia orokorretik hasi eta historiaurrea, linguistika, teknologia, artea, herri-literatura, etnologia, zapaldutako gutxiengoen gizarte historia, numismatika, hirigintza eta mitologiaraino. Hortik sortu zitzaion osotasunaren etengabeko bilaketarako obsesioa.

Etengabeko zeregin historiografikoetan dago adituek ere ontzat ematen duten mito eta toki komunekiko grina. Caro Barojak laudagarriak diren eta beste interpretazioetarako oinarri bezala balioko duten jarrera analitiko zorrotzei erreparatu zien, onarturiko topikoen kritikak dokumentazio egoki baten bidez indartuak egongo direlarik.

Familiaren eragina

Caro Barojaren joera metodologiko eta filosofikoei dagokienez, familiak berarengan izugarrizko eragina izan zuen. Izan ere, bere amaren sentikortasun artistiko bikainak bat egiten zuen osabaren (Rikardo margolaria) egonezin espiritual zabalarekin. Horretaz gainera, Piok emandako tutoretzak, bere obraren oinarriak ezartzen lagundu zion.

Eragin arruntagoei begira, 30eko hamarkadan antropologiako gizarte ingelesean eta kultur antropologia amerikarrean izandako harremana aztertu behar da Malinowski, Tylor, Frazer, Lowie, Goldensweiser, eta urte batzuk geroago, Radcliffe-Brown, Evans-Pritchard eta Boas idazleen obren irakurketekin. Baina azkar aldendu zen “structural-functionalism” teoriatik, izan ere, zituen eskema eta lan egiteko teknikak ez ziren berarentzat nahikoak gizarteko alde diakronikoak aztertzeko.

Ikertzaile lana

Caro Barojak ez zituen sekula besteek azterturiko alorrak ukitu: bide berriak irekitzeko gai izan zen, eta ezezagunak ziren ikerketa eremuetara zuzendu eta azterturiko esparruetan neurri berriak atera zituen.

30 bat liburu eta ia ehun artikulu eta saiakera idatzi zituen: Materiales para una historia de la lengua vasca en su relación con la latina (1945), Los pueblos del norte de la Península Ibérica (1943), La vida rural en Vera del Bidasoa (1944), Los vascos. Etnología (1949), Vasconiana. De Historia y Etnología (1957) eta Etnografía Histórica de Navarra (1971), Los Vascos y la Historia a través de Garibay (1972).

Bestelako lanak

Gutxiengo zapalduen alorra ere Caro Barojaren gai kuttunenen artean sartzen da eta honen inguruan mintzo diren liburuen artean, azpimarratzekoak dira: Estudios saharianos (1955), Los moriscos del Reino de Granada (1957), Razas, pueblos y linajes (1957), Las brujas y su mundo (1961), Vidas mágicas e Inquisición (1967), El señor inquisidor y otras vidas por oficio (1968), Inquisición, brujerías y criptojudaísmo (1970) eta Los judíos en la España moderna y contemporánea (1961).

Jaien inguruan ere egin zituen zenbait ikerketa eta baita neguko, udaberriko eta udako zikloen inguruan ere: El carnaval (1965), La estación del amor (1979) eta El estío festivo (1984).

Julio Caro Baroja Itzean, Berako bere etxean hil zen gaixotasun luze baten ostean, 1995eko abuztuaren 18an.

Jose Mari Satrustegi

Etnografoa, antropologoa eta euskal hizkuntzan aditua, Arruazu (Nafarroa) herrian jaio zen hamar senideko familia batean 1930eko azaroaren 15ean. Txikitatik izan zuen erlijioranzko joera, eta hamabi urte zituela Iruñeko apaiztegian sartu zen. Bertan apez ikasketak burutu zituen, eta 1955ean lehendabiziko aldiz meza berria eman zuen bere jaioterrian. Madotzen egon zen bi hilabete eta erdiz, eta handik Luzaidera igorri zuten bikario. Handik Burundara bidali zuten, Urdiainera hain zuzen. 31 urte luzez jardun zuen bertan erretore gisa 1995ean erretreta hartu zuen arte.

Lehen urteak

Maisu handiak izan zituen apaiztegian: Goñi Gaztanbide ikertzaile ezaguna, Caro Baroja, Tovar edo Koldo Mitxelena euskaltzain-kide ospetsua, besteak beste. Munduan barrena ere ibili zen: Argentinan, Armenian, Belgikan, Errusian, Ameriketako Estatu Batuetan eta Japonian, esaterako.

Satrustegik txikitatik izan zuen paper eta dokumentuak jaso eta biltzeko joera. Bere lehendabiziko ikerlanak Luzaiden egon zen garaikoak dira. Orduan hasi zen aldizkarietan lehen aleak argitaratzen, eta euskal kulturarekin aurreneko harremanak izaten. Madotz, Luzaide eta Urdiainen egon ondoren, 65 urterekin erretiroa hartu zuenean, bere sorterrira itzuli zen, eta handik aurrera idazteari ekin zion buru-belarri.

Euskaltzaindia eta Nafarroa

1957an euskaltzain urgazle izendatu zuten, eta 1963an, berriz, euskaltzain oso. Gainera, hemezortzi urtez Nafarroako ordezkaria izan zen akademian, eta bertako ohiko zereginetan parte hartu zuen, Hiztegi Batuaren eta txosten ezberdinen prestakuntzan edo bestelako artikuluak idazten. Euskara Batuaren sorreran ere lagundu zuen.

Pixkanaka, Migel Javier Urmeneta bezalako politikari euskaltzaleak saiatu ziren euskaldunei euskarak zuen balioa erakusten. Hasierako lan hartan Urmenetaren gidaritzapean Jose Agirre, Aingeru Irigarai, Pedro Diez de Ultzurrun eta Satrustegi bera aritu ziren lanean, besteak beste. Herriz herri ibili ziren euskararen mugak zabaltzen eta euskara ongi hitz egiten zuten haurrak sarituz.

Aldizkarien eragile

Principe de Viana erakundeko zuzendariak, J.E Urangak Urdiainera bisita egin zuen batean, euskal gaiak jorratuko zituen aldizkari bat sortzeko ideia sortu zitzaion. 1968ko udan egin zen bileran, eta hurrengo urtean Fontes Linguae Vasconum aldizkaria argitaratu zen.

Satrustegi argitalpen kontseiluko kidea izan zen lehendabizi eta gero, 1988tik aurrera, zuzendaria. Guztira 60 lan inguru eman zituen aditzera aldizkari honetan. Beti prest zegoen egile berriei aldizkariko ateak zabaltzeko, bereziki egile horiek nafarrak baziren. Ondorioz, egile gazte eta berri askori sarrera emateaz gainera, euskararen jatorriaren inguruko lan frankori ere ateak ireki zizkion.

Cuadernos de Etnología y Etnografía de Navarra izeneko aldizkaria ere Satrustegik sortu zuen Julio Caro Baroja eta Jose Migel Barandiaranenlaguntzarekin, eta bertan, hogeita lau artikulu argitaratu zituen arruazuarrak.

Euskal izenak

Jose Mari hasieratik Euskaltzaindiko Onomastika batzordeko kidea izan zen, eta bertan, Euskal Herriko eskualdeen izenak, herri izenak, kale nahiz etxeen izenak, eta pertsonen izenak aztertu beharra izan zuen. 1957an, Luzaidera iritsi eta handik bi urtetara, Apellidos de la Baja Navarra lana kaleratu zuen, eta lau urte geroago, Aportanción al estudio de la onomástica tradicional vasca. Onomastikaren inguruan ere beste zenbait lan argitaratu zituen.

Baina Satrustegiren ekarpen arrakastatsuena Euskal Izendegia izan zen. Denborarekin euskal izenen irrika gehituz joan zen herritarren artean, eta hori dela eta, Euskaltzaindiak, herritarren eskariari erantzuteko, 1966ko zerrenda osatzeko beharra ikusi zuen. Akademiak aginduta Satrustegik bere gain hartu zuen zerrenda osatzearen ardura. Azkenean, Euskal Izendegiak 1972an ikusi zuen argia.

Lehendabiziko argitalpena Frankoren garaian egin zen. Jose Marik, dokumentu zaharrak eta herrian tradizio handia zuten izenak biltzeari ekin zion. Honi esker Ainhoa, Eneritz eta Nagore bezalako izenak onartu ziren. Bigarren argitalpenean, (1977), berriz arruazuarrak 500 izen gehitu zizkion bildumari. Hirugarren bat ere atera zuen 1980an, 1.600 sarrera baina gehiagorekin.

Satrustegiren lanek belaunaldi oso baten onomastika bideratu eta markatu zuten. Euskal Herritik kanpo ere hedatu dira euskal izenak, eta honetan Satrustegiren lanak zerikusi handia izan zuen.

Antropologia eta etnografia

Gaztea zela erakutsi zuen antropologia eta etnografiaren inguruko interesa. Esan bezala, Cuadernos de Etnología y Etnografía de Navarra aldizkarian zenbait artikulu idatzi zituen, eta arlo honetako beste zenbait liburu ere argitaratu zituen: solsticio de invierno (1974), Comportamiento social de los vascos (1981) eta Sakanerri barrena (1999).

Literaturan zaletasuna aspaldidanik zetorkion. Apaiztegiko urteetan asko irakurri zuen, eta jende xehearengandik jaso zituen ipuin eta elezaharretan oinarriturik, moldatutako beste liburu asko egin zituen. Horiek gerora euskararen irakaskuntzan maiz erabili dira:Lapur Zuriak (1981), ipuin miresgarriak (1982) edo Axelko eta Otsoko (1983).

Liburuak ez ezik, artikulu bat baino gehiago idatzi zituen herri literaturaren inguruan. Azken batean, Satrustegi bizitza osoan euskal hizkuntza eta kultura ezagutzera ematen eta zabaltzen saiatu zen. 2003ko martxoaren 23an hil zen.

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out / Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out / Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out / Aldatu )

Google+ photo

You are commenting using your Google+ account. Log Out / Aldatu )

Connecting to %s




%d bloggers like this: