Kantauriko labar artea Europako zaharrena dela frogatu dute

15 06 2012

‘Science’ aldizkariak azalean agertu du EHUko Marcos Garcia doktoreak parte hartutako ikerketa bat

Xabier Martin

El Castillo haitzuloko esku negatibo gorriak, 37.300 urtekoak azken datazioaren arabera. / PEDRO SAURA

Science-ren azala. / PEDRO SAURA

Europan aurkitutako labar artearen lagin zaharrena Frantziako Chauvet haitzuloan zegoela uste zuten adituek (Chauveteko zaldiak, 32.000 urte). Orain dela gutxi, Abri Castaneteko sabaiak (37.000 urte, Frantzian hori ere) hartu zuen ohore hori. Eta orain, berriz, nazioarteko hainbat unibertsitatek zein erakundek egindako ikerketa batek beste leku bat markatu dute: Kantauri isurialdeko haitzuloak, Asturiastik Euskal Herrira doan lerro osoa.

Europako Paleolitoko labar arte antzinakoenaren laginak dituzte Kantabriako eta Asturiasko (Espainia) 11 haitzulok, besteak beste, El Castillok, Altamirak eta Tito Bustillok; uranio/torio desintegrazio teknika berritzaileak hala frogatu du. Kantabriako El Castillon 40.800 urte baino gehiago dituen irudi bat datatu dute (disko gorri bat); uste baino 10.000 urte inguru gehiago ditu. 37.300 urteko antzinatasuna jarri diote, gainera, haitzulo horretako esku negatibo gorri bati; eta Altamirako kobazuloan, berriz, klabiforme gorri batek (triangelu handia) 35.600 urte dituela kalkulatu dute. Guztira 50 artelan datatu dituzte.

EHUko Historiaurrea eta Arkeologia Saileko kide Marcos Garcia da Science aldizkariak bere azalera ekarri duen ikerketaren egileetako bat; ikertzaileak utzi dituzten erakundeen artean daude, Bristol, Bartzelona, Sheffield, Alcala de Henares eta Kantabriako unibertsitateak, Giza Eboluzioaren Espainiako Ikerketa Zentro Nazionala (Burgos) eta Altamirako Museoa ere.

Uranio/torio desintegrazio teknika berritzailea erabili dute, karbono-14 proba baztertuta. Irudi gorriak datatzeko ez du balio; izan ere, materia koloratzaile ez-organikoa delako, burdin oxidoa. Karbono-14 beltzarekin erabili izan da asko, ikatza baita, gai organikoa. Hala, arlo paleoklimatikoan baliatzen den teknika labar artera ekarri dute adituek. Oso lagin kantitate txikiekin oso data zehatzak lortu dituzte. Oinarrizko lehengaia pinturaren azpian eta gainean metaturiko kaltzita izan da, eta ez pintura bera. Modu horretan, ez zaie kalterik egiten pinturei, ez baita beharrezkoa irudiaren materia koloratzailetik ezer erauztea.

Neanderthalak, bai ala ez?

Bristolgo Unibertsitateko Alistair Pikek zuzendu duen ikerketa horrek ondorio garrantzitsuak ditu labar artearen alorrean eta horrek gizateriaren historian duen kokapenean. Altamirako irudi batek 35.600 urte edukitzeak esan nahi du uste baino 15.000 urte lehenago hasi zela labar artea Altamiran, eta gizakiak hainbatetan izan direla han sabaiak eta paretak margotzen azken 30.000 urteetan. Beste ikuspegi bati bide ematen dio, beraz.

Baina Altamiraren (leku zehatz baten) garrantzitik harago, Homo sapiens eta Homo neanderthalensis-aren gaitasun sinbolikoaren eztabaida biziari ere eragiten dio. Labar artearen sorrera gizaki modernoari egozten zaio; Homo sapiens-arekin dago loturik zuzenean. Baina ikerketa honen ondorioek zabalik uzten dute beste aukera bat: Neanderthalgo gizakia izatea irudi batzuen egilea.

Hipotesi hori erabat baztertzen dute espezie horri margotzeko gaitasuna ukatzen diotenek, besteak beste, Juan Luis Arsuaga Atapuercako aztarnategiko zuzendariak. Kontua da Homo sapiens-aren eta Homo neanderthalensis-aren arteko muga kronologikoak asko estutzen ari direla. Gizaki modernoaren arrastorik zaharrenak 41.500 urtekoak dira Kantauriko isurialdean. Science-n argia ikusi duen lanaren egileek diote Europara iritsi ziren lehenengo Homo sapiens-ek bazutela ordurako sinbolismoarekin jokatzeko ahalmena. Datazioen ondorio bat da hori, baina Neanderthalgo gizakiaren esku hartzearen aukera ere ez dute baztertu.

Ikerketagai izan diren Kantabria eta Asturiasko haitzuloak munduko ondare izendaturik ditu Unescok, eta izendapen hori lortutako multzoan dira, halaber, Santimamiñe (Kortezubi, Bizkaia), Altxerri (Aia, Gipuzkoa) eta Ekain (Deba, Gipuzkoa). Horiek ere Kantauriko isurialdeko haitzuloak dira, baina labar artea berriagoa dute, Madeleine aldikoa (15.000-13.000).

 

Marcos Garcia Diez. EHUko Historiaurreko doktorea

«Agian, neanderthalak ‘sapiens’-ak bezain ‘sapiens’ ziren kultura aldetik»

X.M. Donostia

Historiaurreari buruzko errendimendu altuko ikerketa taldeko kide da Marcos Garcia Diez EHUko irakaslea. Homo neanderthalensis-ak mundu sinbolikoan jarduteko gaitasuna zuela ez du ukatzen. «Haien apaingarriak eta lepokoak aurkitu dira», dio. Sciencie-n argitaratutako ikerketak «inoiz baino gehiago» zabalduko du Neanderthalgo gizakiaren gaitasun sinbolikoaren eztabaida.

Uranio/torio desintegrazio teknika eginez gero, Kantabrian eta Asturiasen egin bezala, Euskal Herrian ere datazio zaharragoak lor daitezke?

Arenazan (Galdames) eta Venta Laperran (Karrantza) agian bai, baina Ekainen, Altxerrin eta Santimamiñen ez dut uste; horko margoak berriagoak dira, baita itxuraz ere.

Baliatu duzuen metodoa Frantzian eginez gero, datazioak atzeratuko lirateke han ere?

Beharbada, baina horrek guk zabaldu dugun teoria besterik ez luke indartuko.

Zein da teoria hori?

Homo neanderthalensis-aren gaitasun sinbolikoa ukatzen ez duena. 40.800 urteko datazioa egin dugu; bi espezieen arteko trantsizioa ordukoa da, 41.000 urtekoa. Zergatik ez zuen margotu Neanderthalgo gizakiak, lepokoak egiteko gai izan zela frogaturik bada? Beharbada, neanderthalak kultura aldetik sapiens-ak bezain sapiens izan ziren, hitz hori guretzat gorde dugun arren. Biologikoki neanderthalak ziren, baina kulturan?

Homo sapiens etorri berriek margotuko zituzten beharbada…

Agian, bai; baina, Homo sapiens antzinakoenen arrastoak Europan, Errumanian daude, eta 38.500 urte dituzte; arrasto genetikoak, ez beste objektuak. Zer pentsatu behar dugu?

El Castilloko 40.800 urteko irudia Homo neanderthalensis batek margotuko zuela esaten ari zara?

Seguruenera, bai, une horretan espezie nagusia Neanderthalgo gizakia izango zelako, nahiz eta bere gailurrean ez egon.

Baieztapen horrek hautsak harrotuko ditu.

Badakit; Homo neanderthalensis espeziearen eztabaida indartu eta aberastuko da.


Ekintzak

Information

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out / Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out / Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out / Aldatu )

Google+ photo

You are commenting using your Google+ account. Log Out / Aldatu )

Connecting to %s




%d bloggers like this: