Sorginak

21 05 2012

 

«Izan nahiko genukeena eta ezin garena izan irudikatzen dute sorginek»

 

Antropologian eta etnologian aditua da Jose Dueso; asko ikertu du sorginen eta mitologiaren inguruan, eta horren adibide dira idatzi dituen dozenaka liburuak.

Beñat Egues

Euskal kulturarekiko zaletasuna txikitatik datorkio Jose Duesori (Granada, 1956). Lagunekin mendira joaten zenean, tontorrera igo ordez, bidean geratzen zen, baserritarrekin Euskal Herriko sinesmenez hitz egiteko; eta hala hasi zen «debekatua» zegoena aztertzen.

Zer aurkitu zenuen?

Eskoletan irakasten ez zuten mundu ikaragarria! Herria ez zen esaten ziguten bezalakoa. Erdi galduta zeuden gauza asko zeuden, eta tartean mitologia, sorginak… Niri folkloreak eta inguru horrek txoratu izan nau beti.

Handia al da guk hemen daukagun altxor historiko eta mitologikoa?

Oso handia. Sorginak, izaki mitologikoak, kondairak… Gauza asko daude eta historiari buruzko informazio handia dago. Kontua da jendeak nahastu egiten dituela datuak, mendeak… Ezjakintasun handia dago.

Sorginen gaia ondo menderatzen duzu zuk. Azaldu pixka bat, nondik datoz sorginak, zer dira?

Fantasia asko dago horren inguruan, egia esan. Uste baino sinpleagoak dira gauzak, baina bere testuinguruan ulertu behar dira. Sorginak Elizak asmatu zituen, interes politiko eta erlijioso handiak zituelako eta emakumea arrisku modura ikusten zuelako. Kontua da emakumea zela Erdi Aroko andre eta jabe, garai hartako gizartea emakumeak kontrolatzen baitzuen: umeak izaten zituen, sendatu egiten zuen, natura ezagutzen zuen…

Zergatik beldur hori?

Elizak bere mendekoak kontrolatu nahi izan zituen eta, bai, emakumea etsai modura ikusten zuen. Orduan, emakumea sorginarekin lotu eta izaki beldurgarria zela zabaldu zuten. Izan ere, sorginek ikara ematen zuten, ustez naturaz gaineko gauzak egiten zituztelako, nahiz eta berez jende arrunta izan. Badakizu, gizartea nahi bezala mantentzeko etsaiak asmatu behar dira. Gaur egun ere gauza bera gertatzen da, krisia da gaurko sorgina.

Testuinguru hartan kokatu behar da, beraz, inkisizioa?

Tira, hor ere uste okerrak zabaldu dira. Sorginen heriotzen %99 botere zibilak bultzatu zituen. Inkisizioak sorginak hil zituen, bai, baina oso gutxi proportzioan. Inkisizioak berak, gainera, sorginen gaia alde batera uzteko esan zion Elizari, luzera erakundearen izen ona zikintzeko arriskua baitzegoen. Azken batean, jende askok zuen naturarekin harremana, eta asko har zitezkeen sorgintzat, baina ezin ziren ia herritar guztiak hil edo epaitu. Hemen ez ezik, ondorio hori beste leku batzuetan ere atera zuten.

Beste leku batzuetan? Askok uste dute sorginen kontua batez ere Euskal Herrikoa zela…

Ez, ez! Askotan, Euskal Herria irla kulturaltzat hartzen da, baina hori ez da egia. Ustez gure-gureak ditugun kondairak Europa osoan agertzen dira, eta sorginekin, berdin. Begira, adibide modura esango dut XV. mendean bi domingotarrek idatzitako Malleus Malefic Arum eskuliburua Europako inkisidore gehienek hartu zutela oinarritzat, eta, beraz, istorio guztiak errepikatu egiten dira: sorginak katu beltz bihurtzen zirela, pixa egin eta lainoak sortzen zituztela… Deituretan zegoen aldaketa bakarra: hemen sorgina Etxeberria zen, eta Alemanian, Schrader.

Orduan gezurra da euskal kultura bakartua egon dela…

Erabatekoa. Esaterako, hain euskalduna den trikitia italiarrek ekarri zuten trenbidea eraikitakoan. Baina antzina ere komunikazioa bazegoen herrien artean. Lauburuak edo ekiloreak Europa osoan aurki ditzakegu… Begira, hori hain da horrela, ezen batzuek dioten Greziako Polifemo jainkoa euskal Tartaloren kopia dela… Ez dago garbi, baina anekdota hor dago, nork daki!

Elkarri kopiatzen diogu?

Zalantzarik gabe. Erlijio berriak ondokoaren edo aurrekoaren ezaugarriak hartzen ditu bere barruan. Kontuan izan behar da mitologia hilda dagoen erlijio bat dela eta, hala, gaurko erlijioak biharko mitologiak izango direla. Hemen sanjoanak ospatzen ditugunean, berez solstizioa ospatzen ari gara.

Tira, sorginen gaira itzuliz… Zergatik iruditzen zaizkigu sorginak hain erakargarriak?

Izan nahiko genukeena eta ezin garena izan irudikatzen dutelako. Amets bat bezalakoa da. Ez da hegan egitea bakarrik, dena egin dezake sorgin batek: eguraldia aldatu, urrutitik hil… Baina hori dena teorikoki, noski. Badakigu hori ez dela egia.

Eta, zure ustez, ba al dago oraindik honetan guztian sinesten duen norbait?

Bai, neurri batean. Nafarroan eta… Oraindik ukenduak, konjuruak, kutunak eta horrelako gauzak egiten dituen jendea badago. Bai, bai…


Ekintzak

Information

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out / Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out / Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out / Aldatu )

Google+ photo

You are commenting using your Google+ account. Log Out / Aldatu )

Connecting to %s




%d bloggers like this: