Olentzero, mito bat baino gehiago?

10 01 2012

Egungo Olentzero antzinako mitoaren eboluzio kristaua da, edo beste zer edo zer dago horren atzean? Ezkutuko interesen bat, alegia?

 

Schwimmerren ustez, mitoak giza interesek interpretatuak dira, gizarte kapitalistetan interpretazioa bideratuagoa delarik, kontrol sinbolikoak giza dominazioaren dinamikan eragin handia baitu. Dominatzaileak etengabean bilatuko du sinboloen kontrola, dominatuak bere gidaritzapean mantendu ahal izateko. Dominatuen eta dominatzaileen historia nihilista horretan sortutako mito edo estruktura erlijioso oro botere zentroetatik sortua da, jarraitzen du E. Schwimmerrek. Indar naturalak baztertzen dituen azalpen metafisikoak botere nahia ezkutatzen du dudarik gabe, interes politiko-ekonomikoak; egun ere, sinboloen kontrolean aurkitu dute askok gizabanako galdua kontrolatzeko modua, egundoko botere iturria, noraezaren postmodernitatean. Horrela, ikus dezakegu nola erabiltzen dituen mitoak ezkutuan dabilen botere dominatzaileak kanpaina politiko eta ekonomikoetan. Jainkoaren heriotzaren ondorengo garai honetan jarraitzen dugu, filosofia postmodernistaren ustetan, jainko berriak bilatzen edota asmatzen bizitzan lekua eta zentzua aurkitu ahal izateko. Horrela, mito berriak asmatu edo zaharrak berriz interpretatu egiten dira etengabe, jainkoaren lekua betetzera heltzen ez badira ere. Horren adibidea dugu Santa Clause. Sustrai europarrak baditu ere, amerikarrek guztiz amerikartzat hartzen dute Santa Clause. Oso amerikarra da; izan ere, amerikar ametsaren bizitza oparoa irudikatzeaz gainera, moral sortzailea ere bada. Antza, Santa Clause New Amsterdamgo kolonoek asmatutakoa da, horretaz froga handirik ez badago ere. Lehenengo aldiz Weirren marrazki batean aurki dezakegu Santa Clause bizarrik gabea eta itxura holandarrarekin, egun ezagutzen dugunaren lehenengo marrazkia Thomas Nastek 1863an egin bazuen ere. E. Wolfen ustez, Nastek, amerikar zoologia politikoaren asmatzaileetarikoak, Santa Clause berrinterpretatu zuen benetako amerikar mito berriak sortzeko asmoarekin. Amerikar independentzia goraipatzeko sortuak izan baziren ere, azkenik, mito berriak nazio berriarentzako oinarri ideologikoa eratzera heldu ziren. Wolfek adierazi bezala, Weirren eta Nasten Santa Clausen artean ez dago eboluzio mitikorik, hutsune handi bat ezik. Bien artean ez dago ezer bigarren hau, Nasten Santa Clause hori, kontrol sinbolikoan beste eskailera maila bat baino ez da eta. Moral eta amets amerikarra aldarrikatzen duen mito berria izan zen Nastek sortutakoa, ez gizarteak tradizioaren bidez denboran aldatutako mitoa. Egungo Santa Clausek, tradizionalak bezala, jarraitzen du ume onei opariak ekartzen. Jarraitzen du moralitatearen zaintzailea izaten, oparien truke umeei onak izatea eskatzen baitie. Wolfen ustez, Santa Clausek Jainkoaren tokia hartu du zentzu moralean, laikoa izanik gizarte osora hel daitekeelako. Lehenago esan bezala, Santa Clausek, moralean bezala, arlo ekonomiko eta politikoan ere zeresan handia du. Santa Clausek, Renzo Serenok adierazten duen bezala, amerikar bizitzaren ustelkeria guztiak ezkutatzen ditu umeen aurrean. Gurasoek opari oso garestiak egiten dizkiete seme-alabei autoestimua erosteko. Baina, helburua hori bada, zertarako esan Santa Clausen zeregina dela opariak egitea? Santa Clausen papera oso garrantzitsua da antzezlan honetan, gurasoek nahi bezala, umeak paradisu zoriontsu eta inozo batean mantentzen dituelako haurtzaroan, gizartearen ustelkeriatik urrun. Gehiengoak eredu kapitalista defendatu eta goraipatzen badu ere, sentitzen du bere seme-alabek haurtzaro hobea behar dutela eta errealitatea gordinegia dela beraientzat, eta horregatik mantendu nahi dituzte ahalik eta denbora luzeenean haurren mundu zoriontsuan. Helduek haurtzaro galdua amesten dute. Santa Clausek errealitate kapitalistari buelta ematen dio, inbertitu egiten du; ume txiroek gabonetan izaten dituzten opari onei esker ezin izango diote errealitatearen miseriari antzeman ere egin. Baina, noizbait, iruzurra agerian geratzea ezinbestekoa da, eta errealitate kapitalistaren ustelkeria ere bai horrekin batera. Orduan ikusten du ume amerikarrak ezin duela gizakien arteko borroketatik ihes egin mundu zoriontsura, gurasoek engainatuta mantendu nahi baldin badute ere. Hala, beraz, etsipena nagusitzen da, eta bizirauteko borroka ulertezin bat ere bai horrekin batera.

Aztertu beharko litzateke, kristautasunak makillatu zuenetik, gure ikazkin lodikoteak gizartean duen influentzia. Santa Clause amerikarra den bezain euskalduna omen da gure Olentzero, Unidad Alavesaren kanpaina politiko batek gogorarazten digun bezala. Beharbada, Santa Clausek amerikar espirituari bezala egin dio mesede Olentzerok abertzaletasunari espainiar sinbologiaren inposaketari aurre egiteko. Baliteke baita ere, Olentzero moralaren zaintzaileetariko bat izatea. Baliteke, antikapitalista sentitzen garenon etxeetan Olentzerok opari garesti eta modernoak ekartzea. Baliteke, Euskal Herriko helduen haurtzaro frankista edo postfrankista gure umeengan errepikatu nahi ez izatea. Baliteke euskalduna amerikarrarengandik hain urrun ez egotea. Baliteke.


Ekintzak

Information

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out / Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out / Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out / Aldatu )

Google+ photo

You are commenting using your Google+ account. Log Out / Aldatu )

Connecting to %s




%d bloggers like this: