Argentinako diktadura

2 11 2011

Diktaduran tortura eta hilketa zentroan aritutako hemeretzi ofizial kondenatu dituzte, tartean Astiz

Berria-ko Erredakzioa

Alfredo Astizi Gustavo Niño deitzen zioten ume aurpegia zuelako. Santa Cruzen elkartu ohi ziren bahitutakoen eta hildakoen amak —segurtasun indarrek desagerrarazi zituzten horietako asko Astizen laguntzari esker—, eta gazte lotsati hura ostegunetako protestetara joaten zen haiekin. Gerturatu zen lehen egunean, poliziak oldartu zitzaizkien amei, eta gazteak haiek babesteko ahalegina egin ondoren, amen besoetakoa egin zuten. Ekintza haren atzean gorde zen Argentinako diktadurako torturatzailerik handienetakoa, eta horregatik kondenatu zuten atzo bizi guztiko kartzela zigorrera; harekin Jorge Acosta El tigre, Ricardo Serpico Cavallo, Adolfo Donda eta beste zortzi ofiziali ezarri die zigor bera Auzitegi Federalak. Hemeretzi zigortu dituzte guztira.

Segurtasun indarrek desagerrarazi zituzten amen artean zeuden Alice Damon eta Leonie Douquet mojak, eta baita Azucena Villaflor Maiatzeko Plazako Amen elkarteko sortzailea ere. Haiek eta beste bederatzi pertsona atxilotu zituzten 1977an, Astizek zelatatu ondoren. 1976 eta 1983 artean Argentinan tortura eta hilketa asko ESMA Armadaren Goi Mailako Mekanika Eskolan gertarazi zituzten. Han ekiten zuen 3.3.2 Lan Taldeak, eta handik atera eta bota zituzten De la Plata ibaira ehunka gorpu.

Atzo entzun zuten talde hartako hemeretzi ofizialek auzitegiak erabakitakoa. Epaitegiaren kanpoan biktimek, biktimen senideek eta lagunek ikusi ahal izan zuten zuzenean pantaila erraldoi baten bitartez, duela 26 urte hasi zen torturari buruzko erabakia.

Bi urte iraun du ESMAren epaiketak, eta prozesuan zehar zahartutako hiltzaile haiek egindako krimenak aldarrikatu dituzte, batere damurik erakutsi gabe. «Arrazoi ideologikoengatik» parte hartu zuten; diktadurako «langileak» ziren; erakundeetan infiltratzeko, hiltzeko, torturatzeko eta bahitzeko prestatu zituztela-eta «harro» daude; aberria defendatzen zuten «soldaduak» ziren.

160 lekukok hitz egin dute, horien artean bizirik ateratako 79 biktimak. Lehen pertsonan kontatu dituzte haiek egindako torturak, eta lekuko sare horiekin harilkatu dituzte gizateriaren kontrako 86 delitu. Zentro horretara eramandako atxilotuak, berriz, 5.000 inguru dira, horietarik gehienak desagerrarazitakoak.

Prozesu luzea

Alfredo Astizen eta gainerakoen epaiketaren abiapuntua 1987koa da. Orduan akusatu zituzten lehen aldiz, baina Barkamenaren Legea baliatuta, bertan behera geratu zen, eta prozesua berriz ere 2004an hasi zuten, legea bertan behera geratu eta gero.

3.3.2 Lan Taldearen zerbitzu sekretuetako burua zen Jorge Acosta ESMAn. Tortura gelara txandalean joaten zela kontatu dute lekukoek, Alfredo Astizek zekarren merkantzia aztertzera. Torturatuak oihuka zituen bitartean, txantxak egitea gustatzen zitzaion, nor biziko eta nor hilko zen erabakitzen zuen bitartean. Astizek, prozesuak iraun bitartean, Argentinako Konstituzioaren kopia bat eman zien epaileei, eta gogorarazi zien «jazartu politikoa» zela bera. «Nik konstituzioa bete nuen eta betetzen jarraitzen dut». Bera bezala aritu ziren 250 identifikatuta dauzka justiziak, eta horietatik 70 daude akusatuta.


Ekintzak

Information

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out / Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out / Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out / Aldatu )

Google+ photo

You are commenting using your Google+ account. Log Out / Aldatu )

Connecting to %s




%d bloggers like this: