zientziak

Zer dira gizarte-zientziak?

Gure bizileku den giza ingurunea, talde sozialak, familia eta pertsonak, jadanik ezarrita dauden portaerazko jarraibideek zuzentzen dituzte, eta faktore ugariren eragina jasotzen dute. Jarraibideak, orokorrean, alderdi soziologiko eta psikologikoen arabera ezartzen dira. Faktoreak, ostera, demografia, ekonomia, etnologia, pedagogi eta ingurumen alderdiekin lotuta daude. Jarraibide eta faktore hauek ezagutzea funtsezkoa da esparru guztietan giza garapen egoki bat lortzeko.

Ezagutza-sistema antolatua da zientzia, baita ezagutzak eskuratzeko erabiltzen diren metodoak ere. Zientzien artean, gizarte-zientziek kolektibo bateko kide bezala aztertzen dute gizakia. Gizarte-zientziek giza portaeraren zergatiak eta ondorioak ezagutzea dute helburu, gizabanakoaren zein gizartearen ikuspegitik.

Gizarte-zientziak eta natur zientziak

Aztergaian datza gizarte-zientzien eta natur zientzien arteko desberdintasunik handiena: lehenengoek gizabanakoen eta kolektibitateen arteko elkarrekintza aztertzen dute; bigarrenek, berriz, osagai fisikoak eta izaki bizidunen eta beren ingurunearen funtzionamendua ikertzen dituzte.

Honatx beste desberdintasun garrantzitsu bat: natur zientzietan aztergaia eta ikerketa-subjektua bereiz agertzen dira; gizarte-zientzietan, aldiz, aztergaia eta ikertzailea bat datoz. Desberdintasun horrek zalantzan jartzen du gizarte-zientzien izaera zientifikoa, zaila gertatzen baita gizakiak, berak sortzen duen errealitate soziala objektibotasunez ezagutzea.

Desberdintasun horiek sorrarazi dute zientzia modernoan kultura zientifikoaren eta kultura humanistikoaren arteko banaketa.

Gizarte-zientzien sorrera eta bilakaera

Gizarte-zientziak duela denbora gutxi sortu ziren eremu zientifikoan. XVIII. mendearen bukaeran eta XIX. mendearen hasieran sortu ziren, pentsaera ilustratuak jakintzarako arma gisa arrazoimenari eman zion garrantziaz geroztik. Montesquieu eta Comte frantziar pentsalariak, Marx alemaniar pentsalaria, edo Adam Smith eta Rikardo pentsalari ingelesak izan ziren, besteak beste, zenbait jakintzagairen sortzaileetako batzuk.

Gizarte-zientziei buruzko literatura XIX. mendean ugaritzen hasi zen Europan, gizarte-zientziei buruzko lehenengo aldizkariak, fakultateak eta ikerketa-zentroak agertu zirenean. Gizarte-zientziek aurrera egin zuten mundu zaharrak -Frantziako Iraultzak eta Industri Iraultzak mugiarazita- mundu zaharrak atzera egin ahala. Ekonomia, soziologia, antropologia eta psikologia bezalako zientziak zientzia autonomo bilakatu ziren XIX. mendean.

Gizarte-zientzien sailkapenaGizarte-zientziak sailkatzeko hainbat modu daude. Kontuan hartu beharra dago, ordea, zientzia batek ez dituela errealitateak banaka edo bereiz ikertzen, gainerako zientziekin batera baizik, zientziak elkarri lotuta baitaude. Horrela, zientzia batzuek zubi-lana egin ohi dute arlo desberdinen artean.

Honatx sailkapen-mota bat, zientzien erreferentzia-alorra irizpidetzat hartzen duena:

  • Gizarte-antolakuntzari buruzko zientziak. Gizarte-ingurunean eragina dutenak. Atal honetan gizarte-zientzia hauek daude: politika, soziologia, zuzenbidea, antropologia eta geografia.
  • Ekonomi antolakuntzari buruzko zientziak. Gizarte-antolakuntzan ere badute eragina, baina ekonomiaren ikuspuntutik. Esaterako, ekonomia.
  • Gizabanakoaren portaerari buruzko zientziak. Gizabanakoaren portaera aztertzen dute, bereziki psikologia.

Gizarte-zientzia nagusiak

Politika

Politika-zientziak gobernu-motak ikertzen ditu. Grezian izan ziren mendebaldeko politikari buruzko lehenengo gogoetak, K.a. V. mendearen bukaeran. Platon eta Aristoteles filosofoak izan ziren garrantzitsuenak arlo honetan.

Soziologia

Soziologiak gizakien elkarrekintza soziala azalduko duten lege orokorrak sortzea du helburu. Errealitate kolektiboak aztertzen ditu, eta giza taldeen portaeraren arau ezkutuak aurkitzen saiatzen da. Esan genezake beste zientzia batzuek bete ez zituzten hutsuneen ondorioz garatu dela soziologia. Comte frantziarra izan zen zientzia honen aita.

Zuzenbidea

Gizakiak gizartean egiten dituen ekintzak arautzen dituzten legeak zein arauak ikertzen ditu zuzenbideak, baita legeen eta arauen oinarria eta ezarpena ere. Mendebaldeko zuzenbideak zuzenbide erromatarra du oinarri.

Antropologia

Antropologiak animalia-espezie bezala ikertzen du gizakia, gizakiaren dimentsio soziala zein biologikoa aztertuz.

Geografia

Lurra deskribatzen duen zientzia da, gizakiak Lurrean egindako lana aztertzen duena. Hurbilean dituen zientzietatik lortutako datuekin lan egin ohi du geografiak.

Ekonomia

Honako hau ikertzen du ekonomiak: nola baliatzen diren gizakiak eta gizartea inguruko baliabide urriez ondasunak lortzeko eta banatzeko (gizarteko biztanleen artean kontsumitzeko) baliabide urriez. Merkatuan oinarritutako gurea bezalako gizarte batean ekonomiak garrantzi handia du.

Psikologia

Psikologiak gizakiaren motibazioak, prozesuak eta portaerak ikertzen ditu. Filosofiarekin lotu da hainbat urtez, eta hori dela eta, zaila gertatu zaio psikologiari filosofiatik bereiztea. Sigmund Freud, psikoanalisiaren aita, nabarmendu zen psikologian.

Historia

Litekeena da historia zientziarik zaharrena izatea. Greziarrek sortu omen zuten, eta historiaren hastapenetan Herodoto eta Tuzidides nabarmendu ziren (K.a. V. mendea). Historiak gizartean denboran zehar gertatutako gertaera nagusiak berregitea eta ulertzea du helburu .

Hauek datu basikoak dira, baina oraindik gehiago jakin ahal dezakezu gizarte-zientzien arloen sailkapenari buruz.

Gizarte-zientzien metodoa

Gizarte-zientziek natur zientziek erabiltzen duten ikertzeko metodo bera erabiltzen dute, gizarte-zientzien ikertzeko metodoak honako berezitasun hauek baditu ere:

  • Gizarte-gaietan beti ez da posible gertatzen esperimentuak egitea. Zenbait fenomeno ezin dira errepikatu behatu ahal izateko, nahiz gizarte-zientzia batzuk, psikologia esaterako, esperimentazioaz baliatu izan diren azterketarako bitarteko gisa.
  • Aurreko berezitasunaren ondorioz, zaila izaten da hipotesia egiaztatzea.
  • Gizarte-zientzia gehienetan zaila izaten da legeen matematizaziorik egitea, ekonomian izan ezik.

Metodo historikoa

Iraganeko gertaerak, berriz ezin gerta daitezkeenak, aztergai izatea du bereizgarri historiak. Metodo esperimentala ezin da, beraz, zientzia honetan erabili.

Gizarte-zientzien erabilgarritasuna

Egungo mundua etengabe aldatuz doa, eta gertatzen diren aldaketetara moldatu behar du gizabanakoak. Hori dela eta, erronka eta zeregin berriak sortzen zaizkie gizarte-zientziei. Horregatik, funtsezkoa da gizarte-zientzia desberdinen arteko lankidetza giza taldeen eta gizakien garapen ekonomiko eta soziala sustatzeko; behartsuen miseria, esplotazioa, ezjakintasuna eta sorgin-gurpila desagertzeko ahaleginak egin ditzatela.

Gizarte-zientzien berri jakiteko, jo ezazu UNESCO-ren web orrira.

Gizarte-taldeak. Familia

Fisikoki eta emozionalki bizirik irauteko, talde bateko kide izan beharra dugu. Familia eta lagunak dira gure harremanetarako hurbilen dauzkagun taldeak. Familiaren gizarte-esparru horretan eraikitzen dugu gure nortasun indibiduala eta soziala. Lagunekin premia emozionalak asetzen ditugu, hala nola onarpena eta errespetua. Ez dago familia-eredu bakar bat. Horren osaera, baita bertako kide bakoitzak betetzen duen eginkizuna ere, desberdinak dira gizarte bakoitzean, eta garatuz doaz denboran zehar. Gizarte industrializatuenetan familia tradizional batetik, zenbait belaunaldik osatua eta seme-alaba asko zituena, familia-mota moderno batera igaro gara, eta horrelakoetan, murriztu egin da seme-alaben kopurua eta emakumea lan-merkatuan sartu da.

Oinarrizko gizarte-taldeak: parekoetatik hierarkizatuetara

Oinarrizko taldearekin izango dugu gure lehen harremana eta hark du gutako bakoitzarengan eraginik handiena. Familia, haurtzaroko jolas-lagunak, koadrila… hasierako lehen harreman honen adibideak dira. Gure jokabidea gidatuko duten eta gure nortasuna eratuko duten arau, balio eta arrazoiak eskainiko dizkigu. Talde hauen barruko giro lasaian garen bezala agertuko gara.

Gure lagunekin berdinen edo parekideen arteko harremana bilatzen dugu, hierarkiarik gabekoa. Haiekin gauza asko partekatzen ditugu: belaunaldi bera, munduaz dugun ikuspegia edo helburu berberak.

Oinarrizko talde horien barruan hierarkia-harremanak egon litezke, eta esate baterako, lagun-talde baten barruan kideetako bat buruzagitzat hartua izan liteke, eta halaber, guraso eta seme-alaben arteko harremanean.

Parekoen talde oinarrizkoak

Parekoen taldeak nortasuna garatzeko gizarte-esparrua eskaintzen digu. Nerabezarotik aurrera, gure gurasoengandik bereizi eta gure nortasuna zehazteko beharra sentitzen dugu. Institutua, nerabeen kulturaren gune nagusietako bat, taldearen jokabide-arauak ikasteko eszenatoki bilakatzen da, eta gu, gure bizitzako subjektu aktibo bihurtzen gara esparru horretan. Taldeko gainerako kideak ispilu bat dira geure buruentzat.

Baina, adina eta ingurunearen arabera, lanbide edo genero berekoek ere berdinen arteko talde bat osa dezakete.

Zer da familia?

Familia erakunde unibertsal bat da, kultura guztietan dagoena. Oinarrizko talde honetan gure nortasun indibiduala eraikitzen dugu. Familia bateko kide izateak gizarte osoarekin lotzen gaitu, jaiotzen garen unetik bertatik. Halere, familia-arauak asko aldatzen dira gizarte batetik bestera.

Familia bat era askotara eraturik egon liteke, besteak beste:

Baina zer da familia gizarte-zientzientzat? Ezinezkoa da definizio bakar bat aurkitzea. Aukeratzen den zientzia-alorraren araberakoa izango da definizio hori.

  • Soziologiaren ikuspegitik, familia senidetasunezko elkarketa bat da, talde horren giza premiak asetzeaz arduratzen dena.
  • Ekonomiaren ikuspegitik, berriz, familia produkzio- edo kontsumo-unitate bat da.
  • Maila juridikoan, familia legezko lotura batek mugatzen du: ezkontzak, izatezko bikoteen erregistroak, adopzioak eta abarrek.

Halere, familiaren eta familiako harremanen azterketa gehien sakondu duen zientzia soziologia dugu, eta adar berezi bat sortu du: familiaren soziologia. Psikologiak ere familia-taldea ikertzen eta lantzen duten hainbat korronte garatu ditu, bertako kideen artean dauden harremanak eta elkarrekiko mendekotasunak aztertuz.

Familia-ereduak, bilakaera eta funtzioak

Gizarte-sisteman izandako aldaketek eragina izango dute bai familiaren osaeran eta bai egituran ere, eta horrek eredu desberdinak sortuko ditu.

Gizarte industrialetan familia, oro har, nuklearra da, ezkontzan oinarritua. Kide hurbilenekoek osatua dago, gurasoak eta seme-alabak barne. Landa inguruetako gizarteetan arruntagoa da familia-mota hedatuago bat, familia-unitatea hiru belaunaldik osatua dagoena.

Munduan oso eredu arrunta da, halaber, odolkidetasunezko familia. Horren barruan, funtsezko harremana ez da ezkontideen artekoa, baizik eta senidetasunezkoa. Seme-alabak kide guztien erantzukizuna dira. Eredu hori ezkontzan oinarritutako familiarena baino iraunkorragoa da, eta heriotza edo dibortzioa gertatuz gero, familiak aurrera jarraitzea ahalbidetzen du.

Familiak neolokalak, matrilokalak edo patrilokalak izan daitezke, beste senide batzuekin batera bizi diren ala ez kontuan izanik:

  • Familia neolokala: bikotekideek beren familien etxea uzten dute, beren etxebizitza propiora joateko. Arruntagoa da gizarte industrializatuetan.
  • Familia matrilokala: bikotea emaztearen senideekin bizi da. Familia-mota hau, batez ere, gizarte matrilinealetan nagusitzen da.
  • Familia patrilokala: emakumeak bere familiaren etxea utzi eta senarraren senideekin bizitzen jartzen da. Familia-mota hau baserri-guneetan bereziki eman da, non semeak aitaren ondasunak oinordetzan hartzen zituen.

Familia matrilokala zein patrilokalen kasuetan, etxe berean zenbait belaunaldik osatutako familia zabalak eratu daitezke.

Orain dela mende bat arte, mendebaldeko familiak produkzio ekonomikorako unitate ziren, landa inguruneko gizarteetan, eta aski ziren berak bakarrik. Gaur egun, bere kideak banaturik lan egiten dute. Egun, mendebaldeko familia kontsumo ekonomikorako unitatetzat hartu daiteke.

Familia tradizionala eta familia modernoa

Landa eta nekazaritza inguruetako familia, joan den mendeko aldaketa handien ondorioz, familia hiritar eta industrial bilakatu da. Kide bakoitzak ordu arte egin izan dituen eginkizunek ere aldaketa horien eragina pairatuko dute.

Familia tradizionala

Familia tradizionalak produkzio-unitate gisa jokatzen zuen. Aitak, amak (lotura erlijioso eta/edo legezko batek elkartuak) eta beren seme-alabek osatzen zuten familia. Izaera patriarkala zuen, eta aitak familia-buru gisa jokatzen zuen, ama etxe barruko esparrura mugaturik geratzen zen bitartean, oso gutxitan lan egiten baitzuen etxetik kanpo. Kideek familiaren beharra zuten beren biziraupenerako, babeserako eta hezkuntzarako. Dibortziorik ez zegoenez gero, heriotzak bakarrik puskatu zezakeen nukleo hori, gutxienez legearen aldetik.

Familia modernoa

Gizarte industrialak, pixkana-pixkana, murriztu egin zituen familiaren funtzioak, bere produkzio-ahalmen hori kenduz. Familia modernoan emakumea ordaindutako lanak egiten hasiko da etxetik kanpo, eta horrekin batera, gutxitu egingo da seme-alaben kopurua. Gaur egun, familiaren egitura demokratikoagoa eta anizkoitzagoa da.

Badira familiak guraso bakarrekoak, lotura erlijioso edo legezkorik gabeko bikoteak, etab. Familia modernoaren ezaugarria harremanetan, egoitza mailan eta ekonomian duen independentzia da. Jada ez da leinuak finkatzeko tresna bat, baizik eta kideen talde murritz bat.

Familia tradizionalaren eta familia modernoaren arteko aldeak
Familia tradizionala Familia modernoa
Patriarkala Demokratikoa
Seme-alaba ugari Seme-alaba gutxi
Emakumea etxe-esparruan Emakumea etxetik kanpo lanean
Gizon-emakumeen lanak banaturik Eginkizunen malgutasuna
Familia unitate ekonomiko gisa Familia kontsumo-unitate gisa

Familia Euskal Herrian

Landa-eremuan euskal familia baserrien inguruan eratuta zegoen. Halako errodura dute baserriek, oraindik ere horietako bateko kide izatea bertako biztanleentzat ezaugarri bereizgarri baita. Sarritan pertsonaren izenari baserriarena ere eransten zaio. Esate baterako, Miren Iturrigorrikoa.

Familia-nukleoa kide ugarik osatua dago: aiton-amonak, osaba eta izeba ezkongabeak, gurasoak eta seme-alabak. Emakumeak eramaten zuen etxeko ekonomia eta animalien zainketan nola baratzean lan egiten zuen.

Industrializazioak bizimodu berri bat ekarri zuen eta zenbait aldaketa familiaren barruan, besteak beste, bere kide-kopurua murriztea. Baina familia-ereduaren aldaketa handi hori demokraziarako trantsizio-garaiarekin batera eta erlijio, gizarte nahiz kultur mailako aldaketarekin batera gertatu zen. Familia tradizional hartatik askoz ere anizkoitzagoa den beste batera igaro gara, familiako bizitza egiteko modu desberdinak onartzen dituena. Lege mailako babes-neurri ugari zituen eredu tradizionalak eredu irekiago eta demokratikoago bati eman dio bide.

Ezkontza-tasa gordina Euskal Herrian (ezkontza-kopurua 1.000 biztanleko)
1975 ………………. 8,71
1980 ………………. 5,78
1985 ………………. 4,39
1990 ………………. 4,75
1995 ………………. 4,62
2001 ………………. 4,81

Iturria: INE.

Euskal Herrian, 1976. urtetik aurrera, jaiotza-tasaren beherapen garrantzitsu bat ikus daiteke, batez ere faktore ekonomikoek eta emakumea laneratzeak bultzaturik, baita ezkontzeko adina atzeratzeak ere.

Gaur egun, gurasoak eta seme-alabak elkarrekin pertsona gisa hazteko esparru gisa ikusten da familia, geroz eta gehiago.

Ezkontza eta dibortzioa

Ezkontza

Ezkontza gizarte-erakunde bat da, publikoki berretsia, eta horrek, bikotea elkartzen du, zenbait eskubide eta betebehar finkatzeaz batera. Antzinatik datorkigu, eta gizarte-ekitaldi baten bitartez publiko egiten da, gehienetan jai baten bitartez. Senar-emazteen eskubideak eta betebeharrak Kode Zibilean eta beste arau osagarri batzuetan jasoak daude.

Legeriaren arabera, zibila edo erlijiosoa izan daiteke ezkontza. Lehenengoa epaile, alkate edo ordezkari baten eta bi lekukoren aurrean egiten da. Ezkontza erlijiosoa doktrina jakin batean oinarritutako konpromiso bat da. Egun, legeak lau erlijio-erritu onartzen ditu: kanonikoa, ebanjelikoa, musulmana eta hebrearra.

Konpromiso hori hartzeko beste modu batzuk dira hauek: ahalordez (ahalordea duen pertsona batek ezkonberrietako bat ordezkatuko du, hark bertan egoterik ez duelako), ezkutuko ezkontza (espediente erreserbatua duela), eta ezkontza kontsularra, atzerrian kontsuletxean edo enbaxadan egina.

Ezkontza homosexuala

Ezkontzaren legezko definizioak gizon baten eta emakume baten arteko bizikidetza aipatzen du, ezkontza homosexuala baztertuz. Ezkontza homosexuala sexu bereko bi pertsonen arteko elkarketa litzateke.

Holandan homosexualen arteko ezkontza onartu izanak, beren eskubide eta obligazio guztiak dituztela, adopzioarena ere barne, eztabaidari bidea zabaldu dio gure gizartean.

Baliogabetasuna, banantzea eta dibortzioa

Baliogabetasuna, hain zuzen ere, ezkontzarik izan ez dela dioen epai bat da, hau da, hura egin zen unetik baliogabea dela.

Ezkontideak banantzea bizikidetzari amaiera eman zaiola jasotzen du, lotura juridikoari eutsiz baina haren ondorioak ezabatuz. Edozein ezkontidek eskatu dezake epailearen aurrean banantzea, eta legezko arrazoiak, abandonua, desleialtasuna, tratu txarrak, etab. badaude banandu daiteke.

Dibortzioa prozedura judizial baten bitartez ezkontza desegitea da, eta ezkontideei berriro ezkontzeko aukera ematen die.

Horietako edozeinetan honakoa erabakiko da: seme-alaben zaintza nori dagokion, elikadura-pentsioa eta bisita-eskubideak, erregimen ekonomikoaren likidazioa eta ondasunen banaketa.

Izatezko bikoteak

Egungo gizartea irekia eta heterogeneoa da eta ezkontza konbentzionalarekin loturiko familiaren kontzeptuaren eskema zurrunak puskatu ditu. Izatezko bikoteak, beren elkarketa hori arautzen duen kontraturik gabe, errealitate bat dira gaur egun.

Gure erkidegoan, eta Euskal Herriko izatezko bikoteak arautzen dituen maiatzaren 7ko 2/2003 Legearen arabera, izatezko bikotetzat hartzen da honakoa: “…bi pertsonaren arteko elkartze askearen ondorioa; pertsona horiek adinez nagusi edo adingabeko emantzipatuak izan behar dute, gaitasun osoa izan behar dute, eta ezin dute euren artean lerro zuzeneko odol- edo adopzio-ahaidetasunik eduki, ez eta alboko lerroko bigarren mailako odol-ahaidetasunik ere. Harreman sexual edo afektiboa izan behar dute elkarren artean, eta berdin izango da pertsona horiek sexu berekoak edo desberdinekoak izatea. Gainera, bikoteko kideek, ez batak ez besteak, ezin dute ezkontza edo izatezko bikotearen bidezko loturarik izan beste inorekin ere…”.

Legez izatezko bikotetzat hartua izateko, interesa dutenek Euskal Herriko bikoteen erregistroan edo dagokion udalerriko erregistroan izena eman behar dute.

Lege horren arabera, izatezko bikoteen eskubideak eta obligazioak, homosexualenak ere barne, berdindu egiten dira ezkonduta dauden pertsonekin Euskal Herriaren eskumenekoak diren gaietan, hala nola harrera, adopzioa, osasun-zerbitzuak, zerga-erregimena, etab. Nolanahi ere, legez, izatezko bikoteak ezin du alarguntasun-pentsiorik jaso beste kidea hilez gero.

Gizartearen eraketa

Nola sortu zen gizakia Lurrean? Hori azaltzen saiatzen diren hainbat teoria daude, baina dakiguna da inoiz ez dela bakarrik egon. Hasieratik, gizakiak bere antzekoekin elkartzea bilatu du bere biziraupena ziurtatzeko. Hasiera batean helburu zehatzak zituzten talde xumeak baziren ere, ehiztari-taldeak adibidez, eboluzionatu egin dute eta gaur egun gizarte konplexu bihurtuak ditugu. Gaur egun, gizartea antolatzeko era ugari daude, familiatik hasi eta nazioz gaindiko elkarteetaraino, hala nola, enpresa, sindikatu, emakume-elkarte edo gobernuz kanpoko elkarteak.

Taldeak

Sua egiteko egurra bilatu, ehiza egin, arrantza egin, babestuta egoteko tokiak bilatu…, gizakiak taldean askoz errazago egiten dituen zereginak dira.

Taldeak, elkarren artean harremanak dituzten gizabanakoez osaturiko unitateak dira. Elkarte oso egonkorrak dira, bere kideak taldeko kide bezala identifikatzen dira eta kanpotik ere hala direla ikus daiteke.

Talde-motak

  • Oinarrizko taldeak.
    Kideak elkarren artean komunikatzen dira. Sinesmenak eta gizarte-jarduerak, argotak eta tradizio berdinak garatzen dituzte. Elkarte unibertsalenak dira, giza bizitzako eremu guztietara hedatzen baitira. Hauen antzinako adibide bat aipaturiko ehiztari-taldeak dira, gobernatzeko mekanismo informalek osatuak. Bere barne-eztabaidetako arazoak talde beraren barnean konpontzen ziren.
  • Bigarren mailako taldeak.
    Eskala handiko elkarteak dira, eta beren kideen arteko harremanak inpertsonalak, formalak eta burokraziaren bitartez erregulatzen dira. Arazoak ez dira jadanik hurbileko taldean konpontzen; aitzitik goragoko instantzietara jotzen da. Erakundeak, enpresa handiak, gobernuz kanpoko erakundeak eta Estatuak ditugu era honetako adibide garbiak.

Gizarteak

Gizaki-taldeen eboluzioa erabat lotuta dago konpondu behar dituzten arazoekin. Gero eta arazo konplexuagoak konpontzeko beharrak, talde hauek beste talde zabalagoetan elkartzera eraman zituen. Hauek dira gizarteak.

Gizartea, helburu zehatzak lortzeko asmoz elkarrenganako laguntza ziurtatzeko kultura bera garatu duten gizaki-taldeen elkartea da. Gizarte oro antolamendu bat bezala eratuta daude, eta horrek esan nahi du harremanak nahiko egonkorrak eta zehatzak direla beren kideen artean.

Oinarrizko gizarte-erakundearen adibide bat familia da. Bertan, garbi bereizten dira bere kideen rolak, betetzen duten zereginaren arabera. Aita eta amaren arteko zereginen banaketa ez da hautazkoa; aitzitik bere gizarteko kultur eredu nagusienei dagokie.

Gizartea antolatzeko erak

Soziologoek gizarte-erakundeen sailkapen desberdinak ezarri dituzte. Oso erabilia den sailkapen batek bost mota hartzen ditu kontuan.

Tribu-komunitatea

Gizarte-erarik zaharrena da. Tribu-komunitatea familia-taldeak elkartzeagatik sortzen da. Lan-banaketa oso mugatua izatea du ezaugarri. Bere kideen helburua biziraupena da eta herri-jabetza garatzen dute. Gizarte honetan hierarkia ia garatu gabe dago. Tribu-komunitatea, hasiera batean, nomada eta artzainek osatua izan zen. Nekazaritza ezagutu zutenean, ordea, lurralde batean finkatu ziren. Ekoizpena gehitzeko esklaboak erabiltzen ziren. Tribu-komunitatetik, gainerako komunitateak sortu ziren.

Asiar komunitatea

Klase bereizketarik gabeko eta batez ere nekazaria den gizarte-mota bat da. Lurrak goreneko boterearen jabetzapekoak dira eta herriak lantzen ditu. Erregimen politikoari dagokionez, herriak ezin du erabakirik hartu eta bere komunitatearen liderraren menpe dago. India, Mexiko edo Peru bezalako herrialdeek oraindik gizarte-eredu hau mantentzen dute.

Antzinako gizartea

Tribuak elkartuz eratutako komunitate-mota bat da; bere adibide klasiko eboluzionatuena Erromako eta Greziako gizarteak izan ziren. Lurrak Estatuarenak dira, baina jabego pribatua agertu eta garatzen da. Herri-jardueretan parte hartuz jabegoa eskuratzen da, bereziki aktibitate militarraren bitartez. Erroman, hasiera batean patrizioei bakarrik onartu zitzaizkien propietate hauek eta geroago plebeari, baina inoiz ez esklaboei. Propietate-irizpide hau gizarte-klaseen agerpenaren jatorrian dago.

Gizarte feudala

Lurraren jabegoa jabe handien eskuetan dago. Jabe handi horiek esklaboak dituzte beren lurretan; horiei babesaren truke errentak eskatzen zaizkie. Gizarte oso hierarkizatua da, eta esklaboak jaunaren lurrari “lotuta” daude.

Lan-banaketa oso mugatua da, esklaboek dena egiten dutelako. Hirietan, hierarkizatze urri horren adibidea artisauen erakundeetan antzematen da; bertan maisuek beren mende zituzten ikasleak eta ofizialak.

Gizarte kapitalista burgesa

Hirietan, hots, burguetan, gertatutako merkataritzaren gorakadak gizarte-klase berri bat sorrarazi zuen: burgesia. Aurkikuntzei esker merkatuak eta produktuak hedatzeak botere-gune bilakatu zituen hiriak. Burgesia Flandesen, Herbeheretan eta Italiako iparraldean sortu zen, hau da, merkataritza eta manufaktura-jarduera garrantzitsuena zen tokietan.

Frantziako Iraultzaren ondoren, burgesiak boterea hartu eta esklaboek zituzten erlazio feudalak liberatu ziren, guztiek hiritar izaera hartuz. Iraultza Industrialeko garapenak liberatutako esklaboek hirietako fabriketara emigratzea eragin zuen, eta horrela, langileria, hau da, langile-klasea sortu zen.

Burgesia nazionalak XIX. mendeko ordezkaritzazko demokrazien euskarri izan ziren. Horrekin batera, langile-klaseak gizartearen liberaziorako ereduak aurkitu zituen marxismoa eta anarkismoa bezalako ideologietan. Marxismoarentzat, langileriak bere askapenaren alde eginiko borrokak langileriaren diktadura ekarriko luke, klaserik gabeko gizartera iritsi aurreko pauso gisa. Nahiz eta iraultza marxistak arrakasta izan zuen tokian, adibidez Sobietar Batasunean, emaitzak oso txarrak izan, langileen eskakizunetan horiek aplikatzeak haien egoera hobetzeko eta haien eskubideak onartzeko balio izan du.

Erakunde politikoak

Gaur egun, gizarte-erakunde konplexuetan garrantzitsuena Estatua da.

Estatuaren ezaugarri nagusiak

Legearen inperioa

Estatu demokratikoetan, legearen espresio gorena Konstituzioa da. Estatuaren antolaketa eta legeak bere menpe daude.

Boterearen banaketa

Estatu demokratikoa hiru botere bereiziez eratuta dago.

  • Botere Legegilea.
    Parlamentuak herriaren aginpidea ordezkatzen du. Bere kideak herritar guztien artean aukeratzen dira. Parlamentuak Botere Legegilea betetzen du eta Gobernuaren ekintza kontrolatzen du. Ganbara batez edo biz osaturik dago estatuen arabera.
  • Botere Betearazlea.
    Botere Betearazleak (Gobernuak) Botere Legegilean (Parlamentuan) du bere oinarria. Bere helburua Estatuko ekintzak gestionatzea da. Presidentetza eta departamentu ezberdinetako ministerioek osatzen dute. Praktikan, bera dugu botere nagusia.
  • Botere Judiziala.
    Legea bete dadila bermatzeko arduraduna da. Betearazlearen akats posibleak eta Legegilearen eginkizuna kontrolatzen ditu.

Gizartearen harreman-motak

Harreman bertikalak

Gizartearen egitura soziala, pertsona eta taldeen status eta rol ezberdinen artean ezartzen da. Boterea betetzeko era bat autoritatea da.

Autoritatea

Politika zehazteko, ekintza garrantzitsuak epaitu eta eztabaidak konpontzeko edonolako giza ordenetan ezarritako eskubidea da. Max Weberrek legezko hiru autoritate mota ezarri zituen: karismatikoa, tradizionala eta lege-arrazoizkoa.

Harreman horizontalak

XVII. mendetik aurrera, erakunde konplexuak, bereziki politikoak, pertsonen arteko adostasunetan oinarritu beharko liratekeela defendatzen zuten teoriak sortu ziren. Horietako bi nabarmenduko ditugu.

Kontratuzko baldintza

XVII eta XVIII. mendeetan garatu zen eta Hobbes, Locke, Rosseau eta Kantek horren alde egin zuten, zenbait aldaera izan zituzten arren. Teoria hau gizarte-kontratuaren ideian oinarritzen da. Gizabanakoek bere askatasunaren parte bati uko egiten diote ziurtasunaren truke.

Adostasunezko jarrera

Bere defendatzaile nabarmenena Parson estatubatuar soziologoa izan zen. Parsonek gizarte balore gorenak guztien artean banatu behar direla uste du. Hori da gizarte-adostasunaren funtsa. Teoria hau oso kritikatua izan zen gatazkaren aukera kontuan hartzen ez duelako.

Gizartearen eraketa politikoa

Gero eta maizago entzuten dira kalean, solasaldietan eta kafetegietan “ni apolitikoa naiz” edo “politikari denak berdinak dira” bezalako esaldiak. Adituak, bestalde, “ideologien amaiera” edo “multinazionalen boterea”ri buruz ari dira. Honengatik, gizartearen eraketa politikoa ezagutzea inoiz baino beharrezkoagoa da. Izan ere, Aristotelesek gizakia “abere politiko” gisa definitzen zuen. Eraketa politikoa giza elkarterik garrantzitsuena da, gure gizarte-bizitza erabakitzen baitu. Bere funtzionatzeko era ezagutzea ezinbestekoa da gure eskubideak eta eginbeharrak zein diren jakiteko.

Gizartearen antolakuntza ekonomikoa

Gaur egungo gizarteak bizi izateko eta ondasunak nahiz zerbitzuak bereganatzeko lan egin eta ekoizten du. Ondasunak bi motatakoak izan daitezke: libreak -mugagabeak, airea bezala- edo ekonomikoak -urriak, eta salneurri baten truke eskuratzen direnak-. Eragiketa horiek guztiak egiten diren eremua da ekonomia. Ekonomiaren ikuspegitik, merkatu handi batean bizi gara, eskaintza-eskarien legeak zuzentzen du merkatua, eta dagokiona zergen bidez biltzen duen administratzaile publiko bat dago merkatu horretan. Herrialde baten ekonomiaren egoera Barne Produktu Gordinean (BPG) eta Kontsumoko Prezioen Indizean (KPI) -oinarrizko bi indize- gertatzen diren aldaketetan ikusten da.

Ekoizpena, banaketa eta kontsumoa

Biztanleen beharrei erantzuteko, ondasunak, produktuak, salgaiak edo zerbitzuak sortu behar izaten ditu gizarteak. Horiek guztiak beste ondasun batzuk ekoizteko trukatu edo erabili ohi dira. Jarduera honi ekoizpena esaten zaio.

Produktua, beraz, pertsona, enpresa edota herrialde baten ekonomi jardueraren emaitza da. Gordina da bestelako kontzepturik kontuan hartzen ez denean, eta garbia, produktua egiteko behar diren kostuak kentzen zaizkionean.

Gizarte baten ekonomia produkzio-erritmoaren arabera dago, bai eta gizarteak dituen baliabideen arabera eta jarduera honen errentak banatzeko moduaren arabera ere. Baliabideak desberdin banatzeak aberastasuna desberdin banatzea dakar. Globalizazioak agerian jarri ditu munduko desberdintasunak, Nazioarteko Moneta Funtsak (NMF) adierazten duen legez.

Ondasun ekonomikoak ekoiztearen azken helburua gizarteak horiek kontsumitzea da, hau da, ondasunak erostea, eta, ondorioz, kontsumo-ondasunak ekoizten dituztenek dirutza egitea. Ekoizpena bi irizpide hauen arabera dago:

  • Ondasunaren baliagarritasunaren arabera.
  • Kontsumitzailearen errentaren arabera.

Merkatu-ekonomia. Eskaintza-eskarien legea

Gizarte bateko agente ekonomiko guztiak harremanetan jartzen dira merkatuan ondasunak, zerbitzuak edo salgaiak trukatzeko. Merkatu-ekonomia izeneko sistema ekonomikoan prezioaren finkapena librea da; ez ditu ezein erakunde publikok edo pribatuk finkatzen.

Merkatuaren funtzionamendua

Merkatuaren funtzionamenduan ezinbestekoak dira hiru aldagai hauek:

  • Eskaintza
    Merkatuan salneurri jakin baten truke sal daitezkeen ondasun eta zerbitzuak.
  • Eskaria
    Kontsumitzaileek merkatuan erosiko dituzten ondasun eta zerbitzuen kopurua. Ondasunak bereganatzeko onurek, horien salneurriek eta kontsumitzailearen errentek zehazten dute erosketa.
  • Salneurria
    Merkatuko denboraldi jakin bateko produktu baten eskaintzaren eta denboraldi bereko produktu beraren eskariaren arteko harremana.

Eskaintza-eskarien legea

Merkatuak eskaintza-eskarien legearen arabera jokatzen du:

  • Prezioek gora egiten dute eskaria eskaintza baino gehiago handitzen denean.
  • Prezioak merkatu egiten dira eskaintza eskaria baino gehiago handitzen denean.
  • Oreka-prezioa, berriz, eskatzen den ondasun-kantitatea eta eskaintzen dena bat datozenean gertatzen da.

Prezioen eraketa eta KPI

Prezioa salgai baten edo zerbitzu baten truke ordaintzen den diru-kopurua da. Ondasun baten balioa da, moneta-unitateetan finkatzen dena edo trukean diruaren egitekoa duen beste edozein salgairekiko baliokidetasunaren arabera zehazten dena.

  • Prezioak eskaintza eta eskariaren arteko elkarrekintzatik sortzen dira.

Kontsumoko Prezioen Indizea (KPI) edo bizi-kostua

KPI beste modu batean esateko terminoa “Bizitzaren kostua” da. Hilean behin jakitera ematen den indizea da, inkesta baten bidez lortzen dena.

Urtean behin azterlan bat egiten da, hiritarrek kontsumitu ohi dituzten produktuen (ogia, elektrizitatea edo hiriko garraioa, besteak beste) kantitateak eta prezioak ezagutzeko. Ondoren, prezioak elkarrekin konparatzen dira, eta indizeak adieraziko du zenbat aldatu diren denboraldi bakoitzean kontsumitutako ondasun eta zerbitzu horien (erosketa-saskia) prezioak, oinarri-urteko prezioekin konparatuz.

KPI inflazioaren adierazle nagusia da. INEK (Estatistikako Institutu Nazionala) indize hori kalkulatzeaz arduratzen den erakundea da.

Botere publikoen zeregina ekonomian. Arauketa, orientazioa eta zerga-arloa

Sektore publikoa agente erabakigarria da ekonomian dituen zereginengatik: zergak (bere diru-sarrerak) biltzen ditu, eta hiritarren onurarako gastuak egiten ditu, errepideak, aireportuak, ikastetxeak, segurtasun-zerbitzuak, osasun-zerbitzuak eta abar eraikiz.

Sektore publikoaren zereginak

  • Ekonomia-baliabideak esleitzea.
  • Baliabideak eraginkortasunez erabiltzea.
  • Ekonomia egonkortzea.
  • Errenta banatzea.
  • Ekonomia garatzea.

Sektore publikoak jarduera jakin batzuk, premia biziko ondasunen prezioak eta merkatuak arautzen ditu lege eta dekretuen bidez. Sektore publikoak ekonomia gehiegi arautzen duenean, interbentzionismoa gertatzen da.

Zerga-sarrerek, zergetatik edo zor publikoren jaulkipenetik datozenek, eta gastuek sektore publikoaren aurrekontua osatzen dute.

Zuzeneko eta zeharkako zergak. BEZ

Gizabanakoek eta enpresek Administraziori ematen dizkioten diru-kopuruak dira zergak, haiekin gastu publikoak ordaintzen dira.

Euskal Erkidegoak zerga-sistema propioa du, arautzeko eta kudeaketa egiteko ahalmenarekin. Zerga-sistema Foru Aldundien eskuetan dago, hiru herrialde historikoak, Araban, Gipuzkoan eta Bizkaian, baina Legebiltzarren esku dago zerga-koordinazio, harmonizazio eta lankidetzako arauak onartzea.

Zuzeneko eta zeharkako zergak

Ondasun edo zerbitzu desberdinak zergapetzen dituzte eta horregatik dira desberdinak.

  • Zuzeneko zergak. Pertsona fisiko edo juridikoen diru-sarrerei ezartzen zaizkie. Zerga gehikorrak dira eta ondorengoei ezartzen zaizkie:
  • Zeharkako zergak. Kontsumoari, salmentei eta kanpo-merkataritzari ezartzen zaizkie. Zerga horien artean garrantzitsuenak BEZ eta zerga bereziak dira, eta berdinak dira Europako Batasuneko herrialde guztietan.

BEZ

Balio Erantsiaren gaineko Zerga (BEZ) kontsumoaren gaineko zeharkako zerga da. Hau da, kontsumo-ondasun edo zerbitzuak izaterakoan ordaintzen dugu. Zergaren ehunekoa produktuaren beharrezkoaren araberakoa da. Esaterako %16 diskoa, %7 etxebizitza, %4 ogia edo beste behar handiko ondasunak. Zenbait produkturi, esaterako tabakoari edo edari alkoholdunei, zerga bereziak ezartzen zaizkie kaltegarritzat jotzen direlako.

Makroekonomia-magnitudeak. BPG eta errenta per capita

Pentsatu al duzu inoiz nola dakien herrialde batek bere ekonomiaren egoera zein den? Hona erantzuna: makroekonomia-magnitudeez eta adierazleez baliatuz.

Familiei, enpresei, merkatuei eta sektore publikoari berari buruzko milioika datu agregatuek argazki bat osatzen dute, eta aurreko urteetako argazkiekin konparatuz, ekonomia nola aldatzen den jakin dezake herrialde batek.

Barne Produktu Gordina (BPG)

Herrialde baten jarduera ekonomikoa neurtzeko zuzeneko informazioa ematen duen magnitudea da Barne Produktu Gordina (BPG). Herrialde bateko ekoizpen-faktore desberdinek denboraldi jakin batean berenganatutako sarreren batuketa eginez lortzen da BPGa, eta euro edo dolar bezalako moneta-unitateetan adierazten da.

Biztanleko errenta (per capita)

Herrialde bateko biztanle bakoitzak sortutako errentaren batez bestekoa da errenta per capita . Bizi-mailaren adierazlea da. Eragiketa hau eginez lortzen da: herri baten ekonomiaren errenta osoa zati herrialdeko biztanle-kopurua. Herrialde edo eskualde baten aberastasunaren banaketa orokorra gainerako herrialde edo eskualdeenarekin konparatuz zein den ezagutzeko modua da.

Euskadiko BPGren eta KPIren bilakaera

Barne Produktu Gordina (BPG)

Azken hogeita bost urteotan, aldaketa handiak gertatu dira Euskadin, industrian oinarritutako ekonomiatik zerbitzatuetarikora pasatuz.

1975ean, 2.075.000 biztanle zeudenean, barne-produktu gordina 3 bilioi pezetakoa zen (18.030 milioi euro), batez ere industriak sortua, biztanleria aktiboaren %50 baino gehiagori ematen baitzion lana sektore horrek.

Hogeita bost urte geroago, eta antzeko biztanle-kopurua badugu ere, BPG bikoiztu egin da ia, eta 5,8 bilioi pezetara iritsi da (34.859 milioi euro), batez ere zerbitzuen sektoreak izan duen gorakadaren ondorioz, izan ere biztanleria aktiboaren %60 enplegatzen baitu.

Iturria: Eustat.

Biztanleria okupatua sektoreen arabera 2002an Euskadin
Nekazari-arrantza 1,76%
Industria 28,39%
Eraikuntza 9,19%
Zerbitzuak 60,66%

Prezioen bilakaera (KPI)

Azken hogei urteotan Kontsumoko Prezioen Indizean izandako bilakaera Estatu espaniarraren antzekoa izan da. Urte arteko tasa %14,98koa zen (%14,43koa estatu espaniarran) 1981ean, eta 2003ko otsailean, berriz, %3,7koa izan da. (%3,8koa estatu espaniarran).

Aldagai horren bilakaeran hau azpimarra genezake: KPIren tasaren igoera apurka-apurka beheratu egin da inflazioa geldiarazteko politiken ondorioz, 1998ko otsailean mailarik txikiena izan zuela (%1,86ko urte arteko tasa), eta geroago igo egin da eta urteko %3 edo %4 inguruan egonkortu egin da.

Gizarte-hedabideak

Gizarte-hedabideek, mass media deiturikoek, munduarekin harremanetan jartzen laguntzen digute, eta gero eta globalagoa den gizarte batera eramaten. Hiritarrek ez dute sekula hainbeste informazio jaso. Gaur egungo hiru hedabide nagusiei esker -prentsa, irratia eta telebista-, baita pixkanaka Interneti esker ere, gaurkotasuna gero eta azkarrago ezagutu dezakegu. Gizarte-hedabideen eginkizuna, informazioa emateaz gain, iritzia sortzea ere bada. Inkestek eta galdeketek argi adierazten dute eragin hori.

Hedabideen eginkizunak eta ezaugarriak

Ezaugarriak

Hedabideak masa-kultura delakoaren sorburu dira, biztanleriaren zati handi batek kultural eta intelektualki erabiltzen dituzten iturriak. Ondorioz, gizarte-egitura homogeneoagoa bilakatzen da. Hedabideen ezaugarriak:

  • Gizarte joera berriak sortzen dituzte, hala nola, jarrera politikoak, arauak, baloreak, modak edo kontsumo beharrak.
  • Publizitatearen erakusleihoa direnez, ekonomia eta merkataritzaren garapenerako tresna ezinbestekotzat jotzen dira.
  • Ideien hartu-emana errazten dutenez, beste kultura eta errealitate batzuk ezagutzeko aukera ematen dute eta, era berean, bertako errealitateak aberastea eta ugaritzea ekartzen dute: herri globala eraikitzen dute.

Eginkizunak

Egoera ideal batean, gizarte-hedabideek gauzatu ahal -eta behar- dituzten eginkizunak hiru dira:

  • Informazioa eman. Teknologia berriak iritsi arte, haiek ziren botere politiko edo judizialen iritzi, kontrol eta albiste-iturri nagusia.
  • Hezi. Hedabideak funtsezko baliabideak dira ezagutza eta kultur gaiak -antzezlanak, literatura, zinema edo musika- geureganatzeko.
  • Atsegin eman. Kirol gertaerak edo gai anitzeko saioak bezalako atsegingarriak hedatzeko bide ordezkaezinak dira.

Hedabideen sailkapena: prentsa idatzia, irratia eta telebista

Prentsa idatzia

Prentsa, adierazpidetzat hitz idatzia duten hedabide orok osatzen dute (argazkiak eta ilustrazioak barne), eta haien euskarri fisikoa papera da. Bi talde nagusi daude:

  • Egunkariak. Egunero kaleratzen dira. Badira bereziak (kirol-egunkariak, esaterako), baina garrantzitsuenak informazio orokorra ematen dutenak dira.
  • Aldizkariak. Hauen kaleratze-maiztasuna aldakorra da, bereziagoak izaten dira eta alderdi grafikoari ematen diote nagusitasuna.

Irratia

Prentsa idatzian ez bezala, irratiak soinua du bere komunikatzeko era. Irrati-hizkera hitzek, musikak eta soinu-efektuek osatzen dute. Horiek uhin elektromagnetikoen bidez hedatzen dira, Hertz uhinak izenekoak.

Uhinen irismen eta fidelitatearen arabera, bi irrati-mota daude:

  • AM irratiak (zabaltasun-modulazioa): irismen handiagoa eta soinu-kalitate txikiagoa dute.
  • FM irratiak (maiztasun-modulazioa): beren irismena txikiagoa da, baina kalitate handiagoa dutenez, estereo eran igortzen dute eta eduki bereziagoak dituzte; arreta berezia jasotzen dute musika-saioek, tokiko informazioak eta entretenigarriek.

Telebista

Gaurdaino telebista dugu hedabide hedatuena eta eraginkorrena, nahiz eta lehiakide sendoa duen Internet, ikus-entzule kopuru handia hartzen baitu. Hala ere, ez da berezko hedabidetzat jotzen.
Telebistak bi ezaugarri bereizgarri ditu: mezuak bidaltzeko sistema aberatsa da (irudia eta soinua elkartuta ulermena errazagoa da), eta hartzaileak kostu ekonomiko txikia du (kanal gehienak dohainekoak dira eta hargailuen salneurria ordaingarria).

Honako hauek bereiz ditzakegu:

  • Telebista irekia. Bere saioetarako sarbidea unibertsala eta dohainekoa da eta edukiak ez dira bereziak. ETB da telebista irekien adibide bat.
  • Ordaineko telebista. Ikusi ahal izateko muga tekniko batzuk jartzen dituzte (kodifikazioa) eta ikusleek hilero kuota ordaindu behar dute. Honen truke, edukiak bereziagoak dira, musikazko kanal tematikoak, dokumentalak, zinema, eta abar.

Hedabideen jabetza eta ikus-entzuleen garrantzia

Hedabideen jabetza

Irrati edo telebista bat diru-inbertsio handia behar duen enpresa da. Era berean, haren jabetzak dakarren eragin politiko eta soziala izugarria da; horregatik deitzen zaie laugarren boterea komunikabideei.

Hedabideen jabeak administrazioak edo finantza-talde nagusiak izaten dira. Telebista publikoen finantziazioa gobernutik eta publizitatetik dator; RNEk, adibidez, ez dauka publizitate-gunerik.

Komunikabide pribatuek komunikazio enpresetan biltzeko joera dute, baliabideak batuz eta haien tokia sendotuz.

Ikus-entzuleak

Hedabideak neurri batean edo bestean publizitatearen diru-sarreren menpe daudenez, irizpide bat behar dute iragarleei tarifak ezartzeko. Irizpide hori ikus-entzuleak dira.

Hori neurtzeko, hainbat metodo erabiltzen dira, hala nola kontrolerako organismoak (esate baterako, OJD izenekoa, hots, “aldizkako argitalpenen zabalkunde eta banaketaren inguruko informazio erabilgarri eta puntuala lortu eta eskaintzea xedetzat duen merkataritza-sozietatea, informazio hori gero iragarleek, publizitate-agentziek, argitaldariek eta interesaturik dauden gainerako pertsona edo erakundeek erabil dezaten”) edota audimetroak bezalako bitarteko teknologikoen bidez egiten diren inkestak.

Egunkari baten nondik norakoak

Egunkariek egitura konplexua dute. Bertan, arlo desberdinetako langile ugari aritzen dira. Kazetariek, dokumentalistek, ekonomilariek, diseinatzaileek, argazkilariek, irudigileek, abokatuek, publizitateko adituek eta banatzaileek hainbat ataletan lan egiten dute azken produktua lortzeko: albistea.

Informazioa hainbat bidetatik iristen da egunkarira: prentsa-oharrak, albiste-agentzietako, testuak, telefono-deiak, Internet edo kazetariaren ikerketa bera.

Nola lantzen da albiste bat?

  • Erredakzioko eguneroko bileran, erredakzio-burutzak erabaki egiten du zein albiste argitaratuko diren eta zein den haien luzera.
  • Ondoren, kazetariek berria ezagutu behar dute, albistea sortu den tokira joanez edo datuak telefonoz informazioa duten pertsonengandik eskuratuz.
  • Albisteak argazki, irudi edo grafikoekin lagunduta agertu ohi dira, berehalakoan ulertu ahal izateko.
  • Osagai guztiak prest daudenean, maketagileek orriak egokitzen dituzte, informazioa (izenburuak, testua, argazkiak) bertan banatu ahal izateko. Honela, irakurleari erakargarriagoa izango zaio.
  • Behin orria eratuta, zuzentzaileak testua berriro begiratzen du, estiloa edo ortografia-akatsak zuzentzeko.
  • Egunkariko zuzendariak edizioa ikuskatu eta ontzat ematen du, inprimatzera eramateko.
  • Orriak errotatiban inprimatzen dira.
  • Ibilgailu-flotak egunkaria kioskoetara eramaten du goizean goiz.

Informazioa eta iritzia hedabideetan

Hedabideek informazioa ematen dutenean, bi alderdi jorratzen dituzte: albisteak hedatzea eta iritziak adieraztea. Lehenengoan zorroztasuna, zintzotasuna eta independentzia funtsezko baldintzak dira. Bigarrenean, hedabideek gizartearen aurrean beren jarrera agertzen dute. Alegia, gizartea erakustetik gizarteko kide izatera igarotzen dira.

Komunikabide baten egiazkotasuna frogatzeko, informazio-lan zorrotzek eta iritzi-ildo koherente eta oinarrituek batera joan behar dute.

Hedabideak eta iritzi publikoa

Mass mediak, iritzi publikoa sortzen duten neurrian, gure bizitzetan eragin handia izatera iritsi dira. Gizartean duten tokia funtsezkoa denez, haien nagusitasuna ere halakoa da.

Garabidean dauden herrialdeetan zurrumurru eta ahoz-ahokoen ahalmena handia da. Herrialde garatuetan berriz, hedabideei esker jendeak besteek pentsatzen dutenaren berri dauka eta bere jarrerak eta usteak sendotu egiten dira. Honela, pentsamoldeak direnak azkenean egia bihurtzen dira.

Eragin izugarri horren adibide dugu, besteak beste, 1938ko urriaren 30ean Estatu Batuetan gertatutakoa: CBS kateak H.G. Wellsen Munduen arteko Gerra igorri zuenean, hain zuzen ere, Orson Welles zine-zuzendariak irratirako eginiko bertsioa. Programa honetan, Wellesek estralurtarrak lurra erasotzen ari zirela kontatzen zuen, entzuleengan hainbesteko zirrara sortuz, benetako istorioa zela uste baitzuten.

Inkestak eta iritzi-azterketak

Lehenengo inkestak merkatu-ikerketak izan ziren, kontsumorako produktu batzuen aurrean biztanleek zein aurretiko jarrera zuten jakiteko. Berehala, argi ikusi zuten metodo hauek iritzi publikoa ezagutzeko balio zutela eta gaur egun inkestetan edozein gai jorratzen da, garrantzizkoenetatik azalekoenetara.

Iritzi-inkesta eratzeko prozesua

  • Inkestaren unibertsoa zehaztu.
  • Lagina aukeratu.
  • Galdera-sorta eratu.
  • Lagineko pertsonak elkarrizketatu.
  • Emaitzak aztertu eta interpretatu.

Inkesta baten fidagarritasuna honako baldintzen araberakoa da:

  • Nork eskatu eta eratzen duen inkesta.
  • Egindako galderen zehaztasuna.
  • Lagineko biztanleak zehazterakoan jarritako arreta.
  • Lagina aukeratzeko metodoa, haren tamaina eta erantzun duen laginaren proportzioa.
  • Elkarrizketak egiteko modua (telefonoa, posta, aurrez aurre).
  • Galdera-sorta egiten den unea.

Oro har, esan daiteke zenbat eta lagin handiagoa izan, orduan eta hutsegite estatistiko txikiagoa egongo dela.

Gizarte-balioak

Ongia, egia, edertasuna, zoriona, bertutea, gizateriaren sorreratik erabili diren kontzeptuak dira; pertsonen eta gizartearen jarrera eta nahiak hauen baitan egon dira. Gizakiek historian zehar balioak nola zehaztu dituzten ikusiko dugu, haien harremana talde-pentsamoldeekin, lege eta ohiturekin, erlijio eta kulturarekin.

Zer dira balioak?

Balioak gizakien ezagutza bideratzen duten irizpideak dira. Balioak erabiltzerakoan, gizakiak lotura bat erakusten du bere taldearen mundu-ikuskerarekin. Honela, gizateria ulertzeko modu bat baieztatzen du.

Balio-sailkapenen adibideak
Balioak Schelerren arabera (1941)
Atseginaren eta desatseginaren balioak.
Bizi-balioak.
Balio izpiritualak: ederra eta itsusia, bidezkoa eta ez bidezkoa,egiaren ezagutza garbiaren balioak.
Erlijio-balioak: saindua eta profanoa. Sailkapen ohikoenak bereizi egiten ditu balio logikoak, etikoak eta estetikoak.
Balioak Frondiziren arabera (1972)
Objektiboak eta subjektiboak.
Behe-mailako balioak: ekonomikoak eta afektiboak.
Erdi-mailako balioak: intelektualak eta estetikoak.
Goi-mailako balioak: moralak eta izpiritualak.
Balioak Rokeachen arabera (1973)
Tresna-balioak edo jokabideekin lotuak: balio moralak.
Balio terminalak, loturazkoak edo izatezkoak: bakea, askatasuna, zoriona edo guztien ona.

Talde-pentsamoldeak

Giza jarduera guztiak, ahozko hizkera eta keinuak barne, taldeko giro mentalari dagozkio. Giro horrek motibazioak erabakitzen ditu, hautespenak eta gure ekintzen ondorioei aurre egiteko modua.

Talde-pentsamoldeak ulertzeko historiaren iturrietan begiratu behar da. Aurreko belaunaldiek utzitakoa gure egungo ekintzak bezain garrantzitsua da.

Talde-pentsamoldeen osagaiak

Talde-pentsamoldeek honako osagai hauek dituzte:

  • Arrazionala. Ideien, filosofiaren eta kontzientzia-esplorazioaren historia kulturala eta intelektuala.
  • Emoziozkoa. Ekintzetara eta erreakzioetara bultzatzen gaituzten afektuak eta erantzunak.
  • Irudimenezkoa. Norberaren burua irudiek sortzen duten barne-mundua da, baina ideia-irudi horiek taldeko beste kideek ere badituzte.
  • Inkontzientea. Buruko prozesuak, kontzientziari ihes egiten diotenak.
  • Jokabidezkoa. Giza jarduera guztiak aztergarri dira, egiten edo esaten denaren arabera.

Balioak lege eta ohituretan

Gizarte bakoitzak kode batzuen arabera ezartzen du bere jokaera; kode horiek legeetatik, erabilpenetatik eta gehienek onartutako ohituretatik datoz, eta berorietan ikusten dira argi eta garbi balioak. Euskal gizarte, bere balio eta legeei buruz hitz egitean, euskal foruez eta bere historiaz hitz egiten ari gara.

Foruak eta Estatutua

Euskal Herrialdeetako eta Nafarroako ohizko usadioak eta ohiturak hasi ziren biltzen foruetan. Hori dela eta, foruak ez ziren sortu bat batean, baizik eta historian zehar, eguneroko bizitzaren arauak bilduz.

Bizkaia, Gipuzkoa eta Araba, Gaztelako Koroan barne hartu zirenean, beren araudiak eta Biltzarrak gorde egin zituzten eta erregeek edo jaunek foruen zina egiten zuten. XIX. mendean zehar euskaldunak bere pribilegioak galduz joan ziren. Gehienek karlisten alde borrokatu zutenez, gerra galtzean, 1876an, foruak derogatuak izan ziren.

Demokraziarekin 1979an, erreferendum bat egin zen eta Gernikako Estatutua onartua izan zen. Bertan, 10. atalean foru-zuzenbidea aintzatetsi egiten da, lurralde historiko bakoitzak bere foru-zuzenbide propioa du.

Erlijioak eta talde-pentsamoldeak

Erlijioek bi alderdiri eman nahi diote erantzuna; batetik, elkarbizitza sozialak dakartzan arazoei eta bestetik, komunitateen mundu-ikuskerarekin lotuta dauden balio etiko eta moralei.

Erlijio gehienen gizarte-doktrinak beren liburu sakratuetan azaltzen diren printzipioetan oinarritzen dira. Kristautasunean, Ebanjelioek printzipio hauen nagusitasuna azpimarratzen dute:

  • Pertsonaren duintasunaren errespetua.
  • Lagun hurkoa maitatzea da elkarbizitzaren oinarria.
  • Ororen ongia eta gizarte-justizia dira agintarien erreferentzia.

Gizarte-balioak literaturan eta zineman

Irakurketak ikasteko, adimena garatzeko eta entretenitzeko balio du. Gainera, liburuen orrialdeetan gizarte eta garai baten balioak islatzen dira.

Aro Modernoan, literaturak erabateko eragina izan zuen. Europako herrien identitate-sentimendua eratu zuen, haien irudi koherentea sortu, eta talde egitasmoak ernarazi zituen.

Zinemak balioen igorpenean eragin handia du.

Literatura berebiziko irudi sortzailea izan da. Aipatu beharrekoa da antzerkia, mende luzeetan garrantzitsua izan baitzen herrien talde-izpiritua osatzeko. Arrazoia, XIX. mende bukaeran arte-irakurmena gutxiengo kulturadun baten trebetasuna zen. Gainera, antzerkia taldean gauzatzen den kontsumoa da; irakurketa, ordea, bakarkako egintza da.

XX. mende erdialdetik aurrera, irudia (zinema eta telebista) hitz idatziari nagusituko zaio, eta bera izan da gizarte-balioen erakusle eta sortzailea. Baliabide honek samarra dugun arren, balioak adierazteko euskarri sendoa da, jende ugarirengana iristen baita.

Zinemak, arteari dagokionez, hainbat helburu lor ditzake: olerkiaren sakontasuna lortu, pinturaren irudi estatikoa eskaini, eskulturaren hiru dimentsioak azaldu, arkitekturaren habitata ezarri, eleberriaren elkarrizketa eta antzerkiaren mugimendua erakutsi.

Gizarte-balioak arte plastikoetan

Arteak, giza jarduera bat den aldetik, hiru eginkizun ditu:

  • Adierazlea: egilearen munduan egoteko modua erakusten du.
  • Ulerkorra: mundua ezagutzeko eta azaltzeko bitartekoa da.
  • Komunikatzailea: egileak bere lana gizartean ezartzen duenean, lotura sozial bat sortu nahi du.

Eduardo Chillidaren Haizearen Orrazia. Donostia.

Artelanak balioak sortu eta adierazten ditu, baina bere kalitatea eta edertasuna ez dira nahitaez moralitatetik epaitu behar. Besteen artean, Gaudiren eraikinak, Txillida edo Oteizaren eskulturak gizaki guztion ondasunak dira, eta haien edertasuna guztiongana iritsi daiteke.

Norberaren balioak eta balio unibertsalak

1993ko Vienako Konferentzian zailtasun hau ikusi zuten: balio eta eskubide unibertsalak zehaztea eta ezartzea etikoa ote zen, herrialde baten garapen mailari eta bere ohitura eta kultur balioei begiratu gabe. Balioen arteko talka honen erantzuna elkarrizketaren bidez lortu behar da.

Gizartearen arazoak aztertzen direnean, kultur balio zehatzak eremu zabalago baten barruan kokatu beharko lirateke, unibertsalagoak diren printzipioetan murgiltzeko, hala nola, humanismoa, demokrazia, elkartasuna, ekologia, bakezaletasuna eta tolerantzia.

Beraz, heziketa-prozesuetan honako hauek egon beharko lukete:

  • Injustizia-egoerak atzeman, interpretatu eta kritikatu.
  • Elkarbizitzarako esparrua eraiki, tolerantzian eta arrazoimenean oinarrituta.
  • Ekimenak proposatzea, pertsonarentzat eta taldearentzat bidezkoagoak diren bizimoduak ezartzeko.

Eboluzioa eta gizarte-aldaketa

Egokitzapen beharren eta hominidoen eboluzioaren ondorioz, orain dela 100.000 urte inguru Homo sapiens sortu zen, hau da, gaurko gizakiaren zuzeneko arbasoa. Ordutik hona, gizakiaren eboluzioa begi-bistakoa da: ikuspuntu biologiko edo kulturaletik ez ezik, gizarte ikuspegitik ere aztertzen den prozesua. Gizakiak gizartean betetzen duen eginkizuna ulertzeko funtsezkoa da horren egitura ezagutzea, bai eta gizarte-erlazioen arauak, gizarte-aldaketaren eragileak eta gizarte eta belaunaldien arteko gatazkaren teoriak ere.

Gizarte-egitura. Funtsezko oinarriak eta gizarte-aldaketa

“Egitura” hitzaren zentzua “egin” eta “eraiki” kontzeptuei lotuta dago, baina baita osotasun baten zatien eraketa-moduari ere.

Gizarte-egituraren funtsezko oinarriak hiru dira:

  • Elkartasuna. Gizarte-egituraren osagaiak elkarri lotuta daude elkartasun fenomenotzat. Alegia, horietako bakoitza gainerakoen menpe dago, eta bakoitza zer den besteekiko harremanean eta harremanagatik baizik ez da ulertzen.
  • Sintesia. Egitura bakoitzak unitate eta integrazio gisa du zentzua. Horrela, osagai bat aldatzen denean, egitura egokitu egiten da unitatea kaltetu ez dadin.
  • Oreka. Gizarte-egitura bat osatzen duten osagai guztien artean, nolabaiteko oreka dago, egitura horri existitzen laguntzen diona. Hori bai, oreka hori aldi baterakoa da beti. Luze iraun dezake, baina inoiz ez da behin betikoa izango, eta izaera aldakorra du.

Gizarte-egiturak nolabaiteko arauak izaten ditu, egitura formala ere deritzona, eta betebehar eta eskubideen multzo gisa uler daitezke, hau da, gizarte baten antolaketaren oinarri gisa.

Gizarte-egituraren osagaiak. Benetako egitura eta egitura formala

Benetako egitura. Eguneroko bizimodua dela esan daiteke, horren bitartez kolektibitate bateko partaideak posizio edo estatus sozial desberdinetatik igarotzen baitira (adibidez, seme-alaba izatetik guraso izatera, ezkongabe izatetik ezkondua izatera).

Egitura formala. Posizio sozial horietako bakoitzari dagozkion gizarte-betebehar eta eskubideen sistema. Denboran iraun eta indibiduoen arteko harremanak bideratzen dituen arau, erregela eta ohituren multzoa da.

Historian izan den antropologo garrantzitsuenetakoa izan den Alfred Reginald Radcliffe-Brownek dioenez, egitura formala aurkitzeko egin beharreko lehendabiziko gauza gizarte batean dauden talde desberdinak identifikatzea da; adibidez, ahaidetasunaren arabera antolatutako taldeak.

Ondoren, haien arteko harremanak ezagutu behar dira haien portaera arauetatik abiatuta, eta haien baitan ezarritako gizarte-kategoriak adierazi behar dira (adibidez, senar, emazte, seme-alaba, osaba-izeba eta abarri buruzko estatusa), horietako bakoitzari egotzitako betebehar eta eskubideak zehaztu ahal izateko.

Eta, azkenik, pertsonek arau horiei jarraituta nola jokatzen duten aztertu behar da.

Gizarte-aldaketaren eragileak

Gizarte gehienek oreka eta ordena soziala gordetzeko joera izaten dute. Horretarako, harreman-sistema bat garatzen dute, eta horren bitartez taldeak eta indibiduoak elkarlanean aritzen dira, kohesioari eutsiz, beharrak asebete eta gizartean adostutako bide eta arauei jarraituta gizarte-gatazkak konponduz.

Hori horrela izanik ere, gizarte-aldaketa saihestezina da. Gizarte guztiak eraldaketa-prozesu batean murgilduta daude, eta hori azkartu egin daiteke eta faktore desberdinek eraginda egon daiteke:

  • Demografikoa. Biztanleriaren tamainan edo osaeran aldaketa adierazgarria gertatzen denean jazotzen da: aldaketa horrek gizarte-egiturari eragin eta eraldatu egiten du.
  • Kulturala.
  • Teknologikoa. Gaur egun eragilerik garrantzitsuenetakoa da, teknologia etengabe aldatzen baita.
  • Ideologikoa.

Gizartearen aldaketa-motak

Gizarte-aldaketa baten abiaduraren arabera, lau mota bereiz daitezke:

  • Deribatua. Gizartearen aldaketa-motarik geldoena da. Gizaki garaikideentzat ia ezinezkoa da antzematea. Aldaketak pilatu egiten dira: berez oso txikiak eta garrantzi gabeak dira, baina berrikuntza ekartzen dute emaitza gisa.
  • Bilakaera. Denboran pixkanaka eguneratzen da, eta horrela gizarteak ez du gehiegizko aldaketarik jasaten. Gizarte malgu eta irekietan gertatzen da; haietan gizarteko talde desberdinen nahiei eta iritziei erreparatuta gauzatzen da kontrol soziala.
  • Iraultza. Gizartean dauden erakunde eta antolakundeekiko haustura dakar, eta bat-batean haien ordez beste batzuk eratzen dira. Norabide bikoitzean jokatzen da orduan: aurreko antolaketa suntsitzea eta beste bat sortzea. Politikaren arloan, antzinako erregimenaren ordez berri bat eratuko litzateke. Horren adibide argia Frantziako Iraultza da.

Gatazkaren teoriak. Gizarte-gatazka eta belaunaldi-gatazka

Gizarte-gatazka

Gizarte gatazkak ageriko borroka kolektiboa dira, ondorio politiko, ekonomiko edo sozialekin, eta partaide edo eragileetako batek bere borondatea bestearen iritziaren aurka inposatu nahi (edo inposatzen) duen neurrian existitzen da.

Teoriak

Tradizio marxistak dioenez, ekoizpen-harreman sozialen izaera kontrajarriaren ondorioa da gatazka.

Tradizio marxistaren laburpen-taula

Horrela, historian izandako gatazka sozialak klase-gatazkak dira azken finean, eta ekoizpen-bideen jabetzak edo ez-jabetzak definituak dira. Antolaketa politiko, ekonomiko edota soziala eraldatzen duen iraultzan amaitzen dira gatazka horiek.

Ideia horren kritikarik handiena Dahrendorfek egin zuen. Izan ere, bere ustez teoria marxistak gehiegi errazten du gaia, ikuspuntu ekonomikotik bakarrik aztertzen baitu.

Bestetik, Durkheimek honela definitzen du gatazka soziala: elkartasun sozialaren ahultasunaren ondorio patologikoa da, lankidetzaren ordez lehiakortasuna ezartzen duena.

Duela gutxiko korronteetako batek, funtzionalismoak, gatazkaren ekarpen positiboak azpimarratzen ditu, batez ere eragindako talde sozialak gizarteratzeari eta horrek berarekin dakarren aldaketa-eraginari dagokienez.

Belaunaldi-gatazka

Gatazka sozial berri samarra da, batez ere bizi-itxaropena eta azken garaietako eraldaketa sozial eta ekonomikoak areagotzearen ondorioz sortua.

Horrela, belaunaldien arteko harremanak nabarmenki aldatu dira. Antzinako sisteman elkartasun naturalik bazen: seme-alabek gurasoek ezarritako arauak onartzen zituzten inolako zalantzarik egin gabe. Bizi-itxaropen laburraren emaitza, negozio eta lanbideak modu naturalean gurasoengandik seme-alabengana pasatzea zen.

Gaur egun hori guztia aldatu egin da. Gurasoak seme-alabez arduratzen dira, posible diren erosotasunak erraztuz, heziketa eskainiz, bizimodu laboral eta pertsonalean lagunduz…, baina jadanik ez diete agintea ematen. Izan ere, bi belaunaldiak denbora luzez bizi dira elkarrekin.

Era berean, etengabeko aldaketa iraunkorrek eta aurrerapen teknologiko azkarrek, balioak, jarrerak eta ezagupenak berehala zaharkituta geratzea berekin dakarte. Horren ondorioz, seme-alabek etengabe zalantzan jartzen dute gurasoen irakaspena. Egoera horrek bien arteko hesi izugarria egotea eragiten du.

Inkestak eta iritzi-azterketak

Soziologiak aldaketa sozialak, egitura sozialaren bariazioak eta gizarte baten gatazka-motak aztertu ahal izateko, funtsezko erreminta batez baliatzen da: inkestak.

Inkesta ikerketarako metodoa da, eta indibiduoengandik edo antolakundeetatik zuzenean informazioa lortzea du helburu. Izan ere, haiei galdetzen zaie ikergai garrantzitsuez, helburu horretarako berariaz diseinatutako galdetegi bati jarraituta.

Biztanle guztiei egin dakieke inkesta, asko ez badira, edo, bestela, lagin adierazgarri bati. Inkesten helburu nagusia banakako erantzunetatik ondorio orokorrak ateratzea da.

Inkesta bat egiteko, ondoko hauek beharrezkoak dira:

  • Datuak lortzeko eremua mugatzea.
  • Galdetegia zehaztea (galdera irekiak edo itxiak). Galderak inkesta-motaren arabera alda daitezke: jendaurrekoa, telefono bidezkoa edo posta bidezkoa.
  • Galderak egingo zaizkion lagina mugatzea (biztanleriaren zatia).
  • Galdetegiak ematea.
  • Emaitzak dekodetzea eta aztertzea.
  • Estatistikak ateratzea (ehunekoak).

Euskadin, EUSTAT dugu inkesta eta iritzi-azterketez arduratzen den organismo ofiziala.

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out / Change )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out / Change )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out / Change )

Google+ photo

You are commenting using your Google+ account. Log Out / Change )

Connecting to %s




Follow

Get every new post delivered to your Inbox.

%d bloggers like this: